- Ecodesign
Urdaibaiko Ekoetxeak 191 pertsonaren inplikazioa lortu du #UrdaibaiErronkaren bidez emisioak murrizteko

Parte hartzaileen ekintzen ondorioz, 44,98 tona CO2 gutxiago isuri zen, parte hartzaile bakoitzak bere gain hartutako 8,32 keinuei edo konpromisoei esker. Aplikatu ziren ekintzak honako hauek izan ziren nagusiki: modu arduratsuan erostea; tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzea; igogailua erabili beharrean eskailerak erabiltzea; lehorgailua ez erabiltzea; lapikoak, zartaginak eta kazolak estaltzea kozinatzean; ontzi garbigailua beteta dagoenean bakarrik martxan jartzea; alperrik galdutako janaria minimizatzea eta erregaiaren kontsumoa zainduz mantso gidatzea.
Aplikazioan bertan prestakuntza ikastaroak eta ibilbideak kontsumitzeari dagokionez, erabiltzaileek 2.196 prestakuntza pilula osatu zituzten guztira; batez beste, 11,87 pilula erabiltzaile bakoitzeko. Prestakuntza txiki bakoitzaren amaieran, eskuratutako ikaskuntzei buruzko galdera ariketen %83 behar bezala ebatzi ziren.
#UrdaibaiErronkan parte hartu zuten pertsona gehienak 40 eta 51 urte bitartekoak ziren (guztizkoaren %37,8); ondoren, 26 eta 39 urte bitartekoak (%37,3). Parte hartze handiena izan duten udalerriak Gernika Lumo (%18,9), Bermeo (%16,8) eta Busturia (%9,7) izan dira, izan ere, horien batura parte hartzaile guztien %45,4 da.
Herritarrek zeregin erabakigarria daukate klima aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko. Kontzientziazioa, berez, ez da nahikoa, eta funtsezkoa da jakitea zelan jokatu larrialdi klimatikoaren aurrean. Urdaibaiko Ekoetxeak lanean jarraituko du, kontzientziaziotik harago, konpromisoa eta prestakuntza lortzeko, eta herritarrak gonbidatuko ditu CO2 emisio gehiago murrizteko erronkarekin bat egitera, horretarako antolatuko diren esperientzien bidez. #UrdaibaiErronka bezalako ekintzekin, Ekoetxea Sarea Ihoberen funtsezko tresna bihurtzen da herritarrak aktibatzeko, ingurumen erronka handiei aurre egiteko orduan parte hartzea eta inplikazioa sustatzen duten hurbileko ingurumen zentroen bitartez.
Urdaibaiko Ekoetxea Busturian dago, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kide da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.
Source: Ihobe