03
mar
2022
- Local public action
- Soil protection
- Ecodesign
- Circular economy
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarrirako 138 toki-proiektu babestuko ditu 3,3 milioi eurorekin
2023ra arte garatuko diren proiektuak dira, lehentasunezko bost esparrutakoak: klima-ekintza, ekonomia zirkularra, kutsatutako lurzoruak, natura-ondarea eta jasangarritasunerako hezkuntza
Proiektu horiek udalek, mankomunitateek, garapen-agentziek eta beste toki-erakunde batzuek garatuko dituzte. Horietatik, 65 Gipuzkoan egingo dira; 49, Bizkaian; eta 24, Araban. Guztira, 96 erakunde onuradun izango dira, eta horietatik 8k lehenengo aldiz hartuko dute parte programa honen barruan dirulaguntza eskatuz.Klima-ekintzaren ildoari dagokionez, diruz lagunduko diren proiektuekin urtean 527,01 tona CO2 gutxitzea lortuko da, baita 9.011,26 tona CO2 hartzea ere, 304 hektareatan baino gehiagotan landaketak eta basoberritzeak gauzatuko baitira.
Jarduketa-ildo horretako proiektuetan, halaber, hauek aurreikusten dira: 5,27 km bidegorri eta 258 aparkaleku eraikitzea, udalerrien barruko trafikoa saihesteko; eta udal-flotetarako ibilgailu elektriko berri bat erostea.
Horrez gainera, 10 udalerrik klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko plan integratuak egingo dituzte, eta lurraldeak klima-inpaktu negatiboei aurre egiteko duen erresilientzia areagotzeko neurriak ere abiaraziko dituzte.
Ekonomia zirkularreko proiektuen bidez, gaikako bilketa areagotu nahi da, errefusaren sorrera gutxitzeaz gain: urtean 8.093,53 tona hondakin gutxitzea aurreikusten da errefusean; gaikako bilketari dagokionez, berriz, urtean 503,02 tona biohondakin jasotzea aurreikusten da organikoan.
Diruz lagunduko diren beste jarduketa batzuk honako hauekin lotuta daude: 49 konpostatze-instalaziotan kontrol analitikoak egitea konpostatutako materialen kalitatea zehazteko; 820 m3 ur berrerabiltzea udalerrietako garbiketa-zerbitzuetarako; ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza-ekintzak abiaraztea 13 tailerren bidez; 0,50 tona fibrozementu gaika biltzea; 787,55 tona elikagai aprobetxatzea; eta 800 kg hondakin plastiko biltzea itsasoan eta itsas inguruan.
Kutsatutako lurzoruei dagokienez, diruz lagunduko diren jarduketen helburua zera da, guztira 114.000 m2-tik gorako azalera ikertzea, 17.600 m2-ko azalera globala duten eremuak lehengoratzea eta 68.160 m2 lurri jarraipena eta ingurumen-kontrola egitea.
Kokaleku gehienetan, kutsadura-arazoei erantzuteko helburu nagusiarekin eskatu da laguntza, baina, gero eta proiektu gehiagotan kontsideratzen da ingurumen-babesa zeharkako modu batean; ikuspegi integralago bat Arrasateko Udalaren kasuan (besteak beste) eta haren Antoniña hezegunea leheneratzeko proiektuan. Horretan, hasiera batean, hezegunea hartzen duen eremuaren lurzoruaren kalitatea ikertu beharko da (eremu hori, hain zuzen ere, dekantazio-urmael gisa erabili zen aurretik, burdina-minerala garbitzeko prozesuan).
Natura-ondarearen ildoko proiektuek Batasunaren eta/edo eskualdearen intereseko habitatak guztira, 166 hektarea baino gehiago kontserbatzea, lehengoratzea edo hobetzea sustatuko dute, baita 47 hektarea erostea ere, ingurumen-lehengoratzeko jarduerak egiteko bertan (Natura 2000 Sareko 463 hektareatan jardungo da). Intereseko habitatak hobetzeko eta lehengoratzeko funtsezko jardueretako bat 36 hektareatan baino gehiagotan espezie exotikoak kanporatzea izango da, baita Euskal Autonomia Erkidegoko landarediaren bereizgarri diren 20.000 landare autoktono baino gehiago landatzea ere.
