Pasar al contenido principal
09 feb 2022
  • Biodiversidad

Euskadiko itsas ingurunea egoera onean dago

Euskadiko itsas ingurunea egoera onean dago

Lehenengo aldia da euskal itsas ingurunea modu globalean eta espezifikoki ebaluatzen dena, Ihobek AZTIren lankidetzarekin egindako “Euskadiko itsas ingurunearen 2021eko egoera” izeneko lehen diagnostikoari esker

Egindako lanak itsas ekosistemaren egoeraren ebaluazio integratuaren alderdi guztiak hartzen ditu barne, eta Europako Itsas Estrategiaren Esparru Zuzentarauak kontserbazio egoerarako ezartzen dituen adierazleetan oinarritutako metodologia bati jarraituz egin da; horren helburua da Estatu kide guztiek beharrezkoak diren neurriak hartu ditzatela itsas ingurunearen ingurumen-egoera ona lortzeko edo mantentzeko.

Egindako sailkapenaren arabera, ekosistemaren osagaiak, hala nola ura, sedimentuak, fitoplanktona, zooplanktona, makroalgak, makroornogabeak, arrainak eta hegaztiak, egoera onean edo oso onean daude, eta, hortaz, azken egoera orokorra ona dela ondorioztatu da. Egoera on hori habitat pelagikoan ere ikusten da, hau da, gainazaleko eta erdiko mailako uretan; eta habitat bentonikoan ere, hots, ur-ekosistemen hondoa okupatzen duen habitatean.

12 itsas miliatik haragoko urak EAEko kostaldearen aurreko Eremu Ekonomiko Esklusiboaren % 73 dira –itsas eremu horretan aplikatzen dira itsas baliabideak ustiatzeko eta erabiltzeko eskubideak- eta oso egoera onean daude, osagai ekosistemiko guztiak barne sartuta, ugaztunak izan ezik, horiek egoera txarragoan baitaude. 12 itsas miliatik harago dagoen egoera on hori habitat pelagikoan ere antzematen da; habitat bentonikoa, berriz, oso egoera onean dago, erabilitako sailkapenaren arabera.

Jurisdikziopeko urak, hau da, 1 eta 12 itsas milia bitarteko eremukoak, egoera onean daude sailkatuta. Sedimentuak eta itsas ugaztunak neurrizko egoeran daude, eta itsas hegaztiak egoera txarragoan. Habitat pelagikoa oso egoera onean dago, erabilitako sailkapenaren arabera, baina bentonikoa ez da egoera onera iristen.

Itsas milia batetik beherako kostalde-urak oso egoera onean daude sailkatuta. Itsas ugaztunak dira neurrizko egoeran daudenen taldean sailkatu diren bakarrak. Habitat pelagikoari dagokionez, oso egoera onean dago sailkatuta.

Euskal itsas kostaldearen egoeran eragina duten presioei dagokienez, arrantzari zuzendu behar zaio arreta, batez ere arrasteko arrantzari; izan ere, badirudi hori dela euskal itsas ondarearen gaineko inpakturik handienak sortzen dituen presio nagusia.

Ugaztunen eta itsas hegaztien espezieen taldeen egoerari dagokienez, haien egoerak arrantzarekin ere du zerikusia, beste alderdi batzuen artean, tretzak edo beste arrantza-aparailu batzuek eragindako hilkortasun akzidentalaren eraginez. Horregatik, talde horientzat oso onuragarria izango litzateke itsaso zabalean itsas eremuak sortzea eta modu eraginkorrean kudeatzea, batez ere kantilaren eta Capbretongo arroilara itsaspetik iristen den arroila-sistemaren arteko gunean.

Itsasoaren eta Euskadiko kostaldearen babesa bultzatzea


Egindako lanaren helburua da ezagutza-oinarri bat proposatzea Euskadiko itsas ondare naturalaren babesa bultzatzeko. Aipatu behar da itsas ingurunearen eta kostaldearen kudeaketa funtsezkoa eta lehentasunezkoa dela Europako klima-ekintzan. Diagnostikoak ahalbidetuko du itsas ingurunera zuzendutako ekintzari heltzea, Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren baitan; helburua da habitat eta espezieen galera eta narriadura gelditzea eta haien kontserbazio egoera hobetzea, lurralde erresiliente eta multifuntzionalaren bidean aurrera egiteko.

Hau da itsas ingurunea modu globalean ebaluatu den lehenengo aldia; izan ere, orain arte zenbait ebaluazio egin dira itsas ingurunearen egoeraz, baina ebaluazio horiek gainezartzen ziren edo euskal kostaldearen aurreko itsas eremu geografikoaren zati bat soilik hartzen zuten barne. Ebaluazio batzuk eremu geografiko zabalagoetan egin ziren, hala nola Europa osoan, iberiar kostaldean edo Bizkaiko golkoan. Diagnostikoan euskal kostaldearen aurreko Eremu Ekonomiko Esklusiboa hartu da erreferentziatzat; berau azterketa-unitate txikiagotan zatitu da, itsas inguruneari buruzko erreferentziazko araudi eta zuzentarauetan ezartzen diren mugen arabera. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez dituen aplikatu behar muga horiek, eskumen-ondorioei dagokienez, garrantzitsutzat jo da diagnostikoa horrela egitea, bai ikuspegi zabalago bat izateko eta bai ezagutza-oinarri bat sustatzeko, horren bidez Euskadiko kostaldearen itsas ondare naturalaren kudeaketa erraztu ahal izateko etorkizunean, eremu horretan eskumenak dituzten erakunde guztiekin koordinatuta eta haiekin lankidetzan arituz.

Fuente: Ihobe

También te puede interesar

24 ene 2025
  • Biodiversidad
El Foro Social de la Biodiversidad de Euskadi reúne a medio centenar de agentes involucrados en la conservación de la naturaleza
05 ago 2024
  • Biodiversidad
Un informe KLIMATEK identifica medidas para la conservación de artrópodos beneficiosos en un escenario de cambio climático
23 abr 2024
  • Sostenibilidad local
  • Planificación ambiental
  • Biodiversidad
El Gobierno Vasco impulsa la conservación del patrimonio natural mediante nuevas subvenciones para proyectos de investigación en 2024
21 feb 2024
  • Biodiversidad
  • Planificación ambiental
Euskadi ha invertido más de 200 millones de euros desde 2010 en preservar hábitats y especies de alto valor ecológico en la Red Natura 2000