Skip to main content
22 jul 2024

Uhinak kongresuaren VI. edizioak ozeanoen aurrekaririk gabeko eraldaketa azkarraren eta itsasertzean duen eraginaren erronkari helduko dio

Uhinak kongresuaren VI. edizioak ozeanoen aurrekaririk gabeko eraldaketa azkarraren eta itsasertzean duen eraginaren erronkari helduko dio

Uhinak kongresua lehen aldiz egin zenetik, ez du ematen egoera asko onbideratu denik. Ozeanoak aurrekaririk gabe aldatzen ari dira, eta oso bizkor gainera. Arazoak ezagutu behar ditugu, balizko konponbideak definitu behar ditugu, eta martxan jarri. Beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da klima-aldaketa mantentzea arduradun politikoen, adituen eta enpresen agendan.

Testuinguru horretan, garrantzi berezia du Ficobak eta Aztik antolatutako klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko Uhinak kongresuak, seigarren edizio honetan. Guillem Chust AZTIko itsas ekosistemen aldaketa globaleko arloko arduradunaren hitzetan: «Hil ala bizikoa da ulertzea nola ari den klima-aldaketa gure ozeanoak eta itsasertzak eraldatzen, egoera arintzeko eta egokitzeko estrategia eraginkorrak garatuko baditugu».

Kolapsatzear den korronte bat eta egoera larrian dauden ekosistema batzuk


Uda ondoren aurkeztuko da Uhinak-en ponentzien programa osoa, baina hasiak dira hainbat espezialitatetako nazioarteko aditu ugari beren hitzaldiak proposatzen. Horien artean, nazioartean itzal handia duten bi aditu hautatu dira kongresuaren bi jardunaldiei hasiera emateko. Biek ala biek ikuspegi sakon eta aditua eskainiko dute klima-aldaketaren inguruko gaiak jorratzeko.

AZTIk eta Ficobak antolatuta, Uhinak kongresuak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren laguntza du, Ihobe sozietate publikoaren eta Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren


Peter Ditlevsen Kopenhageko Unibertsitateko Niels Bohr Institutuko katedraduna arduratuko da lehen jardunaldia inauguratzeaz. Klimaren fisikaren eta sistema dinamikoen alorreko prestakuntza sakona du Ditlevsenek, eta 100 lan baino gehiago argitaratu ditu, baita dibulgazio zientifikoko artikulu ugari ere. Hasierako ponentzian, Atlantikoko hegoaldeko itzulerako zirkulazioaren balizko kolapsoari buruz hitz egingo du. AMOC siglaz ere ezaguna den korronte horrek berebiziko rola du munduko klima-sisteman. Berriki egindako azterlanen arabera, ahultzen ari da, eta aurreikuspenen arabera, mende erdialde aldera kolapsa daiteke baldin eta berotegi-efektuko gasen isurketek egungo joerari eusten badiote.

Kongresuaren bigarren jardunaldia irekitzeko hitzaldiaren arduraduna Marta Coll izango da, Itsas Zientzien Institutuko zuzendariordea. Haren aztergai nagusia itsas biodibertsitateko eta itsasoko baliabideetako aldaketak eta horien kontrako mehatxuak dira, giza jarduerek eragindakoak, hala nola arrantza edo klima-aldaketa. Collek ekosistemak modelizatzeko askotariko teknikak eta tresna estatistikoak erabiltzen ditu itsas komunitateetako dinamikak eta sare trofikoak aztertzeko. Aurkezpenean, klima-aldaketak itsas ekosistemetan eragin dituen inpaktuak izango ditu mintzagai, bai eta funtsezko baliabide horiek mantentzeko abian jarri beharreko arintze-estrategiak ere.

Kongresu bat, lau bloke tematiko


Klima-aldaketak eta kosta inguruan dituen efektuek ekarritako erronkei eta horientzako konponbideei ahalik eta eraginkorren ekiteko, kongresua lau bloke tematikotan antolatu da. Uhinak-en batzorde teknikoko zuzendarikide batek zuzenduko du horietako bakoitza.

Jon Sáenz Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak «Planetako atzera bueltarik gabeko puntuen» blokea zuzenduko du.

EHUko Bide, Kanal eta Portuen Ingeniarien Eskolako Néstor Urrutxuak eta Gis Littoral Basqueko Aurélie Bocquet-ek zuzenduko dute «Muturreko gertakariak eta egokitzeko neurriak» izeneko blokea.

«Kostan eta ozeanoan klima-aldaketa arintzeko neurriak» blokearen arduradunak Naturklimako Xabier Esteban eta Ihobeko Carlos Castillo izango dira.

Azkenik, Ihobeko Malake Muñoz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nerea Egia arduratuko dira azken blokeaz: «Gobernantza, kudeaketa-tresnak eta komunikazioa».

Hasia da izena emateko epea


Izena emateko epea martxan da dagoeneko kongresuaren webgunean, eta Early Bird tarifa berezia izango dute erregistroa irailaren 30a baino lehen egiten dutenek. Izen-emateak barne hartzen ditu hitzaldietara joatea, kongresuko dokumentazioa jasotzea, erakusketa-eremuko sarrera, kafea hartzeko atsedenaldia, hamaiketakoa eta bertaratze-agiria.

Uhinak zer den


Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Mugaz Gaindiko Kongresua da, Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatua. Hainbat erakunderen laguntza du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Ingurumen Sailarena, Ihobe sozietate publikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarena (Jasangarritasun Departamentua), Euskal Hirigune Elkargoarena eta Akitania Berria eskualdearena.

Life IP Urban Klima 2050 proiektuak ere babesten du Uhinak kongresua, Europako Batzordeak kofinantzatuta eta Eusko Jaurlaritzak eta Ihobek zuzenduta, energia eta klima trantsizioa bultzatzeko eta klima aldaketaren eragin negatiboei erresilientea izango den lurralde bat lortzeko. Ia 20 milioi euroko inbertsioa eta 22 erakunde publiko eta pribatu inplikatuta, Life IP Urban Klima 2050 proiektuak ez du soilik eremu periurbanoetan eta ibai arroetan lan egiten, baizik eta kostaldeko udalerrietan ere jartzen du arreta, non euskal biztanleriaren % 65 baino gehiago bizi den.


Informazio gehiago


Source: Ihobe

You may also be interested in

29 apr 2026
  • Citizen action
MATER and Alava Provincial Council, finalists in the European Week for Waste Reduction European Awards 2025
21 apr 2026
  • Climate change
The Basque Country is hosting the European meeting of LIFE projects on climate action
16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
10 apr 2026
  • Citizen action
The Basque Country involved in preparing a European catalogue for more ambitious youth participation with real impact