14
jun
2022
- Local public action
- Environmental planning
- Circular economy
Eusko Jaurlaritzak 4 milioi eta erdi euro baino gehiago bideratuko ditu euskal udalek garatutako ingurumen-proiektuentzako laguntzetarako
Deialdiak tokiko ekoberrikuntza-proiektuetarako dirulaguntza-lerro berri bat ezartzen du, onetsi berri den Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiari
Laguntzen deialdi hau uztailaren amaierara arte egongo da zabalik, eta betebehar berri gisa ezartzen du, besteak beste, Sektore Publikoko Kontratuen Legea betetzen dela berariaz justifikatzea eta inprimatzeko sortutako dokumentaziorako ingurumen-arloko beste arau batzuk aplikatzea.Lurzoruari dagokionez, deialdiak aldatzen ditu proiektu-tipologia jakin batzuetarako lursailen titulartasun-baldintzak, eta diruz lagunduko dira lurzoru artifizializatuak berroneratzera eta lurzoru degradatu ez-urbanizagarriei buruzko informazioa biltzera zuzendutako ekintzak.
Klima-aldaketara egokitzeari dagokionez, 5.000-50.000 biztanle bitarteko udalerrietan isuri gutxiko eremuak diseinatzeko eta ezartzeko dirulaguntzak aurreikusten dira. Era berean, dirulaguntzak ezartzen dira kostaldeko ingurunea egokitzeko azterketak egiteko itsas mailaren igoeraren aurrean uholde-arriskua murrizteko, bai eta naturan oinarritutako konponbideak sustatzen eta erabiltzen dituzten hiri-mailako esku-hartzeetarako ere. Aginduak, aldiz, ibilgailuak erosteko dirulaguntzak baztertzen ditu.
Ekonomia zirkularraren atalean, deialdiak lehentasuna ematen die amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen erroldei, haien kudeaketa toki-erakundearen eskumenekoa denean. Halaber, diruz lagunduko dira konpostatze komunitarioko instalazio berrien bideragarritasunari buruzko azterketak edo lehendik daudenak eskakizun berrietara egokitzeari buruzkoak.
Bi jarduketa-lerro berri
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aginduak barnean hartzen ditu, lehen aldiz, klima-ekintzaren eta tokiko ekoberrikuntzaren arloko sentsibilizazio-jarduerak sustatzeko bi laguntza-lerro. Bi jarduketa-eremu horietarako aurreikusitako aurrekontu-partidek bikoiztu egiten dituzte orain arte dirulaguntzak emateko baldintzak arautzen zituzten beste deialdi publiko batzuetan jasotako dirulaguntzak.
Milioi bat euroko gehieneko zuzkidurarekin, tokiko ekoberrikuntzarako laguntzak jarduketen izaera berritzailearen arabera zehaztuko dira, halakotzat harturik Euskal Autonomia Erkidegoan lehen aldiz martxan jartzen direnak edo bestelako berrikuntza-proiektuak osatzen dituztenak, betiere tokiko garapen jasangarriaren ikuspegi integraletik. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak joan den ekainaren 7an onetsitako Euskadiko lurzorua babesteko 2030erako Estrategiaren helburuetarantz aurrera egiteko aukera ematen duten ekimenak; estrategia horrek lurzoruaren kudeaketa jasangarria eta okupazioaren murrizketa aurreikusten ditu.
Bestalde, deialdiak 200 mila euroko gehieneko zuzkidura ekonomikoa ezartzen du klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko herritarren sentsibilizazio- eta erantzunkidetasun-jardueretarako, Asteklima Klima eta Energiaren Astearen esparruan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekimena, EEE eta Ihobe bere erakunde publikoen bidez.
Source: Ihobe