08
jul
2024
- Ecodesign
- Environmental planning
- Climate change
Ihobek bat egin du EiTBrekin klima-aldaketak Euskadiko itsasertzean dituen eraginei buruzko ikuspegi integrala eskaintzeko
Ihoberen Klima360 kanpaina
Ihobe.eus/klima360 mikrogunearen bidez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak hainbat erreminta, tresna eta aplikazio erakutsiko ditu herritarrek ekintza klimatikoan lagundu dezaten. Ihobek pertsonen konpromisoa sarituko du haien EKO keinuen arabera, eta zetazeoak ikusteko zeharkaldi bat zozketatuko du, parte-hartzaileen eguneroko ekintza-proposamen onenen artean, beste sari batzuez gainera.
Euskadiko 10 hondartzatan gauzatuko den Ihoberen sentsibilizazio-ekintza eguneroko keinu txikien bidez herritarren konpromisoa lortzen saiatuko da
Ihoberen Kostaegoki bisorean eskuragarri dauden datuen arabera, kalkulatzen da itsasoa 26 cm igoko dela 2050. urtean, eta itsasoaren maila 51 cm eta 1 m artean igoko dela 2100. urtean. Igoera horrek 2050ean hondartzen % 20 galtzea eta 2100. urtean % 40 eta 60 artean galtzea ekarriko luke. Era berean, urak har ditzakeen eremuak gehitzeak 15.000 pertsonari eragingo dio 2050. urtean. Ebidentzia zientifikoek erakusten dute klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina, bai eta isurketak arintzeko eta lurraldea egokitzeko neurriak bultzatzeko beharra ere, Euskadin aurreikusitako ondorioei aurre egiteko. Ihobek hainbat proiekturen bidez laguntzen du ekintza klimatikoan, eta, besteak beste, Life Urban Klima 2050 eta Regions4Climate proiektuek natura-ingurunea egokitzeko jarduerak garatzen dituzte itsasoaren eraginetatik babesten gaituzten hondartzak, landaredia edo padurak zaintzeko.
Surfing360
Ihoberen sentsibilizazio-kanpainak konpromiso zehatzak hartzen dituzten pertsonentzako sariak aurreikusten ditu, eta EiTBren Surfing360 esperientziaren barruan ekintza osagarri bat da. Parte hartzen duten pertsonek telebistako programako munduko olatu onenez gozatzeko aukera izango dute, errealitate areagotuko esperientzia bati esker. Euskal kostaldean kokatutako ikus-entzunezko ekimen erakargarri honen ikuspegi integrala aukera ezin hobea da herritarrek klima-aldaketaren ondorioekiko bereziki sentikorra den ingurunea zaintzeko konpromisoa har dezaten.
Source: Ihobe