Skip to main content
24 jun 2022
  • Ecodesign

Irekita dago Udako Ikastaroen 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolaren lehenengo edizioan izena emateko epea

Irekita dago Udako Ikastaroen 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolaren lehenengo edizioan izena emateko epea

Bere estreinaldian, Eskolak planteatzen du genero-ikuspegi bat garatzea ikuspegi ekosozialeko ingurumen-hezkuntzaren prozesuetan

“Erronkak genero-ikuspegitik” izenburupean, prestakuntza-saioek sakon aztertuko dute emakumeek ingurumen-hezkuntza ekosozialaren baitan jokatzen duten rola. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik sustatuta, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren, Ingurugelaren eta Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren lankidetza hirukoitz baten bitartez, prestakuntza-eskaintza berriak urteko topagunea izan nahi du erronkei heltzeko eta irtenbideak konpartitzeko, jasangarritasunerako hezkuntzaren funtsezko ikuspegietatik.

Mahai-inguru eta ponentzien bitartez, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskola hainbat diziplinatako ikasle eta irakasleei zuzenduta dago, eta, halaber, ingurumen-hezkuntzaren eta jasangarritasunerako hezkuntzaren profesionalei eta udaletako edo eskualde-erakundeetako pertsonalari (mankomunitateak, kuadrillak edo toki-garapenerako agentziak). Bere estreinaldian, jasangarritasunerako hezkuntzaren ikastaroak emakumeen kolektiboa bistaratu nahi du ingurumen-hezkuntzako proposamenen sorrera eta garapenean garrantzi handiena dutenen artean, oraingo testuinguruan, unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzan duen inpaktua aztertuz.

Hiru jardunalditan egituratuta, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskola uztailaren 6an hasiko da, irekiera instituzionalarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredoren eskutik. Beraren hitzaldiaren ostean, generoari, jakintzari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko inaugurazio-ponentziaren txanda izango da. Hizlaria Piramide Kultur Elkarteko presidente Eloísa Tréllez Solís izango da, Ingurumen Hezkuntzan aditua eta Ricardo Palma Unibertsitateko ohorezko irakaslea biodibertsitatearen eta kulturarteko jakintzen alorrean egindako lanagatik.

Jasangarritasuna genero-ikuspegiarekin


Beste alde batetik, Leticia Urretabizkaia Gilek, gizarte-ikerlari eta Sorkinen kolaboratzaileak, “Inguratzen gaituen eta normalean ikusten ez dugun zientzia ekofeminista” izeneko tailerra garatuko du. Lehenengo jardunaldi honetan, gainera, ikastetxeetako genero-ikuspegiari buruzko mahai-inguru bat egongo da, erakunde hauetako partaideekin: STEILAS sindikatua eta sexu-aniztasunaren aldeko Guztiok Elkartea. Orobat, ikastetxeetako gero-esperientziak izango dira hurrengo egunerako aurreikusitako mahai-inguruaren ardatza. Beraren partaideak hainbat autonomia erkidegotako irakasleak izango dira.

Uztailaren 7ko jardunaldiaren saio nagusia, berriz, Maitena Salinas irakaslearen hitzaldia izango da, ingurumenari buruzko komunikazioa genero-ikuspegitik jorratzeko. Giza eskubideen arloko kazetaritzan 25 urteko esperientzia izanik, Salinas Argituz elkartearen partaidea da, motibazio politikoko indarkeriari buruzko ikerketa-taldearen kidea, eta ‘Gea” dokumentala zuzendu du, belaunaldi desberdinetako emakumeek gai konkretu batzuen inguruan duten egoera feminismoaren ikuspegitik erakutsiz. Bigarren jardunaldi hau bukatzeko, bertaratutakoek parte hartuko dute jasangarritasuna genero-ikuspegitik landuko duen tailerrean; dinamizatzaileak Arrate Eizaguirre eta Eva Perez Pons izango dira, Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkartekoak.

