Skip to main content
2026ko azaroaren 8a
  • Tokiko jasangarritasun

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak klima-aldaketaren eta energiaren plan integratuari ekin dio

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak klima-aldaketaren eta energiaren plan integratuari ekin dio

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea, Udalsarea 2030i atxikitako erakundea, Klima aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua – Klima Energia Plana, egiten hasi da, 2050era begira.


Ekintza Plan horrek Mankomunitatearen eta hura osatzen duten bederatzi udalerrien ibilbide-orria ezarriko du, nazioartean eta autonomia-erkidegoan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ezarritako helburuak lortzeko, eraginkortasunaren bidez energia aurrezteko helburu espezifikoak txertatzeko, energia berriztagarriak ezartzeko eta erresilientzia eta klima-aldaketarako egokitzapena areagotzeko.


Mankomunitateak urteak daramatza jasangarritasunaren arloan lanean, Jasangarritasunerako Bulegoaren bidez. Bere ekintzen artean, nabarmentzekoak dira Energiaren Eskualdeko Behatokia eta Energiaren Ataria ireki izana. Bertan, datuak jende guztiarentzat daude eskuragarri, baita beste proiektu batzuk ere, Smart City estrategia, besteak beste.


Proiektu horren bidez, Mankomunitateak eta hura osatzen duten udalek egoeraren diagnostiko osoa egin gura dute, eta zenbait ildo estrategiko eta funtsezko ekintza ezarri, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean duten erresilientzia handitzeko.


Lan horren garapenak, eskualdeko hainbat eragile interesdunen parte-hartzea aurreikusten duen Partaidetza Plana barne hartzen du. Horrela, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko herrietako gizarte eta ekonomia arloetako eragileen beharretara eta udalerrien errealitatera egokituko den Plan gauzagarria prestatu gura da.


Parte hartzeko saioei buruzko informazioa horiek egiteko datak hurbildu ahala jakinaraziko da. Lehenengo pauso gisa, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak eta bertako udalerriek klima-aldaketaren arazoaren inguruan herritarrek duten pertzepzioari buruzko informazioa bildu gura dute.


Plana bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legearekin. Lege horrek udalek bete beharreko betebehar zehatzak ezartzen ditu, eta kontuan hartuko du, halaber, EAEko etorkizuneko Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legearen inguruan orain arte dagoen informazioa. Lege horrek beste bultzada bat emango dio klimaren eta energia trantsizioaren aldeko ekintzari, euskal administrazio publikoaren maila guztietan.


Mankomunitatea lanean ari da 2023ko lehen erdialderako Plana amaituta izateko. Proiektuak 50.530 euroko kostua du, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren (15.000 euro), Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Natura Ingurune Sailaren (7.500 euro) eta Energiaren Euskal Erakundearen (5.856 euro) diru-laguntzak ditu.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du