Skip to main content
22 nov 2022
  • Local public action
  • Climate change

Evek eta Ihobek udal-eremutik klimaren eta energiaren trantsizioari aurre egiteko laguntza-programak aurkeztu dituzte Barakaldon

Evek eta Ihobek udal-eremutik klimaren eta energiaren trantsizioari aurre egiteko laguntza-programak aurkeztu dituzte Barakaldon

Bertaratuek bat egin dute berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin

Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri Bizkaiko eskualdeetako ingurumen-arloko hogei ordezkari instituzional eta tekniko inguru Barakaldon izan dira gaur, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoaren ‘Erreminta-gida’ programaren aurkezpenean. Programa horren helburua da tokiko administrazioen eskura hainbat laguntza jartzea, udalek eta mankomunitateek energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren alorrean aurrera egiteko. Ekitaldian zehar bertaratuek bat egin dute "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainarekin, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainarekin, alegia.


Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Ihobeko Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendari Mari Mar Alonsok tokiko eragileek krisi klimatiko eta energetikoari aurre egiteko palanka gisa izan dezaketen zeregin garrantzitsua azpimarratu dute. “Etorkizuneko energia-kontsumoa zehaztuko duten oinarrizko gaietan funtsezko eragilea zarete, bai eta gure hiriak nolakoak izango diren edo mugikortasuna nolakoa izango den ere”, adierazi du Ansolak, eta gogorarazi du tokiko administrazioak, halaber, jasangarritasun energetikoaren arloko betebehar batzuk dituela– eraikinetan 2030erako kontsumoak %35 murriztea eta energia berriztagarrien %32 lortzea, besteak beste–.

Aipatutako arloetan trantsizioari aurre egiteko udalek eta mankomunitateek izan ditzaketen laguntza-tresnen multzoa biltzen duen ‘Erreminta-Gida’ aurkezteaz gain, jardunaldiak Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin berriki lortutako akordio bat ezagutarazteko ere balio izan du. “Akordio honi esker, klima-aldaketa eta trantsizio energetikorako hogeita hamar teknikari kontratatuko ditugu urtebetez”, adierazi du Mari Mar Alonsok, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren Arloko zuzendariak.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek prestatutako gidak Euskadin energia aurrezteko Kontingentzia Planean jasotako ekimenetako bati erantzuten dio, eta klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko aukera ere ematen du, Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailean larrialdi klimatikoa deklaratu ondoren.

Gaur Barakaldon izandako bilera BIC Bizkaia Ezkerraldean egin da, eta eskualdeko aurkezpen batzuen barruan kokatzen da.

Aurkezpen horiek, azarotik 2023ko otsailera bitartean, EEEk eta Ihobek egingo dituzte Euskadiko eskualde guztietan, udal, mankomunitate, kuadrilla, garapen-agentzia eta landa-garapeneko elkarte guztiei jakinarazteko tokiko administrazioek energia- eta klima-arloko ekimenak garatzeko eskura dituzten euskarriak eta laguntzak.

Source: Ihobe

You may also be interested in

21 apr 2026
  • Climate change
The Basque Country is hosting the European meeting of LIFE projects on climate action
15 dec 2025
  • Climate change
Spending on the Energy Transition and Climate within the Budget of the Basque Country is on an upward trend
21 nov 2025
  • Climate change
  • Adaptation
The Basque Country’s work on climate change adaptation will be featured in a new BBC series to be unveiled today at COP30 Brazil
10 nov 2025
  • Climate change
The COP30 climate summit kicks off in Brazil, seeking more funding and action from states