Skip to main content
05 aug 2024
  • Biodiversity

KLIMATEK txosten batek klima-aldaketako agertoki batean artropodo onuragarriak kontserbatzeko neurriak identifikatzen ditu

KLIMATEK txosten batek klima-aldaketako agertoki batean artropodo onuragarriak kontserbatzeko neurriak identifikatzen ditu
Agertoki horren aurrean, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Klimateken , klima-aldaketara egokitzeko I+G, Berrikuntza eta Demostrazio proiektuak egiteko deialdiaren esparruan, NEIKERrek BC3rekin elkarlanean egindako “Agroekosistemetan onuragarriak diren artropodoak klima-aldaketara egokitzeko neurriak” izeneko txostena argitaratu du.

Lanaren helburua da nekazaritza-ekosistemetan dauden artropodo onuragarriak klima-aldaketara egokitzeko neurriak identifikatzea, haien erresilientzia sustatzeko eta halako habitaten kontserbazio-egoera hobetzeko. Gainera, txostenak arreta berezia jartzen du artropodo polinizatzaileetan eta mahasti eta larre-habitatetako fauna osagarrian, hau da, nekazaritza-jardueraren ondorioz, pertsonen eta naturaren arteko elkarrekintzagatik sortzen diren horietan.

Txostenak, egindako bibliografia-berrikuspenaren bidez, neurriak identifikatzen ditu nekazaritza-ekosistemen multzo handi batentzat eta, era berean, mahastietan eta larre-habitatetan aplika daitezkeen berariazko neurriak aurkezten ditu.

Klima-aldaketara egokitzeko zortzi neurri artropodo onuragarrientzat



Nekazaritza-ekosistemen kasuan, lehenbiziko neurri gisa, proposatzen du artropodoak monitorizatzea eta horien segimendua egitea, planetako animalia-talderik anitzena eta ezezagunena osatzen baitute. Horregatik, klima-aldaketara edo klimatikoak ez diren presioetara egokitzeko neurriak ezarri aurretik, populazio horien ugaritasuna eta dibertsitatea ezagutu behar dira, baita haien espazio- eta denbora-joerak eta horietan eragin negatiboa eta positiboa duten faktoreak ere.

Identifikatutako bigarren neurria habitaten kontserbazioa da, nekazaritzako inguruneetan edo horiengandik hurbil dauden habitat natural edo erdinaturalak kontserbatu, lehengoratu edo mantentzeko ekimenak barne hartzen dituena.

Kontuan hartuta nekazaritza-ekosistemak egoteak habitat naturalak aldatzea dakarrela, neurrien hirugarren blokean polinizatzaileentzat eta fauna osagarriarentzat labore lurretan bertan egokiak diren habitatak sortzeko neurriak sartzen dira. Hori guztia azpiegitura berdeko elementuen bidez, hala nola heskaiak eta lore-zerrendak, urteko hainbat garaitan babeslekuak eta baliabideak egoten laguntzen dutenak.

Habitaten konektibitatea sustatzeko laugarren blokeak, besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: laboreak elkarren artean eta landaredi naturaleko orbanekin edo elementuekin konektatuta mantentzeko igarobideak sortzea, artropodoen mugikortasunari eta babes-bilaketari laguntzeko.

Paisaia dibertsitatea handitzea da proposatutako bosgarren neurria. Nekazaritza-paisaien heterogeneotasuna handitzera zuzendutako erabakiak hartzea jasotzen du, labore-mota funtzionalak areagotuz, lursailen tamaina murriztuz eta laboreekin lotutako habitat erdinatural edo naturalen txatalak mantenduz.

Nekazaritzako jardunbide jasangarriak erabiltzeko seigarren blokeko neurriak lotuta daude nekazaritzako jardunbide egokiekin, besteak beste, hauekin: lurzoruaren luberritzea murriztea, pestiziden erabilera murriztea eta, konbentzionalaren ordez, erabilera ekologikoa ezartzea, polinizatzaileak eta fauna osagarria nekazaritza intentsiboaren inpaktu negatiboetatik babesten laguntzeko.

Zazpigarren blokeak espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzearekin lotutako neurriak jasotzen ditu; bloke horrek, besteak beste, jasotzen du espezie horien segimendua eta kontrola egitea nekazaritza-inguruneetan, bertako artropodoekiko lehia arintze aldera.

Azkenik, lanak neurriak identifikatzen ditu nekazariak zein herritarrak hezteko eta inplikatzeko, sentsibilizazioaren eta zientzia-dibulgazioaren bidez, nekazaritza-paisaian, artropodo garrantzitsu hauek babestea eta kontserbatzea sustatuz.

Euskadin artropodo onuragarriak sustatzeko aplika daitezkeen neurriak



Egindako bibliografia-berrikuspenetik eta paraleloan euskal nekazaritza-paisaian burututako landa-lanetik abiatuta, txostenak polinizatzaileei eta fauna osagarriari oro har mesede egiteko neurriak aurkezten ditu.

Mahastien kasuan, proposatzen da polinizatzaileen eta fauna osagarriaren talde desberdinak monitorizatzea, datu-baseak egitea, mahastietako kaleetan polinizatzaileentzat interesgarriagoak diren landare natiboak zeintzuk diren aztertzea, mahasgintza-paisaia kudeatzea edo hesiak landatzea. Era berean, planteatzen da artropodoen habiagintzarako baliabideak egotea, mahasti-lursailak konektatzea, maneiu ekologikoko jardunbideak sustatzea, produktu fitosanitario selektiboak erabiltzea, mozketaren eta lurzoruaren luberriketaren maiztasuna murriztea eta sentsibilizazio-kanpainak garatzea sektore profesionalentzat, besteak beste.

Larreguneei dagokienez, jasotzen da polinizatzaileen eta fauna osagarriaren talde desberdinak monitorizatzea, datu-baseak egitea, polinizatzaileentzat interesgarriagoak diren landare natiboak zeintzuk diren aztertzea, paisaia kudeatzea eta artropodo espezialisten habitat naturala kontserbatzea. Aurrekoaz gain, beste neurri hauek proposatzen dira: larreen ertzetan bertako landareen heskaiak eta lore-zerrendak, larre-habitatetako barnealdeko landaredia aberastea, bertako hazi desberdinen nahasketaren ereitearen bidez, eta habitaten arteko konexioak sortzea, sasien bidez eta larre eta bazken arteko hurbiltasunaren bidez.

Txostena Klimatek I+B+G “Euskadin klima-aldaketara egokitzeko I+G, berrikuntza eta demostrazio proiektuak” ekimenean dago sartuta. Ekimena Ihobek kudeatzen du, euskal lurraldearen klima-aldaketarekiko erresilientzia ziurtatzen lagunduko duten proiektuak egitea bultzatze aldera.

Source: Ihobe

You may also be interested in

14 mar 2023
  • Biodiversity
The documentary ‘Climate talks’ chooses the Basque Country as an example of a region that practices an integrated climate policy
20 feb 2023
  • Biodiversity
Ihobe in Finland to take part in the launch of Regions4Climate, the EU project for coastal adaptation in the Basque Country
20 dec 2022
  • Biodiversity
Urban Klima 2050 and the Basque grants for local innovation showcased on the international RegionsWithNature platform
20 may 2022
  • Biodiversity
  • Local public action
  • Environmental planning
The Basque Country is close to achieving the European Union’s 2030 target with a quarter of its territory already protected