- Sostenibilidad local
Eibarrek Berrerabili eta Berrasmatu ekimena jarri du abian hondakinak modu sortzailean berrerabiltzeko
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Berrerabili eta berrasmatu tailerren edizio berri bat jarriko du abian bigarren urtez jarraian, datorren hiruhilekoan zehar. Ekimenaren helburua da erabilitako objektuak berrerabiltzea, birziklatzea eta konpontzea sustatzea, objektuei balio erantsia emanez eta bizitza erabilgarria luzatuz.
Tailer hauekin, herritarrei tresnak eskainiko zaizkie beren sormena praktikan jarri eta kontsumo-ohituretan eragiteko, eta horrek zuzenean lagunduko du hondakin gutxiago sortzen, birziklatzea sustatzen eta jatorrian hondakinak behar bezala bereizten, ingurumena errespetatzeko jarrerak eta balioak garatzeaz gain.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, Gaur egun birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoak dira hondakinen sorrera eta material berrien fabrikaziotik eratorritako efektu kutsatzailea murrizteko. Horregatik, Eibarko Udalak lanean jarraitu nahi du politika jasangarriagoak garatuz eta gizarte osoa borroka horretan inplikatuz. Hala, tailer hauei esker, etxean ditugun objektuak eta materialak modu atsegin eta ludikoan aprobetxatzeko ideia berriak jaso daitezke, familiako kide guztiak inplikatuz.
13 tailer izango dira guztira, eta 230 plaza. Tailer gehienak helduentzat dira, baina lau haurrentzat bakarrik izango dira, eta hiru talde espezifiko familientzat.
Tailerren gaiak askotarikoak izango dira, hala nola elikadurarekin lotutako alderdiak, zurgintza, joskintza, bizikletak edo tresna elektroniko eta elektrikoak, besteak beste.
Urriaren 19an hasi eta abenduaren 13an amaituko dira.
Izen-ematea bi txandatan egingo da. Lehen txandarako, alegia, azaroaren 15era arteko tailerretarako, izen-emate epea irailaren 26tik urriaren 9ra arte izango da. Eta tailerren bigarren txandarako (azaroaren 15etik aurrerakoak), izen-emate epea urriaren 24an hasi eta azaroaren 6an amaituko da.
Etxeko oinarrizko konponketak: arotzeria, Topografia ludikoak: jolas unibertso berriak familian, Sortu markoa zure argazki kutunarentzat, Birziklatu erabiltzen ez duzun arropa, Bizi bizikletaz!: mantenimendu kit aurreratua I, Biziberritu zure altzari eta dekorazio objektuak, Etxeko oinarrizko konponketak: elektrizitatea eta elektronika, Betiko sukaldaritza: aprobetxamenduko errezetak, 3R esperimentuak, Pertsonalizatu etxeko paperezko poltsak eta Larruarekin jolasean: osagarri eta apaingarriak taikerren gaiak izango dira.
Tailer guztiak Eibarko hainbat entitaterekin elkarlanean antolatu dira, eta haien instalazioetan egingo dira saioak, horretarako egokituta baitaude, eta, hortaz, beharrezko baliabideak dituzte.
Entitate laguntzaile horiek tokiko sei saltoki dira (El Taller de Manualidades, Eskusutxo, Zorionak Ludoteka, Farmacook, Harixan eta Adarabar); horietaz gain, Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua. Tailer guztiak leku horietan egingo dira, bizikletak konpontzeko tailerra izan ezik, udal instalazioetan egingo dena.
Horrela, herritarrek Eibarren berrerabilera, birziklapena eta konponketa sustatzeko dauden espazioen kopurua eta aniztasuna identifikatu ahal izango dituzte.
Fuente: Ihobe