- Local public action
Udalsarea 2030ek Tokiko Ekintza Koordinatzeko eta Bultzatzeko Batzordearen hirugarren bilera egin du
Udalsarea 2030ek Tokiko Ekintza Koordinatzeko eta Bultzatzeko Batzordearen hirugarren bilera egin du. Batzorde horretako kide dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila; Lehendakaritza, Trantsizio Sozialerako Idazkaritza Nagusiaren eta 2030 Agendaren bidez; Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta EEE, URA, HAZI, Eudel eta Ihobe.
Udalaz gaindiko euskal sektore publikoko erakundeetako ordezkariek osatzen duten Batzordeak, tokiko jasangarritasunaren arloko laguntza-proiektu, -ekimen edo -programei buruzko informazioa partekatzen du; tokiko ekintza bultzatzeko politikak koordinatzeko ildoak proposatzen ditu; eta tokiko erakundeei zuzendutako ekimen sektorialak gidatzen ditu, Udalsarea 2030en jardueraren eta tokiko ekintzaren urteko plangintza hobetzeko.
Topaketa Bilbon egin da, eta Udalsarearen 2030en 2023-2024rako lan-plana aurkeztu da bertan. Besteak beste, arlo hauetako lan-ildoak nabarmendu dira: energia- eta klima-trantsizioa, ekonomia zirkularra, erosketa eta kontratazio publiko berdea, lurzoruaren babesa edo ingurune osasungarriak. Era berean, Euskadiko udalerri eta eskualdeetara gehiago hurbiltzeko urte honen amaieran hasiko diren eskualde-topaketak iragarri dira, bai eta 2024rako lurralde-topaketak ere.
Ondoren, HAZIk toki erakundeekin lankidetzan aritzeko lan-ildo posibleak aurkeztu ditu, horiek baitira lurralde eta landa garapenerako funtsezko eragileak: elikaduraren eta egurraren balio katea, baso garapena, lurraldetasuna eta jasangarritasuna, sentsibilizazioa eta erosketa berdea, edo Udalsarea 2030ek eta Eudelek elkarlanean sortuko duten Landa Garapenerako Euskal Sarearen sorrera.
Azkenik, mandatu berriaren barruan, 2024rako lan-ildo nagusiak partekatu dira toki erakundeekin.
Jarduketa-eremu horien artean daude energia-jasangarritasuna, klima-aldaketa, hondakinen kudeaketa, gune degradatuen berreskurapena edo herri eta hirietako ingurumen-kalitatearen hobekuntza.
Era berean, agintaldia hasi duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, tokiko erakundeekin ingurumenaren jasangarritasunaren arloan dituzten lan-ildoak eta horretarako dirulaguntzak aurkeztu dituzte. Bestalde, Urretxuko alkateak, EUDELeko Batzorde Betearazleko kide eta Lurralde Arloko arduradunak, azken urteotan toki erakundeek ingurumenaren arloan sortzen ari diren esparru guztiak txertatzeko egindako lanaren berri eman du, eta nabarmendu du Garapen Jasangarrirako Helburuak gero eta presenteago daudela udal kudeaketan.
Osasun Sailak jakinarazi du duela denbora gutxi Euskadiko 2030 Osasun Plana onartu dela. Plan horrek, besteak beste, ingurune eta komunitate osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak sortzea eta garatzea eta klima-aldaketari erantzutea jasotzen du, eta, beraz, Udalsarea 2030en lana bat dator helburu hori lortzearekin.
Eztabaidarako eta iritziak trukatzeko gunean, alde batetik, administrazioek emandako laguntzen eraginen jarraipena eta neurketa egiteko duten zailtasuna jarri da mahai gainean, eta, bestetik, egindako lanen dibulgazioan eta sentsibilizazioan hobetzen jarraitzearen garrantzia.
Source: Ihobe