- Ecodesign
- Local public action
Ekoetxea Urdaibaik tokiko produktua eta pertsona kontsumitzaileak konektatu ditu kultura- eta gastronomia-esperientzia batean
Urdaibaiko Bertoko Produktuaren Jardunaldietan dozena bat esperientzia izango dira eta, haien bidez, tokiko produktuen abantailak eta inpaktua zabalduko dira
Sukaldaritzaren alderdiaz gainera, jardunaldietan bisitak, erakusketak eta tailerrak ere sartzen dira eta, haien guztien bidez, atzean dauden produktuen eta lanaren balioa nabarmendu nahi da, elikadura-kontsumo globalaren ereduaren beste aldean; izan ere, eredu horren ekoizpenak eta banaketak, sarritan, jasangarritasun-arazoak eragiten dituzte.Nazio Batuek Zero Gose bigarren GJHan aipatzen dutenez, nekazaritza-produktibitatea eta elikagai-ekoizpen jasangarria areagotzea funtsezkoa da, gosearen arriskuak arintzen laguntzeko. Hori horrela, EAEko Itun Berdeak baserritik mahaira lan-ildoa du, eta hark elikadura-sistema arduratsurako ekimenak sustatzen ditu, bidezko garapenerako eta jasangarrirako ereduaren barruan.
Ekoetxea Urdaibaik antolatutako Bertoko Produktuaren Jardunaldiek elikadura-eredu arduratsuagoa zabaltzeko eta lurraldeko produktuen aberastasun, barietate eta kalitate handiaren balioa nabarmentzeko lan egingo dute; hala, tokiko ekoizleen eskutik kalitate handiko eta osasunerako onura handiko elikagaiak lortzeko egiten duten lana hurbilduko diete herritarrei.
Esperientzia-talde hori pertsona kontsumitzaileak eta ekoizleak konektatuko dituen urteko programa baten parte da, eta haien sasoiko produktuak zuzenean eskuratu ahal izateko aukeran jarriko du fokua.
Azken urteotan, hurbileko produktuen eskaria areagotu egin da, herritarrek haien osasunean, tokiko ekonomian eta ingurumenean dakartzaten onurak ezagutzen baitituzte. Hala, zenbait elementuk gero eta pisu handiagoa dute erosketa-saskian, besteak beste: karbono-aztarna, banaketaren ondorioz; balio gastronomikoa, hotz-kateak eta kontserbagarrien erabilera saihestuz, eta ekoizle txikiak babestea.
Parte hartzeko interesa dutenek esperientzia batean edo batzuetan eman dezakete izena, honako esteka honen bidez: www.ekoetxea.eus/bertoko-produktuaren-jardunaldiak
#UrdaibaiErronka, 300 tona CO2 murriztea
Jardunaldiak ekainaren 24an eta 25ean izango dira, eta dagoeneko izena eman daiteke Ekoetxea Ingurumen Hezkuntzako Zentroen Sarearen web-orrialdean
Jardunaldi hauek #UrdaibaiErronka erronkaren parte dira; hura Ekoetxeak martxoan abiarazi zuen erronka kolektibo bat da, eta haren xedea da 300 tona CO2-ren emisioa murriztea kolektiboki uda aurretik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan. Erronka kolektibo bat nork bere burua inplikatzeko eta irtenbidearen parte izateko.
Erronka 16 urtetik gora dituzten eta Urdaibai eskualdeko udalerrietan bizi diren pertsonei zuzentzen zaie, edo toki paregabe hori babesten lagundu nahi dutenei. Eta parte hartzea oso erraza da: The Planet App mugikorreko aplikazioaren bidez, erabiltzaileek haien bizi-ohiturekin lotuta dauden berotegi-efektuko gasen emisioak zenbatetsi ahalko dituzte eta haien keinu jasangarrien plana zehaztu, egiteko prest dauden eta bete ditzaketela uste duten keinuen arabera.
Konpromisoaren arabera, parte-hartzaileek puntuak lortuko dituzte sarien enkanteetan parte hartzeko, besteak beste: landetxe bateko egonaldi bat, zetazeoak begiztatzeko itsasontzi batean ibilaldi bat eta beste sorpresa batzuk.
#UrdaibaiErronkaren inguruan: https://ekoetxea.eus/urdaibaierronka/
Jardunaldiaren esperientziak

Larunbata, ekainaren 24a
- 10:30etik 12:30era. Gazta freskoa egiteko tailerra eta bisita gidatua Bizkaiganera. Kostua: Doan. Edukiera: 20 pax.
