Skip to main content
19 may 2023
  • Soil protection

Euskadik SOILUZIOAK 2023 lurzoruaren babesari buruzko kongresua hartuko du urrian

Euskadik SOILUZIOAK 2023 lurzoruaren babesari buruzko kongresua hartuko du urrian

Kongresua urriaren 10ean eta 11n egingo da, Bilbon, eta lurzoruaren babesaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzea du helburu, hainbat ikuspegi eta eragiletatik

Helburu horretan laguntzeko, SOILUZIOAK 2023k hitzaldi inspiratzaileak, balio tekniko handiko hitzaldiak, eztabaidak eta arrakasta-kasuak biltzen dituzten saio paraleloak, eta bertatik bertarako tailer eta bisita gidatuak eskainiko ditu.

Era berean, esparru horretan aurreratuta dauden Europako beste eskualde batzuen esperientziak jasoko ditu. Izan ere, aurreko egunean, urriaren 9an, Common Forum-en urteko bilera egingo da. Common Forum EBko herrialdeetako arduradun tekniko eta politikoen sare europar bat da, lurzoru kutsatuetan eta lurzorua babesteko estrategia berrietan espezializatua.

SOILUZIOAK 2023n aurretiko izen-ematea egiteko epea jada zabalik dago. Horretarako, soiluzioak@ihobe.eus helbidera idatzi behar da, izena eta posta elektronikoa adieraziz. Ekitaldiaren kostua 50 eurokoa izango da, kafeak, lunch-a, bertatik bertarako bisitak eta materialak barne.

Estrategia aitzindaria


Eusko Jaurlaritzak lehen Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia 2022ko ekainean onartu zuen. Estrategia horrek, lurzoru kutsatuen lan-ikuspegi tradizionala — Europan Euskadi eskualde aurreratua da— gaindituz, lurzoruaren kudeaketa modu integralean lantzen du.

Estrategia aitzindaria da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatutako ikuspegiagatik. Hainbat erakundek parte hartu dute estrategia horretan, eta helburu handinahia ezarri du: lurzoruaren kudeaketa jasangarriaren bidez, mendearen erdirako ingurune horren degradazioa saihestea, termino garbietan, eta, aldi berean, biodibertsitatearen eta pertsonen osasunaren ikuspegitik haren kontserbazioa bermatzea.

SOILUZIOAK 2023 kongresua baliagarria izango da, halaber, estrategia horren helburuak xehatzeko eta lurzorua babesteko egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eskura dauden soluzio onenak aukeratzeko.

Lurzorua, bizitzarako funtsezko baliabidea


Lurzorua funtsezko baliabidea da gizakia eta gainerako espezieak existitzeko, eta kontsumitzen ditugun elikagaien % 95 ematen du; hala ere, duela urte batzuk arte ingurumena babesteko garaian ahaztu den alderdi nagusietako bat izan da.

Lurzoruaren degradazioak zerbitzu ekosistemikoak galtzea dakar; Europar Batasunean urtean 38.000 milioi euro inguru izango direla kalkulatzen da. Higadurak, berez, urtean 1.250 milioi euroko kostua du Europako nekazarientzat. Testuinguru horretan, lurzoruaren babesak, hasiera batean politika eta plangintza sektorial askotan banatuta zegoenak, protagonismoa hartu du munduko eta Europako eszenatoki berri batean; izan ere, gure planetako balio ekologiko, sozial eta ekonomikoen babes atzeraezinean dagokion lekua berreskuratu du.

Ildo horretan, aipatu behar da historikoki, herrialde askotan —bereziki industrializatuenetan— arazo horrek duen garrantziaren ondorioz, lurzoru kutsatuei arreta ia esklusiboa eskaini zaiela. Lurzoru horien kudeaketan Euskadi erreferentea da Europan.

Hala ere, kutsaduraz haratago, badira beste mehatxu batzuk, hala nola higadura, zigilatzea, gazitzea, trinkotzea, materia organikoaren eta biodibertsitatearen galera edo lur-irristatzeak, eta horiek ez dira ahaztu behar helburua baliabidearen babes integrala denean. Lurzorua babesteko estrategia orokor batek kontuan hartu behar ditu gure lurzoruen osasunari eta, ondorioz, lurzoru horiek beren funtzioak garatzeko gaitasunari modu negatiboan eragiten dieten mehatxu guzti-guztiak.

Source: Ihobe

You may also be interested in

17 feb 2025
  • Soil protection
Ihobe hosts the annual meeting of the European SOILveR platform
04 dec 2024
  • Soil protection
The Basque Country celebrates World Soil Day 2024 by showcasing its restoration of disused plots for new projects
02 oct 2024
  • Soil protection
Ihobe joins the SOILveR, the European knowledge platform on soil and land management
11 jun 2024
  • Soil protection
The Basque Country and its soil protection strategy inspiring the European regions of the ERRIN network