Skip to main content
20 feb 2021
  • Environmental planning
  • Biodiversity

Euskadiko Lehorreratze Sareak 30-40 lehorreratzeei erantzuten die urtean

Euskadiko Lehorreratze Sareak 30-40 lehorreratzeei erantzuten die urtean

Euskadiko Lehorreratze Sarea boluntario zientifikoez osatuta dago, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean lehorreratzen diren zetazeoei, itsas txakurrei, marrazoei eta itsas dortokei laguntzeaz arduratzen da. Horrez gain, kostaldeko uretan eta itsasertzean agertzen diren espezieen informazioa jasotzen du, eta informazio hori, gero, Naturaren Informazio Sistemetan biltzen da.

AMBAR itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkarteak 20 urte daramatza euskal kostaldeko lehorreratze-sarea zenbait helbururekin mantentzen, hala nola itsas fauna (batez ere ugaztunak) epe luzean ezagutzea, boluntarioak eta interesdunak prestatzea, ingurumen-sentsibilizazioa eta -hezkuntza, edo lehorreratzeen arloko kudeaketa eta aholkularitza.

Lehorreratze-sarea mantentzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta AMBAR elkarteak 2017an hasitako lankidetzari eta egindako hitzarmenari esker, elkarteak boluntario-sare sendoagoa eta egonkorragoa lortu du, eta, hartara, irisgarri dauden lehorreratze guztietan edo ia guztietan laguntzen duen sare sendo bihurtu da; izatez, ia bikoiztu egin dira erantzuna jasotzen duten lehorreratzeak.




Horrez gain, zetazeoen eta itsas txakurren begiztatzeei eta lehorreratzeei buruzko datu primario guztiak bildu eta normalizatu dira, 90eko hamarkadaren erdialdetik gaur egunera arte. Horri esker, euskal kostaldeko itsas ugaztunen espezieen egoera ezagutu ahal izateko informazio fidagarria izaten hasi gara.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Sailburuordetzak du natur ondarea babesteko eskumena, baita basa-faunako eta basa-florako habitaten eta espezieen jarraipena egiteko eta Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema kudeatzeko eskumena ere. Itsas ugaztunek oso informazio baliagarria ematen dute kontserbazio-neurriak diseina daitezen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean lehorreratzen diren zetazeoei eta itsas txakurrei laguntzea.

Lehorreratze Sarea 112 (SOS Deiak) zerbitzura egindako dei batekin aktibatzen da. Itsas animalia bat hondartzan lehorreratuta aurkitzen duen orok 112ra deitu besterik ez du egin behar, eta AMBAR elkarteko boluntarioak martxan jarriko dira egoera baloratu eta jarraitu beharreko urratsak erabakitzeko.

2020ko DATU OROKORRAK




Urtean 30 eta 40 lehorreratze inguru gertatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean, abendutik apirilera bitartean batik bat. Izan ere, haizeak eta denboraleek eragina dute animaliak kostaldera iristean. Donostian, Zarautzen eta Zumaian (Gipuzkoan) eta Getxon eta Sopelan (Bizkaian) gertatzen dira lehorreratze gehien.

Batzuetan Lehorreratze Sareak marrazoen eta bestelako arrain handien eta itsas dortoken lehorreratzeetan ere laguntzen du. Edonola ere, mota horretako fauna oso aldian behin lehorreratzen da, ia anekdotikoak dira. Gehienak zetazeoak eta itsas txakurrak izaten dira.

KOKALEKUA

Artatutako lehorreratzeen kopurua asko aldatzen da boluntarioen eskuragarritasunaren arabera, eta Bizkaia eta Gipuzkoa nahiko berdinduta daude lehorreratzeen kopuruari dagokionez. Kostaldeko kilometro irisgarriak eta udalerri bakoitzeko biztanleen kopurua hartu behar da kontuan. Ez da kasualitatea lehorreratze gehien dituzten herriak hondartza handiak dituztenak izatea, guztiz irisgarriak baitira eta urte osoan jende ugari baitabil horietan. Eremu malkartsuek, hondartza irekirik gabeko udalerriek edo itsaslabarrek erregistro gutxiago dituzte, baina horrek ez du esanahi horietan animalia gutxiago lehorreratzen direla; ez dira detektatzen, besterik gabe. Zuzenagoa litzateke detektatutako animalia lehorreratuez hitz egitea.




LEHORRERATZEEN URTAROKOTASUNA

Itsas txakurrak neguan agertzen dira; zetazeoak, berriz, urte osoan lehorreratzen dira, baina batik bat urtarriletik martxora bitartean, gorputzak lurrera arrastatzen dituzten edo egoera txarrean dauden animaliak hiltzen dituzten denboraleen eta itsaso txarren ondorioz.




Source: Ihobe

You may also be interested in

26 nov 2025
  • Waste
  • Environmental planning
Josu Bilbao, Basque Deputy Minister for the Environment: ‘we are increasingly recycling more and less is ending up in landfill’
14 mar 2025
  • Environmental planning
The Basque Country consolidates its environmental protection with significant improvements in air quality and emissions reduction according to its Environmental Outlook 2024 Report
03 mar 2025
  • Environmental planning
2024, a year of transformative action for Ihobe and the Basque Country
21 dec 2024
  • Environmental planning
Bizkaia Provincial Government, the Duara Association, Maestro Garazi Rivero School, Eroski, and the surfer Garazi Sánchez to represent the Basque Country in the European Week for Waste Reduction Awards