- Local public action
Amiantoaren udal inbentarioak eta erroldak egiteko proposatutako metodologiari buruzko lanaldia
Udalsarea 2030ek amiantoaren udal-erroldak eta inbentarioak egiteko garatutako metodologia kontrastatzeko saio bat egin du, udalaei zuzendutako Amiantoaren udal-erroldak egiteko gida metodologikoa argitaratzeko egiten ari diren lanen barruan.
Jardunaldian gai honetan aurreratuen dauden toki erakundeetako batzuek hartu dute parte, gida egiten laguntzen ari diren erakundeekin batera.
Jardunaldiaren helburua proposatutako metodologia aztertzea eta proposatutako helburuak lortzeko oztopo edo zailtasun posibleak identifikatzea izan da. Gainera, erroldak egin dituzten udalek euren esperientziak partekatu dituzte. Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, erroldak egiten eta amiantoa kudeatzen udalei laguntzeko abian jarritako tresnak errepasatu ditu.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila ari da gida metodologiko hau prestatzen, Ihoberen bitartez eta Osasun Sailarekin eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin lankidetzan.
Lana Udalsarea 2030en barruan identifikatutako eskaerari erantzuteko egiten da, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen hamalaugarren xedapenean ezarritako betebeharrari dagokionez. Horren arabera, udalek amiantoa duten instalazioen eta tokien errolda egin behar dute, haien erretiratzea planifikatuko duen egutegia barne, eta 2028a baino lehen kudeatu beharko diren arrisku handieneko instalazio edo toki publikoak zehaztuz.
Gidan jasotzen den metodologiaren arabera, erroldak pixkanaka eta 3 fasetan egingo dira. Lehenengo faseak irismen orokorragoa izango du udal-eskalan, eta azken fasea inbentariatutako instalazio eta toki bakoitzean garatuko da zehatz-mehatz.
Source: Ihobe