Gazta freskoa modu tradizionalean prestatzeko lana eta bisita gidatua ustiategira. Bizkaigane Errigoitiko kooperatiba bat da, eta behi- eta ardi-esnearen eratorri ekologikoak lantzen ditu.
- 11:00etatik 12:30era. Bisita Iturbe Anaiak abeltzaintzako ustiategira. Kostua: Doan. Edukiera: 20 pax.
Ibilera Arrieta udalerriko Makuleta auzoan dagoen Blonda arrazako behi-ustiategitik; bertaratzen direnek ziklo osoa ezagutuko dute, hazkuntzatik bertatik harategira iritsi arteko prozesua.
- 13:00etatik 14:00etara. Bisita Lurkoi Baserria nekazaritza ekologikoko ustiategira. Kostua: Doan. Edukiera: 25 pax.
Busturian dago, eta Bermeoko eta Ogoño, Atxarre eta Burgoa mendietako bista paregabeak ditu. Bertaratzen diren bisitariek kanpoaldea eta berotegiak bisitatuko dituzte: tomate-kontserbak, udareak, sagarrak, gereziak, kiwiak, intxaurrak, etab.
- 13:30ean. Bisita gidatua Urdaibai: bizidunekin bizia partekatzen aldi baterako erakusketara. Kostua: Doan. Edukiera: 25 pax.
ARTEKOM (Artea eta Komunikazioa trantsizio energetiko ekologikorako) kolektiboaren eta BiziaLab Campusaren (UPV/EHUren programa) hamar bat artelanen erakusketa. Erakusketa lehen sektoreko egoerari buruz hausnartzeko proposamen bat da.
- 14:30ean. Herri-bazkaria: Marmitakoa. Kostua: Doan. Edukiera: 100 pax.
Marmitakoa arrantzaleen jatekoa zen; hegaluze-gisatua egiten zuten marmitan, patatekin, itsasontzian zegoenarekin. Gaur egun, tradizio handieneko gisatuetako bat eta Euskadiko eta Urdaibaiko kultura gastronomiaren adierazgarrienetako bat da.
- 16:00etatik 17:00etara. Txikipintxoa. Kostua: Doan. Edukiera: 15 pax.
Familia-esperientzia; pintxoak egingo dira elkarlanean, eta protagonistak etxeko txikienak izango dira.
- 17:30etik 19:00etara. Munduko errezetak tokiko produktuekin. Kostua: Doan. Edukiera: 12 pax.
Errezeta osasungarri eta ekologiko bat prestatuko du Ortutik Ahorak, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako produktuekin, eta beste latitude batzuetako errezetak egokituko ditu.
- 19:00etatik 20:00etara. Pintxoen dastatzea + txakolinen dastatzea. Kostua: 10. Edukiera: 100 pax.
Urdaibaiko produktuekin eginiko lau pintxo dastatzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zenbait txakolin-motarekin, sukaldari aditu baten (Madaixagane Taberna) eta txakolin-ekoizle baten (Amunategi, Itsasmendi bodegak) eskutik.
Igandea, ekainaren 25a
- 11:00etatik 12:00etara. Bisita Arantza Ugalderen baratzera. Kostua: Doan. Edukiera: 12 pax.
Busturian dago, eta bisitariek piper txorizeroen, urazen, kalabazen, porruen, leka lehorren, tomateen eta beste hainbaten labore-prozesua ezagutuko dute.
- 12:30etik 13:30era. Ezagutu Amunategi Txakolin Upategia Busturian. Kostua: Doan. Edukiera: 15 pax.
Amunategi txakolina Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturakoa da, eta familiaren izen bereko baserrian du jatorria, Busturiako udalerriko (Bizkaia) San Bartolome haranaren gaineko posizio menderatzailean. Duela mende batzuetatik hona, belaunaldiz belaunaldi, Amunategi baserrian txakolina modu tradizionalean egin da, nahiz eta jarduera honek kontatzen duen idatzizko erreferentziarik zaharrena 1812. urtekoa izan.
- 14:30ean. Gastroaniztasuneko gelak. Kostua: 30. Lekua: Madaixagane. Edukiera: 50 pax.
Menu bat dastatzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako produktuekin: hiru plater, postrea eta txakolina.
- 16:00etatik 19:00etara. Urdaibaiko marmeladak eta pate begetalak egitea. Kostua: Doan. Edukiera: 12 pax.
16 urtetik gorakoentzako esperientzia, Olatxuko Laboreak-en eskutik; etxeko marmelada eta pateak egiten irakatsiko du, tokiko elikagaiak eta sasoikoak erabiliz.
Source: Ihobe