Pasar al contenido principal
09 ene 2023
  • Sostenibilidad local

Bizkaiko Foru Aldundiak plan bat onartu du, 2030erako energia-kontsumoa murrizteko 41 ekintza biltzen dituena

Bizkaiko Foru Aldundiak plan bat onartu du, 2030erako energia-kontsumoa murrizteko 41 ekintza biltzen dituena

Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalsarea 2030ek udalaz gaindiko erakunde gisa hartutako akordio berriarekin berriki bat egin duenak, Energia-jarduketen plana onartu du. Dokumentu horrek erakundeak jasangarritasun energetikoaren arloan jarduteko dituen oinarriak eta ildo orokorrak ezartzen ditu, eta hainbat eremutan aplikatzekoak diren 41 ekintza jaso ditu, energia-kontsumoa murrizteko. Dokumentuan, gainera, foru-erakundean zeharkako koordinazio eta funtzionamendurako modu berri baten oinarriak ezartzen dira, inplikatutako sailek legezko betebeharrak eta epe ertain eta luzerako jasangarritasun energetikoko konpromisoak bete ditzaten.


Plana hasierako diagnostiko batetik abiatzen da, ondoren garatu beharreko ekintzak definitzeko, horrela EAEko Jasangarritasun energetikoari buruzko 4/2019 Legean ezarritakoa betetzeko eta arau horrek 2030era arte ezartzen dituen helburuei heltzeko. 41 ekintza horiek bost esparrutan kokatzen dira: gobernantza, eraikinak eta instalazioak, foru-errepideak, ibilgailuen parkea eta planetan eta kudeaketa publikoan integratzea.


Jarduketa gehien biltzen dituen esparrua eraikin eta instalazioena da. Planak 18 ekintza proposatu ditu esparru horren baitan, horien artean: % 100 berriztagarria den energia elektrikoko hornidura bermatzea; energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioen kopurua handitzea, 2030ean foru-eraikin guztiek mota horretako instalazio nahikoak izan ditzaten beren kontsumoaren % 32 hornitzeko, edo energia-eraginkortasuna hobetzera bideratutako neurriak (termostatoen kudeaketa, aireztapena eta berokuntza hobetzea...).


Ekintza-multzo gehien biltzen dituen hurrengo esparrua (10 jarduketa) planetan eta kudeaketa publikoan integratzea da, eta honako hauek hartzen ditu barne: kontratuak berrikustea, energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak laguntzeko eta bultzatzeko atalak sartzeko; jasangarritasun energetikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren lurralde-plangintzan txertatzea, edo Bizkaibuseko emakiden berritzean sartzea zerbitzua ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuen bidez eman beharra.


Gobernantzaren esparruan 6 ekintza jaso dira.

Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: elkarteak eta foru-erakundeak energiaren foru-plangintzan eta -gobernantzan integratzea, langileen artean energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko jarraibideak eta teknikak zabaltzea, foru-langileei arlo horretako teknikei buruz prestakuntza ematea edo energia-jarduketako unitate bakoitzeko energia-jarduketa planak definitzea.


Gainerako sei ekintzak zati berdinetan banatu dira foru-errepideekin eta ibilgailuen foru-parkearekin zerikusia duten ekintzen artean. Errepideei dagokienez, nabarmentzekoa da luminarien ordez LED teknologia erabili nahi dela, energia-kontsumoa % 60 murrizteko 2050erako. Ibilgailuen parkearekin lotutako jarduketek honako ekintzak hauek hartzen dituzte barne: aurrezpen eta eraginkortasun energetikoko irizpideak sartzea flotak eta ibilgailuak berritzeko prozesuetan, ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuak eskuratzea eta ibilgailuen eta horien kontsumoen inbentarioa egitea eta mantentzea.


Bizkaiko Foru Aldundiko energia-kontsumoko elementu guztien diagnostikoaren bidez, oinarrizko erreferentzia-maila bat ezarri da, legeak ezarri bezala, 2030erako kontsumitutako energia % 35 murrizteko helburua lortzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, 2021ean, dagoeneko % 19 murriztu zuen energia-kontsumoa, oinarrizko erreferentzia-maila horrekin alderatuta, eta agerian utzi zuen duela urte batzuk abian jarritako jarduketen eraginkortasuna.


Era berean, jarduketa-esparru bakoitzean aurrezteko dagoen potentziala kalkulatu da; hala, proposatutako jarduketen bidez, kalkulatu da foru-eraikinetan % 25eko energia aurreztuko dela, eta errepideen esparruan, berriz, % 58. Gainera, oraingo ibilgailuak ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuekin ordeztea 2021eko ibilgailuen parkeko flotaren % 32ra iritsiko litzateke.


Herritarren eta foru-langileen parte-hartzea


Plana egiteko, bi partaidetza-prozesu garatu dira, eta herritarrak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak izan dira protagonistak.


Foru-langileei azaroaren 21etik 30era bitartean kontsultatu zitzaien, erakundearen intranetean argitaratutako online galdera-sortaren bidez. Azkenean, 93 pertsonak erantzun zuten. Bestalde, herritarrei egindako kontsultan (online galdera-sortaren bidez ere egin zen, baina Foru Aldundiaren partaidetza publikoaren webgunean argitaratu zen), 496 galdetegi jaso ziren.


Bi kasuetan, parte-hartzaileen % 98k garrantzitsutzat jo zuen foru-erakundeak plan bat egitea, bertan energia-kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarriak sartzeko jarduketak jasotzeko. Era berean, ehuneko oso altu batek -foru-langileen % 91k eta herritarren % 86ak- uste du Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegin handiagoa egin behar duela aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko.


Galdetegiei erantzun ondoren, foru-plantillako langileek egindako 241 ekarpen jaso ziren. Ekarpen horiek honako esparru hauetan taldekatu daitezke: gobernantza (36 proposamen), eraikinak eta instalazioak (66 ekarpen), ibilgailuen parkea eta mugikortasun jasangarria (23), lan-antolaketa (86) eta beste batzuk, hala nola, kontratazioa, ur-kontsumoa eta hondakinen sorrera (30).


Herritarrek, bestalde, 510 ekarpen egin zituzten jarduketei dagokienez: 90 ekarpen egin zituzten gobernantzaren esparruan; 103 aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren esparruan; 71 energia berriztagarrien esparruan; 73 ibilgailuen parkearen eta mugikortasun jasangarriaren esparruan; 25 lan-antolamenduaren esparruan; 73 partikularrentzako, udalentzako eta enpresentzako laguntza ekonomikoen esparruan, eta 75 bestelako esparruetan, hala nola, kontratazioa, ur-kontsumoa edo hondakinen kudeaketa.


Ekarpen horiek guztiak planaren funtzionamenduan inplikatutako unitate arduradunei bidali zaizkie, azter ditzaten eta kontuan har ditzaten dokumentuan proposatutako jarduketak garatzerakoan.

Fuente: Ihobe

También te puede interesar

15 ene 2026
  • Sostenibilidad local
Las entidades locales vascas ponen en marcha más de un centenar de proyectos para actuar en la mejora ambiental de su entorno
24 sep 2025
  • Sostenibilidad local
Nueva convocatoria de ayudas para que las entidades locales impulsen la transición sostenible en Euskadi
18 sep 2025
  • Sostenibilidad local
El proyecto europeo LIFE OCTOPUS evalúa sus avances en un primer encuentro en Varsovia
17 sep 2025
  • Sostenibilidad local
El Gobierno Vasco presenta la nueva orden de ayudas a entidades locales que realicen acciones de desarrollo sostenible