- Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
Bihar, abenduaren 5a, Lurzoruaren Munduko Eguna ospatuko da. FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) eta NBEk (Nazio Batuen Erakundea) bultzatutako egun horren helburua da lurzoruek hiri-bizitzan eta planetaren jasangarritasunean betetzen duten funtsezko zereginaz kontzientziatzea.
“Lurzoru osasuntsuak hiri osasuntsuetarako” lelopean, FAOk, aurten, ingurune jasangarri eta erresilienteen eraikuntzan hiri-lurzoruek betetzen duten zereginean jarri du arreta
“Lurzoru osasuntsuak hiri osasuntsuetarako” lelopean, FAOk, aurten, ingurune jasangarri eta erresilienteen eraikuntzan hiri-lurzoruek betetzen duten zereginean jarri du arreta. Lurzoru osasungarriek hiriak hozten, uholdeak murrizten, ura kudeatzen, karbonoa biltegiratzen eta biodibertsitateari eusten laguntzen dute.Gainera, funtsezkoak dira nutrienteen ziklorako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako.
Euskadin, ikuspegi hori Lurzorua Babesteko 2030 Estrategian gauzatzen da —estrategia hori 2022an onartu zen, 69 jarduketetarako 137,5 milioi euroko aurrekontuarekin—.Horien artean monitorizazio-sare bat sortzea nabarmentzen da. Sare horren bidez, nekazaritza- eta baso-lurren osasuna ebaluatuko da, lurzoru kutsatuak lehengoratu eta lur antropizatuak berrerabiliko dira eta lurzoru naturalak zigilatzea saihestuko da.
Munduko lurzoruen % 33 oso degradatuta daude, eta arriskuan jartzen dute lurzoruen osasuna eta, hartara, haien funtzio guztiak
Euskadin, azalera osoaren % 6,95 bideratuko da lurzoruaren askotariko erabileretara (etxebizitza, industria edo azpiegitura eta zerbitzu publikoak), eta azalera horren % 1,3 potentzialki kutsatu gisa inbentariatuta dago (9.642 hektarea edo, bestela esanda, 13.504 futbol-zelai).
Nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako jardun ez oso jasangarriak eta klima-aldaketak lurzoruaren eta haren emankortasunaren galera eragiten ari dira.Zehazki, munduko lurzoruen % 33 oso degradatuta daude, eta arriskuan jartzen dute lurzoruen osasuna eta, hartara, haien funtzio guztiak.
Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da Euskadin landutako azaleraren % 4,6 modu ekologikoan lantzen dela (Euskadiko nekazaritza-lurrek 185.689 hektareako azalera hartzen dute, eta horietatik 8.855 hektarea ekologikoak dira). Eta ohiko nekazaritzak ere aurrera egiten du laborantza-teknika gero eta jasangarriagoak ezartzearen arloan.
Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategiak monitorizazio-sare bat sortzea sustatzen du, nekazaritza- eta baso-lurren osasuna ebalua dadin, lurzoru kutsatuak lehengoratu eta lur antropizatuak berrerabil daitezen eta lurzoru naturalak zigilatzea saihestu dadin
Lurzoruaren zaintzari eta erresilientziari buruzko Europako Zuzentaraua onartzea mugarria izan da Europan lurzoruaren baliabidea babesteko garaian. Europar Batasunak, lehen aldiz, lege-esparru erkidea ezarri du lurzoruaren osasuna bermatzeko, eta funtsezko beste elementu batzuek, hala nola urak eta aireak, duten garrantziaren pareko garrantzia eman dio lurzoruari.
2050erako lurzoruaren egoera ona lortzeko helburua finkatzen duen araudi hori hiru funtsezko ardatzetan egituratzen da: lurzoruaren babeserako lehen esparru juridiko espezifikoa sortzea; parametro fisiko, kimiko eta biologikoak ebaluatuko dituzten jarraipen-sistema harmonizatuak ezartzea; eta lurzoruaren zigilatzea eta okupazioa murriztea, lurzoruaren kudeaketa jasangarriaren bidez eta eremu degradatuak lehengoratzearen bidez. Horrekin, Europar Batasunak zenbait hamarkadatako ahanztura alde batera utzi, eta lurzorua jarri nahi du ingurumen- eta klima-politiken erdigunean.
Iturria:Ihobe