Jarduketa asko bereziki kalteberak diren fauna-taldeei zuzenduta egongo dira, hala nola kiropteroei, anfibioei eta intsektu saproxilikoei; zehazki, 56 hezegune hobetu eta lehengoratuko dira, baita 180 aterpe natural eta artifizial baino gehiago antolatu eta egokitu ere. Arriskuan dauden espezieen kontserbazioa ere garrantzitsua izango da, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak sartuko dira: Menyanthes trifoliata, Berula erecta, nenufar zuria (Nymphaea alba), Thelypteris palustris, Senecio carpetanus eta bisoi europarra (Mustela lutreola). Azkenik, nabarmendu behar da geodibertsitatearen kontserbazioak ere garrantzi handia duela, eta geologia-intereseko 4 leku babestea sustatuko dela, baita horiei balioa ematea ere.
Azkenik, jasangarritasunerako hezkuntzaren ildoan 103 udalekin eta 344 ikastetxerekin batera egingo da lan, eta 179.380 ikasle baino gehiago inplikatuko dira garapen jasangarriko helburuetan, lurreko ekosistemetan, hiri eta komunitate jasangarrietan, ekoizpen eta kontsumo arduratsuan, jasangarritasunerako hezkuntzan eta beste esparru batzuetan, askotarikoak betiere.
Proiektu aipagarriak, lurralde historikoaren arabera
Araban, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:
- Burgeluko Udalak proiektu bat egingo du banakako konpostatzerik egiten ez duten etxebizitza guztietatik hondakin organikoak etxez etxe biltzeko. Horretarako, ordutegi jakin batean kubo marroia utzi beharko dute, hondakin organikoekin, atearen parean (bide publikoan). Organikoaren kudeaketa osatzeko, errefuserako edukiontziaren erabilera mugatuko da, edukiontziak itxiz eta horiek erabiltzeko egunak erregulatuz, irekiera kontrolatzeko sistema baten bidez. Era berean, udalerrian konpostatze komunitariorako dauden eremuak birdimentsionatu egingo dira, biztanleria-banaketaren araberakoak izan daitezen.
- Salburua eta Zadorra ibaia KBEetan biodibertsitatearen kontserbazio-egoera hobetzeko jarduerak abiaraziko ditu Gasteizko Udalak. Proiektuak izaera berritzaile argia du, eta proiektu bakar batean jorratzen dira mehatxatuta dauden habitatak, flora eta fauna kontserbatzeko ekimen konbinatuak (guztiak daude KBEen kudeaketa-planetan jasota). Mehatxatuta dagoen floraren gaineko jarduketak honako espezie hauen ex situ kontserbatzera bideratuta daude: sahats kantauriarra (Salix cantabrica), Berula erecta, nenufar zuria (Nymphaea alba), Narcissus pseudonarcissus eta Pentaglottis sempervirens. Gainera, bisoi europarraren (Mustela lutreola) populazioa indartu eta Salburuko arrain-komunitatea sendotuko da, habiak egiteko habitat bereziak hala nola uharteak hobetzeaz eta baso-hezeguneak sortzeaz gain.
- Aiarako Kuadrillak igerilekuek anfibioei dakarzkien ondorio kaltegarriak kuantifikatzeko eta arintzeko proiektu bat jarriko du abian. Proiektu berritzailea da, anfibioetan hain arrisku handian dagoen fauna-taldea izaki inpaktu handia duen arazo bati buruzko ikerketa-osagai handia duelako. Udal-igerilekuek anfibio-populazioetan duten inpaktua eta igerilekuen inguruan putzuak sortzeak izan lezakeen efektu aringarria aztertzean ipintzen du arreta. Putzuak sortzeaz gain, anfibioei eta beste animalia batzuei igerileku publiko eta pribatuetan irteera errazteko arrapalak jartzea proposatzen da.
