- Sostenibilidad local
Udalsarea 2030ek bere 20. urteurrena ospatuko du irailaren 12an Donostian
Udalsarea 2030ek, Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak, Euskadiko tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko Agenda 2030 bultzatzen daramatzan 20 urteak ospatuko ditu irailaren 12an, euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsiko duen ekitaldiarekin. Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, urteurren horren ospakizunak euskal erakundeen eta Udalsarea 2030 osatzen duten erakundeen ordezkaritza zabala bilduko du nazioarteko Tabakalera zentroan.
Ekitaldian, Harvardeko Hirigintza eta Hirien Zientziako ikertzaile eta Aretian Urban Analytics and Design-en sortzaileetako bat den Ramón Grasek parte hartuko du, hiriaren diseinuan aplikatutako zientziari buruzko hitzaldi inspiratzaile batekin.
Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea 2002ko abenduan sortu zen, euskal administrazio publikoen arteko koordinaziorako foro gisa, udal mailan jasangarritasuna sustatzeko, EAEko udalerrietan Tokiko Agenda 21 ezartzeko bidean aurrera eginez. Udalsarearen jatorria EAEko Ingurumen Esparru Programaren testuinguruan izan zen, Udaltalde 21 izeneko dinamikaren bidez. Dinamika horrek lurralde-hurbiltasuna partekatzen zuten udalerri-taldeetan lan egiteko eta Tokiko Agenda 21ak definitzeko prozesua elkarrekin gauzatzeko aukera ematen zuen, eskualdeko erakunde bateratzaileen inplikazioarekin eta koordinazioarekin. Aldi horretan, EAEko biztanleen % 98a biltzen duten 240 udalerrik tokiko jasangarritasuneko ekintza-planak zituzten. Guztira 190 udalerrik egin zituzten plan horiek Udaltalde 21en barruan.
Bigarren hitzarmen arautzailearen ondoren, 2016ko apirilean, tokiko jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berritzeko akordioa sinatu zen, eta guztira 191 udalerri atxiki zitzaizkion, Eusko Jaurlaritzarekin, foru-aldundiekin eta beste erakunde publiko batzuekin batera.
2019an, sareak Udalsarea 2030, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea, izena hartu zuen, kideen ibilbidearekin bat etorriz eta bere helburuak 2030 Agendaren jarraibideekin lerrokatuz.
Urte hauetan egin diren 60 Batzorde Teknikoetan gai nagusiak, informatiboak eta kideen interesekoak jorratu dira, eta sarearen atzean dauden pertsonen kohesioa eta sendotzea bultzatu da. Topaketa horietan, gainera, toki-erakundeek ekimenak eta jardunbide egokiak partekatu dituzte hainbat eremutan, materia organikoa etxean biltzeko sistema aurreratuetan, soluzio naturaletan oinarritutako klima-ekintzako udal-proiektuetan, elikadura-estrategietan edo sektore espezifikoetan elikagai-hondakinak murrizteko ekimenetan, kutsadura akustikoaren aurka borrokatzeko neurrietan, uraren kalitatean, ingurumen-osasunean, garapen jasangarrirako hezkuntzan edo genero-berdintasunean, besteak beste.
Toki erakundeak protagonista diren 35 lantalderen bidez, Udalsarea 2030ek udalerrietako lan eremuekin lotutako behar espezifikoei erantzun die: klimaren aldeko ekintza, erosketa publiko berdea, biodibertsitatea, osasuna eta ingurumen kalitatea, mugikortasuna, hondakinak, eta abar. Lan-talde horien erronka nagusiak azaleratzen ari diren gaiei buruzkoak izan dira, esperientziak partekatuz, elkarrekin aurrera egiteko eta lortutako ezagutza gainerako toki-erakundeekin partekatzeko, 21 Lan-koaderno argitaratuz.
Fuente: Ihobe