Pasar al contenido principal
31 mar 2023
  • Sostenibilidad local

Donostiak hiriko Turismoaren jasangarritasunean sakontzeko ekonomia zirkular proiektua aurkeztu du Udalsarea 2030en 62. Batzorde Teknikoan

Donostiak hiriko Turismoaren jasangarritasunean sakontzeko ekonomia zirkular proiektua aurkeztu du Udalsarea 2030en 62. Batzorde Teknikoan

Udalsarea 2030en 62. Batzorde Teknikoak berrogeita hamar parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu Donostiako Udaletxean. Bileran, Ihobek egiten duen sareko idazkaritza teknikoak, Kudeaketa Planari buruzko informazioa eman du, azken hiruhilekoko jarduera eta datozen hiru hilabeteetan Lurzoruen talde iraunkorrean, Klima-ekintzako taldean eta Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdeko taldean bultzatu beharreko lan-ildoak jasoz.


Lurzorua Babesteko Euskadiko 2030erako Estrategiaren esparruan, Lurzoruen talde iraunkorrak bi saio egin ditu, eta jardunbide egokien banku batean lanean ari dira. Datozen asteetan, Udalsarea 2030ek lantalde espezifikoak, prestakuntzakoak (apirilaren 25ean), diru-laguntzetakoak (maiatzaren 19an) eta hutsik dauden lurzoruetakoak (data zehaztu gabe dago) abiaraztea aurreikusi du.


Klima-ekintzako trakzio-taldeari dagokionez, bi bilera egin dira Euskadin tokiko klima-ekintza bultzatzeko prozesuaren parte aktiboa izateko eta Klima eta Energiarako Alkatetzen Itunari atxikitzeko. Hala, urtarrilaren 18an, diagnostikoa alderatzeko lehen saioa egin zen, eta martxoaren 16an estrategiaren zirriborroa kontrastatzeko bigarren bilera.


Udalsarea 2030en idazkaritza teknikoak jakinarazi duenez Gobernu Kontseiluak martxoaren 21ean, “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Instituzionalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen erosketan eta kontratazioan ingurumen-klausulak txertatzeari buruzko jarraibidea” onartu zuen.

Kontratazio publiko berdearen arloan, gainera, obren kontratazioan bigarren mailako materialen % 40 sartzeko betebeharra betetzea errazteko gida argitaratu du Ihobek. Aldi berean, sareak banakako ibilbide-orriak diseinatzen ditu, parte hartzen duten erakundeetan Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea abian jartzeko. Orain arte bi saio egin dira (urtarrilaren 24an eta martxoaren 7an) eta maiatzaren 16an hirugarren saioa egitea dago aurreikusita.


2023ko lehen batzorde teknikoak 50.000 biztanletik gorako udalerrietan emisio urriko eremuak sortzeko bilera zehaztu du. Bilera hori otsailaren 8an egin zen Gasteizko, Barakaldoko, Bilboko, Getxoko, Donostiako eta Irungo udaletako ordezkariekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Airearen Kalitatearen Zuzendaritzarekin, Eudelekin, EEErekin eta Ihoberekin. 50.000 biztanletik gorako udalerrietan du eragina. Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Legetik eratorritako betebeharra betetzeko topaketek jarraipena izango dute urtean zehar, eta arlo juridikoan laguntza izango dute.


Politika publikoen ebaluazio eta jarraipenerako 11. programari buruzko aurrerapenen barruan, tokiko ekintza jasangarriaren ebaluazio- eta jarraipen-prozesuak dinamizatzeko erakundeei laguntzera bideratutako ekintzak jorratu zituen batzordeak, e-mugi aplikazioaren bidez. Ildo horretan, tokiko planen ebaluazioarekin, adierazleen kalkuluarekin eta berotegi-efektuko gasen inbentarioarekin eta karbono-aztarnaren kalkuluarekin jarraitzen da. Gainera, IMDS sistema aztertu da, tokiko erakundeekin kontrastatu da, zenbait adierazle egokitu dira eta datuen lehen karga egin da e-mugin.


Era berean, Udalsarea 2030en idazkaritza teknikoak Tokiko ekintza jasangarria koordinatzeko eta bultzatzeko Batzordearen bigarren bileraren berri eman zuen. Udalaz gaindiko sareko erakundeek osatzen dute Batzordea, eta martxoaren 15ean egin zen. Laster Hazi atxikiko zaio sareari, berriki Udalsarea 2030ekin bat egin ondoren.


