Skip to main content
16 jun 2022
  • Local public action

Eltziegok hondakin organikoen etxez etxeko bilketa hasi du

Eltziegok hondakin organikoen etxez etxeko bilketa hasi du

Maiatzean, informatzeko eta birziklatzeko kitak banatzeko aste luze baten ondoren, etxez etxeko bilketa hasi da Eltziegon. Etxebizitza bakoitzari bio-hondakinak (prestatutako edo prestatu gabeko janari-hondarrak) bereizteko identifikazio-txipa duen ontzia, konpostaje-guneetako ateak irekitzeko txartela eta errefusaren edukiontzia (grisa) banatu zaizkio, azalpen-liburuxka batez gain.



Bilketa hori, Kripanen bezala, astelehen eta ostegunetan egiten da. Erabiltzaileek etxeko atean utzi behar dute hondakin organikoen ontzia, 11:00etatik ahalik eta gertuen. Aurreikusten denez, ordu horretatik 15:00etara bitarteko tartea beharko da udalerriko etxebizitza guztiak biltzeko. Gainera, ezarritako orduetan ontzia atera ezin izan dutenentzat, beti dago hondakin organikoak udal-igerilekuen atzean eta hilerriaren atzean dauden konpostaje-guneetara eramateko aukera. Horrela, hondakin mota hori hainbat egunetan kanpoan egoteak sor ditzakeen eragozpenak saihesten dira.



Etxez etxeko bio-hondakinen bilketarekin batera, itxiturak jarri dira errefusaren edukiontzietan (grisa), horien erabilera mugatuz eta herritarren gaineko kontrol handiagoa edukiz. Edukiontzi hori ostegunetan eta igandeetan baino ezin da ireki, txartel bidez.


Atez ate bildutako hondakinak udalerrian bertan dauden konpostaje-eremuetan uzten dira. Materia organikoa lekuan bertan konpostatzeak eskaintzen digun abantailetako bat gure lur eta zelaietan aprobetxatzea da. Bai etxeko bilketan, bai konpostajean, material desegokien % 1 baino gutxiago biltzen da, gai ez diren hondakinak eskuz kendu ondoren, eta horiek ia ez dira existitzen azken konpostean.


Arabako Errioxako Guardiako Koadrilan udal-hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuaren erabilerak arautzen dituen eskualdeko ordenantzaren arabera, hondakinak kudeatzeko sistema hori nahitaezkoa da, eta ez borondatezkoa. Herritarrek komunitateko konpostajean borondatez parte hartzea ez da nahikoa hondakinei buruzko “ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Lege” berriak ezarritako helburuak lortzeko. Ia udalerri guztiek komunitate mailako konpostaje-gunea dute, eta eskualde osoan 188 familiak hartzen dute parte.


Kripanen egindako etxeko bilketaren emaitzek hobekuntza nabarmenagoa erakusten dute, eta lehen aipatutako helburuak gainditzen dituzte. Alde batetik, % 62 errefusa gutxiago batu da, eta ontzien zatikiari dagokionez, % 30 gehiago. Bestalde, errefusaren bilketaren maiztasuna murriztu egin da astean 3 egunetik egun 1era, eta errefusaren edukiontzi bat kendu da.


Sistema hori Eltziego bezalako udalerri batean ezartzea erronka handia da. Kripan udalerriarekiko aldea, biztanle eta etxebizitza kopuru handiagoa izateaz gain, bilketa berezia duten sortzaile handiak daudela da (tabernak, jatetxeak, hotelak...). Bilketaren lehen aste hauetan hainbat ibilbide ezarri dira, eta 5 jatetxeri, horien artean 5 izarreko turismo-konplexua, 6 taberna/kafetegiri, turismo-pisuei, nekazaritza-turismoko etxe eta landetxeei; 5 elikadura-dendari eta ikastetxeari zerbitzu zabalagoa eskaini zaie. Herritarrei dagokienez, 180 eta 220 ontzi artean jaso dira bilketa-egun bakoitzeko.


Aipatu behar da sistema berria ezartzearen helburu nagusia edukiontzi grisera botatzen diren eta, beraz, zabortegian amaitzen duten hondakinen kopurua murriztea dela.
 


Source: Ihobe

You may also be interested in

07 mar 2025
  • Local public action
Over 5,000 people take part in KLIMA AZOKA, the travelling sustainability fair
14 nov 2024
  • Local public action
43 Basque projects tackle food waste to mark the European Week for Waste Reduction
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week
26 sep 2024
  • Local public action
The Basque Government has presented twenty projects that position the Basque Country as a European benchmark in nature-based solutions