Bizkaian:
- Urduñako Udalaren helburua, proiektu honen bidez, Urduñako eskola publikoko jolastokia birnaturalizatzea da. Horrela, 1.658 m2 inguruko gune bat sortuko da, KLIMA 2050 Estrategian jasotako klima-egoeretan aurreikusitako bero- eta uholde-boladekiko erresilientea izango dena eta ikasleek eta, oro har, herritarrek eskola-orduetatik kanpo erabili ahalko dutena. Proiektu horretan bildutako ekintzen artean aipatzekoak dira aire zabaleko bi ikasgelaren bioeraikuntza eta ikastetxearen inguruko eremuetara konektatuta egongo diren lorategiak sortzea.
- Mañariko Udalak Txaboletako parajeko basoak lehengoratzeko proiektu bat proposatu du. Proiektuak pago azidofiloen zuhaiztien eta harizti/baso mistoaren 4 hektarea baino gehiago lehengoratzea planteatzen du, malda handiko eremu batean, zeina azken urteotan espezie exotikoen monolaborantzarako erabili baita (zehazki, Lawson altzifrea eta insignis pinua landatzeko). Gainera, anfibio eta odonatuetarako putzuak ere sortuko dira lurzati horretan.
- Bestalde, Berriatuko Udalak Legarmendiko basoetan ere egingo ditu jarduketak. Proiektuaren xedea hariztiak eta artadi kantauriarrak 10,3 ha-tan lehengoratzea da, azken hamarkadetan insignis pinuaren landaketa intentsiboa dela-eta higadura jasan duen eremu batean, non eukaliptoak landatzea aurreikusita baitzegoen, udalak lurrak erostea planteatu aurretik.
Gipuzkoan:
- Hernaniko Udalak, «Zero Zabor Hozkailua» proiektua ezarriz, janaria alferrik galtzearen aurka borrokatu nahi du, batzuentzat soberakinak diren elikagaiak herritarren eskura jarriz. Ekintza honen bidez, soberako elikagaiak herritar guztien artean partekatzea bultzatu nahi da, kontuan izanik estereotipo sozialak hausteko ere balio duela horrek. Ekintza horri esker, hondakinak biltzeko zerbitzuan materia organiko gutxiago biltzea lortuko da (gero, konpostatze-instalaziora garraiatu ohi da bildutako materia organiko hori, dagokion tratamenduarekin), eta horrenbestez, berotegi-efektuko gasen isurketak gutxiagotu dira.
- Enirio Aralarko mankomunitateak ondarea lehengoratzeko eta berroneratzeko lanak egingo ditu mankomunitatearen lurretan. Proiektu horrek zera proposatzen du, KBE horren eta Aralarko Parke Naturalaren barruan, 11,5 hektarea pago azidofiloen zuhaizti berreskuratzea, eta galzorian dagoen Menyanthes trifoliata espeziea zohikaztegietan hazten dena lehengoratzea, aleak itxituren barruan sartuz, ganaduak ez dezan kalterik eragin. Horrez gainera, ARR 19 kobazulotik (HIC 8310-turismorako ustiatu gabeko kobak) hondakinak kenduko dira.
- Getariako Udalak Artelatz eremua berroneratzeko eta eremu horri balioa emateko proiektua planteatu du. Proiektu horrek honako helburu hauek ditu: artelatz-basoak hobetzea; sega-belardiak kontserbatzea artelatz-basoekiko orekari eutsiz; kokaleku berriak aurkitzea udalerrian arriskuan dauden bi espezie (Thelypteris palustris eta Woodwardia radicans) Garate-Santa Barbara KBEan berriz sartzeko; animalia-espezieak babestea horietarako habitatak hobetuz; heskai biziak lehengoratzea; eta jarduketaren eraginpeko guneari balioa ematea.
- Itziarko toki-erakundeak udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak Aixa haitzuloa egokitzeko jarduerak egingo ditu saguzarrak kontserbatzeko. Kiropteroak kudeatzeko plan bateratuaren arabera, proiektuaren ardatza Aixa haitzuloko kiropteroen komunitatea kontserbatzea da, eta horretarako, espezieen populazio-dinamiketan eragina duten eta horien babeslekuekin lotuta dauden faktore kaltegarriak ezabatzea.
Source: Ihobe