Topagunea


“Justizia ekosozialerantz. (Geu)eraldatzeko tresna feministak” da ikastaroaren azken jardunaldirako aurreikusitako ponentziaren izenburua. Hizlaria Patricia Martínez García izango da, Zientzia Politikoan doktorea. Patricia Martínez García “Emakumezkoen ahalduntzea gobernantza-testuinguruetan: Galizia eta Euskadiko arrantzako emakume langileen esperientziak” tesiaren egilea da, eta bere ikerketa-lana Aradia Kooperatiban garatzen du; erakunde horren helburua da gizarte-eraldaketari ekarpena egiten dioten tresna praktiko eta teorikoen garapenean kolaboratzea.

Topagunea izateko helburuarekin, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolak foro bat aurreikusten du uztailaren 8rako, ‘intersekzioak’ izenburupean, euren zeregina jasangarritasunaren eremua garatzen duten enpresa, instituzio eta eragileen esperientzia ezagutu ahal izatera zuzendua. Horien artean, honako hauek daude: ingurumen-zerbitzuen Artelatz enpresa, Udalsaera 2030 – udalerri jasangarrien euskal sarea eta UNESCO DS katedra, euren ibilbidea konpartituko baitute zenbait toki-erakunderekin, hala nola Maruri-Jatabeko Udalarekin.

Eskolaren lehenengo edizioa Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriarteren hitzaldiarekin itxiko da, bera arduratuko baita Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaro (UIK) honi amaiera emateko.

2030 Agenda eta Euskadiko Itun Berdea


2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolaren lehenengo edizioaren eragilea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila da, Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren Ingurumen Jasangarritasun sailaren, Ingurugelaren eta Eusko Jaurlaritzako Jasangarritasunerako Hezkuntza Zerbitzuaren arteko lankidetzaren bidez –azken hori da irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamenduen sare publikoa, ingurumen-hezkuntzako plan eta programak koordinatzen dituena unibertsitatez besteko hezkuntza-sisteman-.

2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskola jasangarritasunerako hezkuntzaren inguruko prestakuntza emateko eta hausnarketak zein ezagutza trukatzeko urteko espazio gisa finkatzeko asmoarekin sortzen da. Ihobek eta APIA-Ingurumen Informazioaren Kazetarien Elkarteak antolatutako Ingurumen Komunikazioaren Eskola arrakastatsuan inspiratuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen (UIK) proposamen berria publikoen eta helburuen osagarritasuna ingurumen-jasangarritasunaren alorrean bilatzen duen eskaintza gisa sortzen da.

Jasangarritasunerako hezkuntza funtsezko tresna bat da Euskadiko aldaketa eta eraldaketa ekosoziala lortzeko, 2030erako Garapen Jasangarriaren Helburuen eta Euskadiko Itun Berdearen bitartez –garapen ekonomiko bidezko eta jasangarrirako euskal eredua-. 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolak bultzatzen dituen jasangarritasunerako hezkuntza-prozesuek gizakien eta naturaren arteko harreman bidezko eta harmoniatsua bilatzen dute, eta horrek berekin dakar gizakion -emakumeak eta gizonak- arteko berdintasun-dinamiken, ekitatearen eta gizarte-justiziaren azterketa.


Informazio gehiagorako eta izena emateko


Source: Ihobe

You may also be interested in

24 feb 2025
  • Circular economy
  • Ecodesign
Basque Circular Summit 2025, the largest conference on the circular economy in southern Europe, confirms leading speakers with almost all the places already taken up
15 jul 2024
  • Ecodesign
  • Environmental communication
A score of top-tier professionals on the discussion panel at the Environmental Communication School 2024 in September
30 may 2024
  • Soil protection
  • Waste
  • Ecodesign
Ihobe joins World Environment Day with a big litter picking event in the Ekoetxea Network natural spaces
29 may 2024
  • Ecoinnovation
  • Circular economy
  • Ecodesign
The Basque Country will once again host the largest circular economy event in southern Europe in April 2025