Skip to main content
21 nov 2023
  • Local public action

Udalsarea 2030ek Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legegintza-plangintzak toki-erakundeentzat dituen inplikazioak aztertu ditu

Udalsarea 2030ek Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legegintza-plangintzak toki-erakundeentzat dituen inplikazioak aztertu ditu

Udalsarea 2030ek 64. Batzorde Teknikoa egin du Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, sarearen azken hiruhilekoko jarduera errepasatzeko eta datozen hilabeteetarako lan ildoak aurkezteko.
Bileran, Ihobek, Sareko idazkaritza teknikoak, lurzoruaren babesaren, erosketa eta kontratazio publiko berdearen, ekintza klimatikoaren, Emisio Gutxiko Eremuen (EGE), klimaren eta energiaren, amiantoaren eta osasunaren lantaldeen jardueraren aurrerapenak laburbildu ditu.


Bestalde, parte-hartzaileek 2026ko Plan Estrategikoa ezagutzeko aukera izan dute. Plan horren helburua, besteak beste, Udalsarea 2030ek 214 udalerri atxikitzea da, Tokiko 2030 Agenda indarrean duten edo lantzen ari diren 101 udalerri, indarrean dauden Klima eta Energia Planak dituzten 60 udalerri, eta Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programari atxikitako 30 udalerri eta 6 eskualde. Plana joan den maiatzeko azken udal hauteskundeen ondoren aukeratutako alkateei bidali zaie.


Aitor Senar Enekotegi Guardiako Kuadrillako Ingurumen teknikariak biohondakinen kudeaketan izandako esperientzia partekatu du. Mañueta, Eltziego, Bilar, Kripan, Bastida, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego, Villabuena Araba eta Iekora udalerrietako 11.200 biztanlerentzako zerbitzua da. Bere hitzaldian azaldu duenez, konpostaje-guneen mantentze-lanen barruan sartzen dira iraulketak, tenperatura eta egunero datuak hartzea astelehenetik ostiralera, astero edo hamabostean behingo ureztatzea, beharraren arabera, hilero txostenak bidaltzea eta sortaka ateratzen den konpostaren analisiak egitea.


Era berean, 2021ean abian jarritako biohondakinak biltzeko sistemaren Kripango proiektu pilotua ezagutarazi du. “Emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte, eta gaikako bilketa % 86koa izan da. Hamabi hilabetetan 35 tona hondakin organiko jaso dira”, azaldu du. Beste esperientzia inspiratzaile bat Eltziegon iaz ezarri zen atez ateko bilketa eta konpostaje komunitarioko sistema izan da.


Ondoren, Izaro Basurkok (Ihobe) eta Mikel Zubiriak (Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza) 2023ko dirulaguntzen aginduaren egoera partekatu dute. Tokiko garapen jasangarrirako laguntzen 2023ko deialdian 249 espediente aurkeztu dira, guztira 4,2 milioi euroko zuzkidurarekin. Guztira, 2022an baino % 2,35 gutxiago izan dira. Hala ere, ASTEKLIMAn eta Ekonomia Zirkularrean espedienteek gora egin dutela egiaztatu da.


Zuzenketa-errekerimenduei dagokienez, gehien eskatzen den dokumentazioa oinarrizko datuen dokumentua da. ASTEKLIMAri dagokionez, informazio osoa ez zehazteagatik edo adierazitako datuekin bat ez etortzeagatik eskatzen da dokumentazioa. Gainerakoei dagokienez, proiektuaren hasiera-data eta amaiera-data ez sartzeagatik egin behar izaten dira zuzenketak. Inoiz, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzan egunean egotearen ziurtagiriak eskatu dira, elkarreragingarritasun-kontsultan ezezko erantzuna jaso ondoren. Gainerako dokumentazioa behar bezala aurkeztu ohi da.


Europako, Estatuko eta Autonomia-erkidegoko legegintza-plangintza



Batzorde Teknikoak Europako, Estatuko eta Autonomia-erkidegoko legegintza-plangintzari eta toki-erakundeekiko inplikazioei buruzko mintegia ere hartu du, eta Jose Antonio Armoleak (Ihobe) bertaratutakoen zalantzak argitu ditu. Ingurumen-legeria askotarikoa, sakabanatua eta sarritan nahasia dela esan du; alde juridikotik eta teknikotik konplexua; oso zorrotza administratuarentzat eta administrazioarentzat; eta etengabe eguneratzen ari diren ingurumen arloko kalitate estandar altuak dituela. “Helburua da ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea bermatzea eta modu egokian kontserbatzeko beharra betetzea”, adierazi du.


Euskadiko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Lege Proiektuari dagokionez, azaldu duenez helburua esparru juridiko egonkorra ezartzea da Euskadin klima-neutraltasuna lortzeko, beranduenez 2050ean, eta klima-aldaketari dagokionez lurraldearen erresilientzia areagotzea, ekitatea eta elkartasuna bermatuko dituen trantsizio sozial, ekonomiko eta ingurumeneko justu eta jasangarriaren bidez.


Nabarmendu duenez, hauek dira toki-erakundeentzako inplikazio nagusiak: energia-trantsiziorako eta klima-aldaketarako batzordeak sortzea, Energia Jasangarritasun Batzordearen bidez edo antzeko ezaugarriak eta egitekoak dituzten beste batzorde batzuen bidez; erakundeen arteko koordinazioa energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren arloan, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren bidez; parte-hartze publikoa sustatzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aurreikusten dituen tresnen bidez; klima- eta energia-planak egitea; eta enegia- eta klima-ikuspegia toki-erakundeen aurrekontu publikoetan txertatzea sustatzea.


Ekoiuretik Europako ingurumen-politikan sakondu da –Europako Itun Berdea eta ingurumenaren arloko VIII. Ekintza Programa–. Europako araudi-proposamenak azaldu ditu: Hiriko hondakin-uren zuzentaraua, Uren zuzentaraua, Lurzoruen zuzentaraua, Airearen zuzentaraua, Hondakinen zuzentaraua, Ontzien erregelamendua eta Naturaren kontserbaziorako erregelamendua. Azkenik, Estatuko mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua azaldu du.


Ministroen Kontseiluak 2022ko abenduan onartutako aurreproiektuak, mugikortasun jasangarriarekin lotutako alderdiak planifikatzeko eta arautzeko orduan kontuan hartu beharko den lehentasunen ordena jakin bat ezartzen du.


Lehenik eta behin, mugikortasun aktiboa, batez ere oinezko mugikortasuna, desgaitasuna edo mugikortasun murriztua duten eta baimendutako aparatuetan oinezkoentzako guneetan dabiltzan pertsonen mugikortasuna, baita bizikletaz edo zikloan egiten den mugikortasuna ere. Bigarrenik, garraio publiko kolektiboa. Hirugarrenik, kanpo-efektuen murrizketari, espazio publikoaren okupazioari edo bestelakoei dagokienez onura dakarten okupazio handiko mugikortasun-eskemak. Azkenik, ibilgailu pribatuari dagokionez, beti lehenetsi beharko dira gutxiago kutsatzen duten eta berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen dituzten teknologiak, bai eta espazio publikoa gutxien okupatzen duten ibilgailuak ere.


Source: Ihobe

You may also be interested in

07 mar 2025
  • Local public action
Over 5,000 people take part in KLIMA AZOKA, the travelling sustainability fair
14 nov 2024
  • Local public action
43 Basque projects tackle food waste to mark the European Week for Waste Reduction
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week
26 sep 2024
  • Local public action
The Basque Government has presented twenty projects that position the Basque Country as a European benchmark in nature-based solutions