- Planificación ambiental
Jarduteko garaia da ekimenak euskal gizarteari dei egiten dio klima-aldaketaren aurrean erabakiak har ditzan
Ekimenak gogorarazten du eguneroko keinuek desberdintasuna markatzen dutela eta enpresen, erakundeen eta herritarren arteko konpromiso bateratua hartzera gonbidatzen du
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak abiarazitako ekimen horrek 2050eko euskal gizarteari zuzendutako bideo bat du, ingurumenaren arloko egungo egoera aztertzen duena. Eusko Jaurlaritzak pieza horretan adierazten du Euskadi une garrantzitsu baten aurrean dagoela eta une horretan eguneroko keinuek desberdintasuna markatzen dutela. Halaber, enpresen, erakundeen eta herritarren artean konpromiso bateratua hartzera gonbidatzen du.
Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Ihobe eta EEE (Energiaren Euskal Erakundea) sozietate publikoekin lankidetzan 2021ean egindako inkesta baten bidez lortutako datuetan oinarritzen da kanpaina. Azterketak erakusten du euskal gizartea jabetzen dela klima-aldaketak dakartzan arazoen larritasunaz, Europako batezbestekoaren apur bat gainetik (8,1 vs 8,0).
Azterketatik ateratzen diren ondorioen artean, azpimarratzekoa da EAEko biztanleria gero eta arduratsuagoa dela eta uste duela beharrezkoa dela bere bizimodua aldatzea. Inkestatutako 10 pertsonatik 9k onartzen dute erosotasunei uko egin behar dietela, eta beharrezkotzat jotzen dute energia-kontsumoa murriztea klima-aldaketari aurre egiteko.
Jarduteko garaia da kanpainak EAEko biztanleek arlo horretan dituzten kezka nagusiak aztertzen ditu, hala nola klima-ekintzan gehiago inbertitzeko nahia edo gizartearen % 90aren apustua berdeguneak handitzearen eta tokiko elikagaien kontsumoa sustatzearen alde. Izan ere, EAEko gazteen % 58k uste du klima-aldaketaren aurkako borrokak lehentasuna duela beste edozein politikaren gainetik.
Inkestatik ondorioztatzen da, halaber, harrera ona dutela ibilgailu kutsatzaileenei zergak gehitzea bezalako neurriek, herritarren % 70 alde baitago (gazteen artean, % 80 dira alde dagoena).
Halaber, argi dago euskal gizartea energia berriztagarrien alde dagoela, baita energia horiek izan ditzaketen alde txarrekin ere. Izan ere, 4 lagunetik 3 prest daude beren ingurune hurbilean energia berriztagarrien instalazio bat edukitzeko, hala nola eguzki-parke bat edo haize-errota bat.
Lege berria, parte hartzeko prozesuan
Otsailaren 28ra arte irekita egongo da Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legearen parte-hartze publikoko prozesua
Euskadi une garrantzitsu batean murgilduta dago; duela ia bi urte klima-larrialdia deklaratu zuen, eta une honetan Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea lantzen ari da. Zehazki, aurreproiektua parte-hartze publikoko prozesuan dago, eta otsailaren 28ra arte ekarpenak egin daitezke Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariaren bidez.Legearen helburua da Euskadin klima-neutraltasuna lortzea 2050ean beranduenez, eta lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia handitzea, ekitatea eta elkartasuna bermatuko dituen trantsizio justu eta jasangarri, sozial, ekonomiko eta ingurumeneko baten bidez.
Lege berriaren helburu nagusien artean sartzen da nazioarteko konpromisoak betetzen laguntzea berotegi-efektuko gasak murrizteari eta klima-aldaketaren efektuetara moldatzeko neurriak ezartzeari dagokienez. Bai eta deskarbonizazio-prozesua estimulatzea ere, euskal sektore sozioekonomiko guztietan energia-trantsizioa erabiliz, eta lurraldearen eta bertako erakundeen, enpresen eta gizartearen moldatzeko gaitasuna handitzea.
Lege berriak aldaketa sustatzen du trantsizio-energien bidez, digitalizazioaren bidez eta kontsumitzaileak energia-sistemaren erdigunean jarriz, eta, horrez gain, gizartea gaitzea eta harmonizazioa bultzatzea finantzaketa, fiskalitatea edo ikerketa bezalako arloetan.
Fuente: Ihobe