- Local public action
Aiarak Aiarako Kuadrillako 2030 Eskola Agendaren hirugarren foroa hartu du
Aiarako Kuadrillako 2030 Eskola Agendaren eskualdeko hirugarren foroak laurogei pertsona bildu ditu Arespalditzan, eskualdeko ikasle, irakasle eta ingurumen teknikarien artean. Foroan ikastetxe hauetako ikasleak izan dira: Fabian Legorburu, Laudio BHI, Lateorro ikastetxea, Laudio Ikastola eta La Milagrosa Ikastetxea, Mendiko Eskola, Zabaleko, Amaurre eta Amurrioko Aresketa ikastola eta Aiarako Etxaurren ikastola.
Arespalditzako plazara iritsi zirenean, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak eta Gentza Alamillo Aiarako alkateak ongietorria eman zieten eskola-foroaren hirugarren edizio honetako kideei.
Lau taldetan banatuta, Garapen Jasangarriko 13. Helburua (13. GJH) jorratu dute: klimaren aldeko ekintza, biodibertsitatearen, uraren, energiaren eta baliabideen kontsumoaren, mugikortasunaren eta udalerrien eta hiri-bilbeen birnaturalizazioaren ikuspegietatik. Talde-lana amaitzean, bertaratutako pertsona guztiak udaletxeko osoko bilkuren aretoan bildu dira, Aiarako Kuadrillako ingurumena hobetzeko konpromisoak eta proposamenak bateratzeko.
Ikasleek proposatutako proiektuen artean aipatzekoak dira elkarrekin lotutako bidegorrien sarea sortzea, energia berriztagarriak sustatzea edo gure udalerrietako biodibertsitatea ezagutzeko jardunaldiak egitea.
Ekitaldiari amaiera emateko, herriko nekazari batek ekoitzitako bertako barietateko 0km sagar-zukua dastatu dute.
2022-2023 ikasturteari begira, ildo horretan lan egiten jarraitzea aurreikusita dago, beste GJH bati, Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria izeneko 7.ari, helduz.
Aiarako Kuadrillako Ingurumen Sailak sustatutako proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren diru-laguntza du.
Source: Ihobe