- Local public action
Udalsarea 2030ek meatzaldeko eta ezkerraldeko udalerriak elkartu ditu Ekoetxea Meatzaldean eskualdeko topaketa batean
Udalsarea 2030ek Meatzaldeko eta Ezkerraldeko udalerrien eskualdeko topaketa egin du, eta Santurtzi, Sestao, Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Trapaga eta Zierbenako ordezkari politikoek eta teknikariek hartu dute parte.
Udalerriek legegintzaldi honetarako lehentasunezko ildoak azaldu dituzte, eta Udalsarea 2030en esparruan lankidetzarako beharrak eta aukerak planteatu dituzte.
Udaletako ordezkariek eskertu egin dute topaketa, eta interesa agertu dute ekonomia zirkularrerako hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko 7/2022 Legetik eratorritako alderdien aurrean (sortzeagatiko ordainketa-tasa, ordenantzak eguneratzea, hondakinen planak egitea, amiantoaren udal erroldak egitea
).
Beren hitzaldietan agerian utzi dute klima eta energia gaiak lantzen ari direla, bai arintzeari bai egokitzeari dagokienez, plangintzatik (plan integralak) eta azken urteetan proiektuak gauzatzetik abiatuta.
Udalerri handienak bat etorri dira, batez ere, jasangarritasunaren arloan toki-erakundeek dituzten behar eta betebehar guztiei aurre egiteko giza baliabiderik ez dagoela eta ingurumenaren arloan teknikariak izateko beharra dutela esatean.
Ekoetxea Meatzaldean (Abanto-Zierbena) egindako topaketa horretan, Udalsarea 2030en lan-ildo nagusiak aurkeztu dira, arlo hauetan: klima eta energia, ekonomia zirkularra eta bioekonomia, erosketa eta kontratazio berdea, lurzoruaren babesa, hondakinen prebentzioa eta kudeaketa, zero kutsadura eta osasuna, eta toki-erakundeei eskainitako zerbitzuak, tokiko ekintza jasangarria eta Euskadiko tokiko 2030 agenda bultzatzeko.
Azkenik, Abanto-Zierbenako Udalak Peñucas auzoaren hirigintza arloko berroneratzea izeneko proiektua aurkeztu du. Proiektu horren lanak 2024ko urtarrilean hasiko dira, eta Meatzaldeko eta Ezkerraldeko gainerako udalerrien esperientzia inspiratzailea izan daiteke. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak auzo hori zaurgarri izendatu ondoren, Udalak hirigintza-birgaikuntzari ekiteko bi laguntza-programa (Berpiztu eta Next Generation) bereganatzeko aukera izan du. Proiektuaren helburu nagusia da auzoaren irisgarritasuna eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea, eta eraikinen energia-birgaitzea eta irisgarritasuna hobetzea. Jarduketen artean hauek nabarmentzen dira: irisgarritasuna egokitzea eta igogailuak jartzea, energia-eraginkortasuna eta autokontsumoa hobetzea, eta ingurumena eta bizigarritasun-baldintzak hobetzea.
Era berean, OpenGelak (auzo-bulegoa) proiektu konplexu honetan duen zeregina nabarmendu da. Proiektu horren eginkizun nagusia auzotarren eta jabeen erkidegoen kontsulta guztiei erantzutea da.
Source: Ihobe