Skip to main content
2026ko urriaren 26a
  • Lurzorua babeste

Eusko Jaurlaritzak esparru egonkorra sortu du kutsatutako lurzoruen arloko entitate akreditatuekin lankidetzan jarduteko

Entidades acreditadas

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko akreditazioa duten entitateak bildu ditu lehen aldiz ostegun honetan Bilbon, sektoreko 60 espezialista baino gehiago bildu dituen topaketa batean. Jardunaldiaren helburua da ingurumen-administrazioaren eta entitate akreditatuen arteko koordinazioa eta elkarrizketa indartzea, irizpide tekniko eta arauemaile komunak aplikatzen aurrera egitea, eta kutsatutako lurzoruen arloko lanen eta akreditazio-sistemaren kalitatea hobetzea.

Entitate akreditatuak lurzoruaren kalitatearekin erlazionatutako ikerketak eta jarduerak gauzatzeko gaitasun teknikoa eta antolaketa-gaitasuna frogatu duten enpresa espezializatuak dira. Entitate horiek:

  • Ingurumen-administrazioak kudeatzen duen erregistro ofizial batean inskribatuta daude.
  • Langile kualifikatuak, ekipamendu egokiak eta lan-prozedura normalizatuak dituzte.
  • Berme osoko independentzia eta lanbide-gaitasuna eskaintzen dute.
  • Arlo horretan balio ofiziala duten azterlanak, txostenak eta dokumentuak egiteko eta sinatzeko baimena duten bakarrak dira.
  • Beren esku-hartzeak ziurtatzen du lanak zorroztasun teknikoarekin egiten direla eta emandako ondorioak fidagarriak eta onargarriak direla administrazio eskudunarentzat.

Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendari Adolfo Uriarte Villalbak eman dio hasiera jardunaldiari, eta Lurzoruaren Kalitate Zerbitzuko arduradun Itziar Bigurik eta Sailburuordetzako zerbitzu juridikoko arduradun Ainhoa Mintegik hartu dute parte, Ihobe sozietate publikoko Leire Escolar eta Ekhi Diaz de Corcuerarekin batera.

Euskadik 43 entitate akreditatu ditu gaur egun

Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendari Adolfo Uriarte Villalbak eman dio hasiera jardunaldiari, eta Lurzoruaren Kalitate Zerbitzuko arduradun Itziar Bigurik eta Sailburuordetzako zerbitzu juridikoko arduradun Ainhoa Mintegik hartu dute parte, Ihobe sozietate publikoko Leire Escolar eta Ekhi Diaz de Corcuerarekin batera.

Topaketan irizpide tekniko eta administratiboak partekatu eta kontrastatu dituzte, jardunbide egokiak azaldu, eta akreditazio-sistemarekin erlazionatuta egon daitezkeen hobekuntzak identifikatu dituzte.

Entitate akreditatuek funtsezko eginkizuna betetzen dute lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko euskal ereduan. Arlo horretako prozedura administratiboak entitate akreditatuek egindako azterlan teknikoetan oinarritzen dira, lurzoruaren egoera baloratzeko eta dagozkion neurriak zehazteko informazioa ematen baitiote ingurumen-organoari.

Irizpide tekniko eta administratiboak eta jardunbide egokiak partekatu eta kontrastatu dituzte, eta akreditazio-sistemarekin erlazionatuta egon daitezkeen hobekuntzak identifikatu dituzte

Akreditazio-sistema hori Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) esparruan kokatzen da. Lege horrek ezartzen ditu lurzoruaren kalitatea ezagutzeko eta kontrolatzeko tresnak, hala nola esplorazio-ikerketak eta ikerketa xehatuak, arriskuen analisia, berreskuratze-planak, hondeaketa selektiboko planak eta lurzoruaren azken egoeraren ikerketa. Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak lurzoruaren kalitatearen arloko prozedurak eta kalitate hori ezagutzeko eta kontrolatzeko tresnen edukia eta irismena arautzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak, gainera, baliabide natural urritzat eta berriztaezintzat hartzen du lurzorua, eta hori babesteko ezinbestekoa da alterazio berriak prebenitzea, esku hartu beharra duten egoerei heltzea eta kutsadura historikoaren ondorio den pasiboa kudeatzea.

Aurrera jarraitzeko bokazioa duen topaketa

Helburua da horrelako topaketek ezagutza eta esperientziak trukatzeko bidea ematea, sortzen diren erronkei elkarrekin aurre egiteko aukera ematea eta kutsatutako lurzoruak gero eta modu koordinatuago, arinago eta eraginkorragoan kudeatzen laguntzea.

Ekimenak jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak esparru horretan garatzen duen lanari. Entitate akreditatuei eta Euskadiko lurzoruen kudeaketaren elementu nagusi diren prozedura administratiboei buruzko informazio guztia euskadi.eus webgunean dago.

 

 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urriaren 14a
  • Lurzorua babeste
Ihobek lurzoru kutsatuei buruzko Common Forumaren udazkeneko bileran parte hartu du, Lisboan
2026ko maiatzaren 25a
  • Lurzorua babeste
Ihobek Euskadiko Lurzoruaren I. Foro Soziala egin du, eta hainbat sektore ekonomikotako 50 bat espezialistak parte hartu dute
2025eko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
2025eko otsailaren 17a
  • Lurzorua babeste
Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du