- Local public action
Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sareak hogeigarren urteurrena ospatuko du 200 bat udalerri, eskualde eta toki-erakunderekin
Iñigo Urkullu lehendakaria EAEko 200 bat alkaterekin eta EAEko eskualdeen eta udalaz gaindiko erakundeen ordezkariekin bilduko da hurrengo astelehenean (hilak 12), Donostian, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen 20. urteurrena ospatzeko. Tokiko jasangarritasunaren arloko Estatuko udal-sare sendoenetako bat da Udalsarea 2030.
Honako hauek ere izango dira aipatutakoekin batera: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia; Donostiako alkate Eneko Goia; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ingurumen-departamentuetako foru-diputatuak, Josean Galera, Amaia Antxustegi eta José Ignacio Asensio, hurrenez hurren; EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkaria Koldobike Olabide eta Udalsarea 2030 osatzen duten udal-ordezkarietako 200 bat.
Sare hori hurrengo lau urteetan zuzenduko duen ekintza-plan berria eta Europa jasaten ari den krisi energetikoaren eta klimatikoaren testuingurua hizpide izango dituzte ekitaldian. Bertan izango da, halaber, Ramon Gras, Harvard Unibertsitateko Hirigintzako eta Hirien Zientziako ikertzaile, Aretian Urban Analytics and Designen sortzailekide eta hirien diseinuaren arloko aditua.
Source: Ihobe