- Local public action
Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak klima-aldaketaren eta energiaren plan integratuari ekin dio
Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea, Udalsarea 2030i atxikitako erakundea, Klima aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua Klima Energia Plana, egiten hasi da, 2050era begira.
Ekintza Plan horrek Mankomunitatearen eta hura osatzen duten bederatzi udalerrien ibilbide-orria ezarriko du, nazioartean eta autonomia-erkidegoan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ezarritako helburuak lortzeko, eraginkortasunaren bidez energia aurrezteko helburu espezifikoak txertatzeko, energia berriztagarriak ezartzeko eta erresilientzia eta klima-aldaketarako egokitzapena areagotzeko.
Mankomunitateak urteak daramatza jasangarritasunaren arloan lanean, Jasangarritasunerako Bulegoaren bidez. Bere ekintzen artean, nabarmentzekoak dira Energiaren Eskualdeko Behatokia eta Energiaren Ataria ireki izana. Bertan, datuak jende guztiarentzat daude eskuragarri, baita beste proiektu batzuk ere, Smart City estrategia, besteak beste.
Proiektu horren bidez, Mankomunitateak eta hura osatzen duten udalek egoeraren diagnostiko osoa egin gura dute, eta zenbait ildo estrategiko eta funtsezko ekintza ezarri, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean duten erresilientzia handitzeko.
Lan horren garapenak, eskualdeko hainbat eragile interesdunen parte-hartzea aurreikusten duen Partaidetza Plana barne hartzen du. Horrela, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko herrietako gizarte eta ekonomia arloetako eragileen beharretara eta udalerrien errealitatera egokituko den Plan gauzagarria prestatu gura da.
Parte hartzeko saioei buruzko informazioa horiek egiteko datak hurbildu ahala jakinaraziko da. Lehenengo pauso gisa, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eta bertako udalerriek klima-aldaketaren arazoaren inguruan herritarrek duten pertzepzioari buruzko informazioa bildu gura dute.
Plana bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legearekin. Lege horrek udalek bete beharreko betebehar zehatzak ezartzen ditu, eta kontuan hartuko du, halaber, EAEko etorkizuneko Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legearen inguruan orain arte dagoen informazioa. Lege horrek beste bultzada bat emango dio klimaren eta energia trantsizioaren aldeko ekintzari, euskal administrazio publikoaren maila guztietan.
Source: Ihobe