- Circular economy
- Ecodesign
Ihobek enpresak bilatzen ditu 50 gazte praktiketan hartzeko, ekonomia zirkularreko proiektu berritzaileetan
Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Novia Salcedo Fundazioaren lankidetzarekin, gazte-enplegua berraktibatzeko plan bat abiatu du, euskal ekonomia Covid-19aren krisiaren ostean suspertzeko; horren baitan, bekak emango dizkie 50 gazteri praktikak enpresetan garatzeko, ekonomia zirkularreko proiektu berritzaileetan.
Beka-programa hau gazte-enplegua berraktibatzeko planarean baitan sartzen da, euskal ekonomia Covid-19aren krisiaren ostean suspertzeko.
Programak bi helburu ditu: batetik, EAEko enpresen posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektu berritzaileak abian jartzen laguntzea enpresei, eta, bestetik, lizentziatutako gazteen enplegagarritasuna eta integrazioa hobetzea lan-munduan.
Eta horretarako:
- Euskadiko 50 gaztek praktikak egin ahal izango dituzte programan parte hartzeko prest dauden EAEko enpresatan.
- Ekonomia zirkularrarekin lotutako erronka berriei aurre egingo dieten proiektuak garatzera eta horiek EAEko enpresetan aplikatzera bideratuta egongo da programa.
- Bai parte hartzen duten gazteek bai enpresek prestakuntza jasoko dute ekonomia zirkularrerako jarduera-eremu berrien eta gai jakinen alderdi tekniko eta metodologikoei buruz. Prestakuntza aurrez aurrekoa, telematikoa edo mistoa izan daiteke, prestakuntza-premien arabera.
- Enpresako proiektuak 2020/09/01etik 2020/12/31ra bitartean egingo dira, 4 hilabeteko iraupenarekin, egunean 7 orduko jarduna izanda.
- Proiektuak garatzen diren bitartean, bai parte hartzen duten gazteek bai enpresek jarraipen eta aholkularitza pertsonalizatua izango dute landutako gaietan adituak diren teknikarien eskutik.
- Programak Eusko Jaurlaritzako Gazteria Sailaren finantzaketa du (parte hartzen duten gazteen beken zenbateko osoa bere gain hartzen du), bai eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketarako Sozietate Publikoarena ere, zeinak bere gain hartzen baititu proiektuetako tutorizazio- eta irakaste-kostuak. Novia Salcedo Fundazioa arduratzen da programa kudeatzeaz, bai eta bekadunaren Gizarte Segurantzako kotizazioko altak eta bajak kudeatzeaz ere, praktikaldian zehar.
- Parte hartzen duten enpresek tutorea enpresan prestatzeari dagokion partida baino ez dute ordaindu beharko (400 +BEZa), eta hobaria jaso ahal izango dute Fundae-ren bidez. Tutoreak prestakuntza hori aurrez jaso badu Novia Salcedo Fundazioan, ez da beharrezkoa izango berriro egitea.
Programan parte hartzeko interesa duten enpresek formularioa betez izena eman dezakete.
Source: Ihobe