Esperientzia partekatuak: Donostiako Udala eta “Gazte enplegua klima-aldaketan eta energia-trantsizioan toki-administrazioan”


Ana Juaristi Donostiako Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun zerbitzuburuak, hiriko turismoaren jasangarritasunean sakontzeko ekonomia zirkularreko proiektuak aurkeztu ditu. Lehen proiektua 2021. urtean egin zen, “Zero plastik hotelak eta apartamentuak” izenarekin, eta hiru helburu zituen: hondakinen sorkuntza murriztea, kudeaketa hobetzea eta erabiltzaileak sentsibilizatzea. Guztira, 18 establezimenduk eta 272 apartamentu turistikok hartu zuten parte, eta aholkularitza-, prestakuntza-, zabalkunde- eta tailer-ekintzak egin zituzten. Oro har, ekimena era positiboan baloratu da.


Martxan jarri den bigarren proiektua “Ecolabela hoteletan” da, eta hotel-establezimenduen artean Ecolabel bereizgarri europarra dinamizatzea du helburu. Donostiako Udalak laguntza eskaintzen du ekoetiketak eskatzen dituen irizpideak ulertzeko, ekoetiketa lortzeko beharrezkoak diren jarduerak planifikatzeko lan-plan bat egiteko, irizpideen ezarpenaren jarraipena egiteko, barne-ikuskaritza egiteko eta ekoetiketa eskatzeko administrazio-izapideetan laguntzeko.


“Donostia Xahuketarik gabe” da abian dagoen hirugarren proiektuaren izena. Bereizgarri hori neurri hauek betetzen dituzten establezimenduei ematen zaie:

  • Hondakin zatiki guztiak behar bezala bereiztea, biohondakina barne.
  • Elikagaiak alferrik galtzearen prebentzioan eragin argia izango duen neurri bat gutxienez ezartzea.
  • Edateko iturriko ura doan eskaintzea.
  • Hartzen diren prebentzio-neurriei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea langileei.


Esperientziekin jarraituz, Lanbideren “Gazte enplegua klima-aldaketan eta energia-trantsizioan toki-administrazioan” programaren balorazioa ere egin da. Erreminta-gidaren barruan dago, eta EEEk eta Ihobek sustatzen dute, Novia Salcedo Fundazioarekin lankidetzan. Programak, klima-aldaketaren eta energiaren arloan prestatutako hogei bat gazte biltzen ditu udaletan eta eskualdeko erakundeetan, eta tokiko administrazioetako lantalde teknikoak indartzea du helburu, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatzeaz gain.


Gaur egun Azkoitiko Udalean eta Aiarako Kuadrillan programa horren esparruan lanean ari diren eta urtebetez kontratatuta dauden bi gazteek programaren, metodologiaren eta helburuaren balioa nabarmendu dute.


2030 Eskola Agendaren udal-dimentsioari buruzko gida praktikoa


Topaketa horretan, irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamendu publikoen Ingurugela sareak iragarri duenez, datorren urtean argitaratuko da “Eskolako 2030 Agendaren udal-dimentsioa” gaiari buruz iaz egindako gida.


Jokin Lapazak azaldu duenez, “Eskolako 2030 Agendaren programaren helburua jasangarritasunaren kultura hezkuntza-komunitateetan integratzea da, batez ere ikasleengan, arazo ekologiko eta sozialen konponbideetan esku hartzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta konpromisoak garatuz, maila lokalean eta globalean, eta ikastetxean eta udalerrian ekintza eraldatzaileak eginez, indibidualak zein kolektiboak”.


Batzordean Tokiko Agenda 2030 lantaldearen gako eta emaitza nagusiak ere azaldu dira, eta topaketaren azken puntuan Eusko Jaurlaritzaren tokiko garapen jasangarrirako laguntzen aginduaren gako nagusiak aipatu dira.


Udalsarea 2030en 62. Batzorde Teknikoak hurrengo mugarri interesgarriak eta lantalde, jardunaldi eta abarren egutegia errepasatu ditu, eta Linkedin sare sozialean sartu berri dela iragarri du.



Fuente: Ihobe

También te puede interesar

15 ene 2026
  • Sostenibilidad local
Las entidades locales vascas ponen en marcha más de un centenar de proyectos para actuar en la mejora ambiental de su entorno
24 sep 2025
  • Sostenibilidad local
Nueva convocatoria de ayudas para que las entidades locales impulsen la transición sostenible en Euskadi
18 sep 2025
  • Sostenibilidad local
El proyecto europeo LIFE OCTOPUS evalúa sus avances en un primer encuentro en Varsovia
17 sep 2025
  • Sostenibilidad local
El Gobierno Vasco presenta la nueva orden de ayudas a entidades locales que realicen acciones de desarrollo sostenible