Skip to main content
02 mar 2022
  • Ecodesign

Eco Rating, Ihobek garatutako ingurumen-ebaluaziorako metodologia, hiru kontinenteko smartphoneetan aplikatzen da gaur egun

Eco Rating, Ihobek garatutako ingurumen-ebaluaziorako metodologia, hiru kontinenteko smartphoneetan aplikatzen da gaur egun
Kalkuluen arabera, 3.500 milioi pertsonak –munduko biztanleriaren ia erdiak– smartphone bat erabiltzen dute egunero, eta mugikor horiek fabrikatzeak lehengai eskas ugari erauztea dakar, hala nola urrea, kobaltoa edo litioa. Gainera, gailu baten bizitza baliagarrian isurtzen diren berotegi-efektuko gasen % 80 ekoizpen-fasean sortzen dira.

Etiketatze horri esker, kontsumitzaileak ingurumena gehien errespetatzen duten mugikorrak identifikatu eta konparatu ahal izango ditu

Zorionez, telefono mugikor adimendunen kontsumitzaileak gero eta kontzienteagoak dira produktu horiek ekoizpenari, erabilerari eta garraioari dagokienez izan dezaketen ingurumen-inpaktuaz, eta gero eta gehiago interesatzen zaie erabilera jasangarriago bat laguntzeko eta bultzatzeko modeloa aukeratzea. Ekarpen hori errazteko, adierazle bat behar dute, telefono mugikorrak ekoizteko, garraiatzeko, erabiltzeko, ezabatzeko edo birziklatzeko prozesu guztien ingurumen-inpaktua zorroztasunez eta objektiboki ebaluatzen duten metodoetan oinarrituta dagoena.

Helburu horrekin, Europako telefonia mugikorreko operadore nagusietako bostek (Deutsche Telekom, Orange, Telefónica, Telia Company eta Vodafone) beren indarrak batu dituzte etiketatze-sistema berri bat eguneratzeko eta martxan jartzeko industria osoan: Eco Rating metodoa. Metodo berri horrek aukera ematen die erabiltzaileei ingurumena gehien errespetatzen duten mugikorrak identifikatu eta konparatzeko, eta, era berean, fabrikatzaileak animatzen ditu beren gailuen inpaktu ekologikoa murriztera.

Eco Rating metodologia industriaren ezagutzetan eta ingurumen-etiketatzeko aurreko ekimenetan jasotako jardunbide egokienetan oinarritzen da, eta Ihoberen eskutik garatu da, Ekodiseinuan eta Bizi-zikloaren analisian espezialistak diren euskal enpresen laguntza teknikoaren bidez. Proiektuan terminalen fabrikatzaileek ere parte hartu dute, eta Europar Batasunaren arau eta gidalerro aurreratuenak baliatu dira (UIT-T, ETSI eta ISO).
ecorating-eus


Gailuen fabrikatzaileek emandako informazioan oinarrituta, ebaluazioa 13 ingurumen-adierazle eta materialen efizientziaren 6 irizpide konbinatuz egiten da, gailu bakoitzerako puntuazio bakarra lortzeko. Horiek guztiak Bizi Zikloaren ebaluazio koherente batean oinarritzen dira, modu ekitatiboan eta objektiboan.

Ingurumen-jardunerako Eco Rating puntuaziorik altuena 100ekoa da; horrela, zenbat eta gertuago egon 100eko puntuaziotik, orduan eta hobea izango da gailuaren ingurumen-errendimendua. Gainera, etiketatze-sistema berri honek bost arlo nagusiri buruzko orientabideak eskaintzen ditu:
  • Iraunkortasuna: sendotasuna, bateriaren iraupena eta gailuaren eta haren osagaien berme-aldia ebaluatzen ditu.
  • Konpongarritasuna: gailua konpontzeko erraztasuna hartzen du kontuan, telefono mugikorraren diseinua eta produktuaren bizitza baliagarria areagotu dezaketen ekintza osagarriak barne, konpontzeko, berrerabiltzeko eta eguneratzeko potentziala erraztuz.
  • Birziklagarritasuna: gailuaren osagaiak behar bezala birziklatu ahal izateko desmuntatzeko eta bereizteko aukera ebaluatzen du, bai eta terminal bakoitzaren desmuntatzeko informazio erabilgarria ere.
  • Klima-efizientzia: gailuari bizi-ziklo osoan zehar lotutako berotegi-efektuko gasen isuriak hartzen ditu kontuan. Zenbat eta puntuazio handiagoa, orduan eta klima-inpaktu txikiagoa.
  • Efizientzia baliabideen erabileran: gailuaren fabrikazioan erabilitako lehengaien kontsumoak baliabideen ahitzearekin alderatuta duen inpaktua baloratzen du; esate baterako, osagai elektronikoen fabrikazioan erabilitako urrea. Zenbat eta puntuazio handiagoa, orduan eta inpaktu txikiagoa planetako baliabideen ahitzean.

Eco Rating zigilua erraz ezagutzeko modukoa da, eta kontsumitzaileei informazio koherentea eta zehatza eskaintzeko diseinatua dago, telefono mugikor jasangarrienak identifikatzen eta konparatzen lagunduz. Telefoniako operadore bakoitzak zigilua erakutsiko du gailuaren informazioan.

2021ean, ekimen hau martxan jarri zen Europako 24 herrialdetan. Gaur egun, Europako, Latinoamerikako eta Afrikako beste herrialde batzuetara zabaldu da. Orain arte, 16 fabrikatzaile globalen babesa du –besteak beste, Samsung, Xiaomi, Oppo eta HMD/Nokia–, eta 150 gailuk baino gehiagok daukate.

Herritarrek gero eta gehiago eskatzen dituzte ingurumena errespetatzen duten produktuak, eta, Eco Rating bezalako ekimenekin, Euskadik mundu mailako bere lidergoa erakusten du ingurumen-ezagutza aurreratuko tresnak garatzen gure aztarna ekologikoa murrizteko.

Source: Ihobe

You may also be interested in

24 feb 2025
  • Circular economy
  • Ecodesign
Basque Circular Summit 2025, the largest conference on the circular economy in southern Europe, confirms leading speakers with almost all the places already taken up
15 jul 2024
  • Ecodesign
  • Environmental communication
A score of top-tier professionals on the discussion panel at the Environmental Communication School 2024 in September
30 may 2024
  • Soil protection
  • Waste
  • Ecodesign
Ihobe joins World Environment Day with a big litter picking event in the Ekoetxea Network natural spaces
29 may 2024
  • Ecoinnovation
  • Circular economy
  • Ecodesign
The Basque Country will once again host the largest circular economy event in southern Europe in April 2025