Skip to main content
06 oct 2023
  • Local public action

Udalsarea 2030ek lurzorua babesteko udalen jardunbide egokiak aztertuko ditu SOILUZIOAK 2023 kongresuan

Udalsarea 2030ek lurzorua babesteko udalen jardunbide egokiak aztertuko ditu SOILUZIOAK 2023 kongresuan

Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresuan parte hartuko du, "Lurzorua babesteko udal-esparruko jardunbide onak" erronka-mahaia antolatuz. Urriaren 10ean eta 11n Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den SOILUZIOAK 2023 Euskadiko lurzorua babesteko kongresuan programatutako zortzi erronka-mahaietako bat da. Bertan, 300 adituk baino gehiagok lurzorua babesteko erronkei helduko diete ikuspegi guztietatik.


Eusko Jaurlaritzak Ihoberen —Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa— eta Sprilurren —Euskadiko Industria Lurzorua Kudeatzeko Sozietate Publikoa— bitartez sustatuta, kongresuak baliabide horren kudeaketa jasangarria sustatzeko ekintzak hedatzen lagunduko du, inplikatutako eragile guztien lankidetza bultzatuz. Ekintza horien artean, Eusko Jaurlaritzak 2022ko ekainean onartutako Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia nabarmentzen da. Estrategia horren ondorioz, Euskadi eskualde aitzindaria da lurzoruaren kudeaketan, ikuspegi integral batetik.


Udalsarea 2030ek antolatutako mahaia, hain zuzen ere, estrategia hori hedatzeko Talde Iraunkorretik sortu da

. Diziplina anitzeko taldea da, udaletako eta eskualdetako langileek osatua. Gaiari buruzko ikuspuntu diferenteak eta ezagutza aditua eskaintzen ditu, tokiko agintariei lurzorua babesteko tresna eraginkorrak emango dizkieten hausnarketa eta proiektu zehatzen bitartez.


Astearte goizean, urriaren 11n, egingo den saioan, Udalsarea 2030en Lurzoruen Talde Iraunkorrak azken urtean egindako bileretan bildutako jardunbide egokiak aurkeztuko dira. Jardunbide egoki horiek hainbat gaitatik sortzen dira, hala nola ibai-ibilguei atxikitako lurzoru kutsatuen kudeaketatik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorren (HAPO) berrikuspenean lurzorua babestearen ikuspegia txertatzetik, edo hiriguneetan lurzoruaren iragazkortasuna eta biodibertsitatea hobetzeko jardunbide egokiak izateko beharretik.


Ihobeko Ingurumen Jasangarritasuneko teknikari Izaro Basurkok moderatuko du mahaia. Bertan 9 erakundek eta administraziok hartuko dute parte, eta lurzoruaren udal-kudeaketan izandako esperientziari buruzko kasu zehatzak azalduko dituzte. Urduña, Ea, Bakio, Durango, Sestao eta Gasteiz moduko udalek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, udal-planteamendua lurzoruen inbentarioan, garai batean industria zegoen kokaleku baten kudeaketa, klima-aldaketarekin lotutako jarduketak, iragazkortasuna eta biodibertsitatea hobetzea, eta belardi emankorreko lurzoruak birmoldatzeko nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduketak.


Astigarragan eta Urizaharran, lurzorua babesteko irizpideekin, HAPO idazteko ekintzak aurkeztuko dira; halaber, sute bat jasan duten basoetako lurzoruak berreskuratzeko ekintzak azalduko dira, Galiziako Xuntaren eskutik.


SOILUZIOAK 2023, zeharkako ikuspegia duen programa


SOILUZIOAK 2023 programak hitzaldi inspiratzaileak, balio tekniko handiko ponentziak, eta eztabaida eta kasu arrakastatsuak azalduko dituzten lan-saio paraleloak eskainiko ditu. Natalia Rodríguez (NBE), Dario Piselli (Ingurumenaren Europako Agentzia), Ion Codescu (Europako Batzordea) eta Dalila Argueta (Giza Eskubideen eta Lurraldearen defendatzailea) bezalako adituek eta nazioarteko erakundeetako ordezkariek balio tekniko handiko ponentziak eskainiko dituzte.


Erronka-mahaiak, Udalsarea 2030ek antolatutakoa kasu, hainbat gairi buruzkoak izango dira: Ikuspegi legegilea edo lurralde-plangintza, klima-aldaketara egokitzea edo baso-kudeaketa jasangarria, besteak beste.


Gainera, programak esperientziak eta landa-bisitak egiten ditu lurzorua babestearekin zerikusia duten proiektu berritzaileetara, hala nola Urdaibaiko Biosfera Erreserban txakolina ekoiztea jasangarritasunaren ikuspegitik; lurzorua eta lurraldea leheneratzearen iragana eta orainaldia, Bilboko itsasadarretik itsasontziz egindako bidaia baten bidez; Begoñako hilerria, inspirazio moduan errespetuz diseinatutako espazio komun berri gisa; Zorrotzaurre uhartea, hiria eraikitzeko erronka gisa; Zugaztietako (Meatzaldea) meatze-jarduerak moldatutako lurzorua eta paisaia; eta nekazaritza eta abeltzaintza ulertzeko beste modu bat, abeltzaintza jasangarriko ustiategi bat bisitatuz.





Source: Ihobe

You may also be interested in

07 mar 2025
  • Local public action
Over 5,000 people take part in KLIMA AZOKA, the travelling sustainability fair
14 nov 2024
  • Local public action
43 Basque projects tackle food waste to mark the European Week for Waste Reduction
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week
26 sep 2024
  • Local public action
The Basque Government has presented twenty projects that position the Basque Country as a European benchmark in nature-based solutions