- Environmental planning
Andreu Escrivà: "Klima-aldaketa geldiaraziko dugu hobeto bizitzeko"
Begoña Beristain kazetariak zuzendutako elkarrizketan zehar, idazle, zientzia-dibulgatzaile eta ingurumen-teknikariak klima-errua saihestu eta ekintzara pasatzera gonbidatzen gaitu. Baina ez hori bakarrik; beste gai hauek ere jartzen ditu mahai gainean, besteak beste, Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko podcastean: nola egin energia-trantsizio zuzena; hirien diseinu berria; eta klima-aldaketaren negazionisten aurkako eta greenwashing edo ekozuritzearen aurkako borroka. Andreú Escrivàk klima-tematitzat dauka bere burua.
Elkarrizketa Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren hirugarren edizioaren baitan egin zen, APIA-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak eta Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatuta. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Udako Ikastaroen esparruan, 2021eko irailaren 8an eta 9an egin zen Donostiako Miramar Jauregian, eta hogei bat hizlari bildu zituen besteak beste Andreu Escrivà, klima- eta energia-trantsizioaz nola komunikatu azaltzeko.
Andreu Escrivà lizentziaduna da Ingurumen Zientzietan, Ekosistemen Kontserbazioko masterra du eta doktorea da Biodibertsitatean. Desertifikazioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzailea (CIDE) eta Institut Cavanilles de Biodiversitat i Biologia Evolutiva (ICBiBE) Institutuko ikertzailea, Valentziako Erkidegoko Klima Aldaketaren Adituen Batzordeko kide izan zen. 2016an Dibulgazio Zientifikoaren Europako XXII Saria irabazi zuen Azterketa Orokorraren modalitatean Aún no es tarde: claves para entender y frenar el cambio climático liburuarekin, eta oraintxe argitaratu du Y ahora yo qué hago: cómo evitar la culpa climática y pasar a la acción.
Ihoberen jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko podcasta
Verde-Berdean podcasta, Bego Beristain kazetariak aurkeztuta, 2021eko martxoan sortu zen. Asmo hauek zituen: natura-ingurunearekin eta ingurumen-erronkekin lotutako esperientziak eta proiektuak zabaltzea, beste pertsona edo erakunde batzuk inspiratzea, bai eta haien arteko sinergiak sortzea ere.
Lehen atalean, Gabi Martínez idazlea eta naturalista izan zen protagonista. Egungo eredu sozioekonomikoa birpentsatzeko eta ingurumena errespetatzen duen eredu jasangarriago baterantz abiatzeko bidean, artearen eta literaturaren munduak egin ditzakeen ekarpenei buruzko gogoeta egin zuen. Bigarrenean, fokua biodibertsitatean jarri zen, Lexeia Larrañaga zuzendariarekin eta Alex Gutiérrez ekoizlearekin (Avis Producciones), eta haien Natura Bizia film dokumental berriaren xehetasunak kontatu zituzten. Hirugarren saioan, Ekomodoren fundatzaile Adriana Uribesalgo izan zen protagonista: ekonomia zirkularrarekin konprometitutako ekimen berritzailearen berri eman zuen. Laugarren atalak Mater, Ontzi Museo ekoaktiboan sartu gintuen, Izaskun Suberbiola marinel eta proiektuaren zuzendariaren eskutik.
Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko Ihoberen En verde-Berdean podcastaren atal guztiak entzun ditzakezu eta podcastera harpidetu iVooxen nahiz Spotifyn.
Source: Ihobe