Skip to main content
28 jun 2022

Nazio Batuen Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) topaketa zientifikoa egin da Bilbon

Nazio Batuen Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) topaketa zientifikoa egin da Bilbon
Klima Aldaketarako Euskal Zentroa -BC3-k Leioako (Bizkaia) bere instalazioetan antolatutako topaketak partaide izan du Alexander Boto, Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

"Zientzia gure politiketarako ezinbesteko ezagutza-iturria da, eta hala izaten jarraitu behar du, izan ingurumen-arloko politiketan zein beste edozein motatakoetan", nabarmendu du Alexander Botok. "Belarriak ireki behar ditugu eta zientzia-komunitateari kasu egin behar diogu, hori baita garatzen ditugun politikak ebidentzia sendoetan oinarrituta egoteko modu bakarra".

Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea (IPCC) 1988an sortu zuten Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) eta Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP). Haren helburua da nazioarteko komunitatearentzat garrantzitsua den informazio zientifikoa, teknikoa eta sozioekonomikoa ebaluatzea klima-aldaketari aurre egiteko beharrezkoak diren kausei, ondorioei eta ekintzei buruzko erabakiak hartzeko prozesuan.

Sortu zenetik, IPCCk klima-aldaketaren arrazoiei, efektuei eta hari erantzuteko aukerei buruzko gure ezagutzen egoerari buruzko Ebaluazio Txostenak egin ditu, bai eta txosten bereziak, dokumentu teknikoak, metodologiak eta gidalerroak ere. IPCCren argitalpenak erreferentzia-obra bihurtu dira, bereziki politikan eta zientzian, baita beste esparru batzuetan ere.

IPCC-TFI, bestalde, Berotegi-efektuko Gasen Inbentario Nazionalei buruzko Lantaldea da, eta Bilboko topaketa honetan hasiko da Ebaluazio Txostena egiten, isuri-faktoreen (EFDB ingelesezko siglen arabera) datu-basea eguneratzeko eta, horrela, etorkizuneko inbentario nazionalen kalkulua hobetzeko.

Topaketa Klima Aldaketarako Euskal Zentroa -BC3-k antolatu du, Leioan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin. Azken honek 250.000 euro ematen dizkio urtean BC3-ri, hitzarmen baten bidez, klima-aldaketari buruzko ikerketa-, zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerak sustatzeko.

Euskadiko inbentarioa


Euskadin, Ihobe sozietate publikoak urtero argitaratzen du, Energiaren Euskal Erakundea - EEE-rekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi-efektuko Gas-isurien Inbentarioa. Inbentarioko kalkuluek Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren inbentarioak jakinarazteko gidalerroekin (CMNUCC) koherentea den metodologia bati jarraitzen diote, baita Klima-aldaketaren Gobernuarteko Taldearen inbentarioen estimazio eta konpilaziorako gidalerro metodologikoei ere (IPCC Zuzentarauak 2006), besteak beste. Isuri-faktoreen datu-baseak eguneratzea etengabeko hobekuntzako funtsezko prozesu bat da, aurrerapen zientifikoak emisio-inbentarioetan txertatzeko.

Azken inbentarioak -2020ko ekitaldiari dagokionak- lurraldeko beheranzko joera berresten du; izan ere, lurraldea 2030erako helburuak lortzeko markatutako bidearen azpitik dago. Azterketak erakusten du Euskadik isuriak % 12 murriztu zituela 2019arekiko, eta 2019an, aldiz, % 2 murriztu zirela aurreko urtearekiko. Bat-bateko beherakada da, COVID-19aren pandemiaren une zailenetako murrizketen ondorioz gertatutakoa.

Antzemandako murrizketa historikoa izan da, eta zaila da hori aurreko urteekin alderatzea. Hala ere, Euskadik irmo eta argi mantendu du beheranzko joera bertako isuriei dagokienez: 1990ean (erreferentzia-urtea) 20,8 milioi tona CO2 baliokide isuri zituen; zifra hori 25,3 milioi tonara igo zen 2005ean; baina, une horretatik aurrera, beheranzko joera bati ekin zitzaion; izan ere, 2019an 18,6 milioi erregistratu ziren, eta 2020an 16,4 milioi tona: serie historikoko zifrarik baxuena. Beraz, 2005arekin alderatuta % 35eko beherakada izan da, % 21ekoa 1990arekin alderatuta, eta % 12koa azken urtean bakarrik.

Ekainaren 13an aurkeztu zuten batera Ihobek eta EEEk berotegi-efektuko gasen 2020ko azken inbentario hori, eta aurkezpenean ekonomiaren eta isurien arteko desakoplamendua azpimarratu zen: 2005etik 2019ra bitartean, ekonomia % 20 hazi zen, eta isuriak % 27 murriztu ziren, eta, 2020an, BPGd-ko unitate bat ekoizteko sortutako isuriak % 40 jaitsi ziren 2005. urtearekin alderatuta, eta % 55 1990. urtearekin alderatuta; horrek adierazten du, hain zuzen, euskal ekonomiak sortutako isuriekiko duen desakoplamendu-maila.

Source: Ihobe

You may also be interested in

29 apr 2026
  • Citizen action
MATER and Alava Provincial Council, finalists in the European Week for Waste Reduction European Awards 2025
21 apr 2026
  • Climate change
The Basque Country is hosting the European meeting of LIFE projects on climate action
16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
10 apr 2026
  • Citizen action
The Basque Country involved in preparing a European catalogue for more ambitious youth participation with real impact