- Sostenibilidad local
Zabalik dago udalerri txiki eta ertainen jasangarritasunerako 2022ko Conama Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea
Udalerri txiki eta ertainen jasangarritasunerako Conama Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 14an amaituko da. Azaroaren 21etik 24ra egingo den 2022ko Ingurumenaren Kongresu Nazionalean emango den sari horren helburua beste herri batzuentzat eredugarriak izan daitezkeen ekimenak ikusaraztea eta garapen jasangarriaren alde lan egiten duten udalerrien edo toki-erakundeen esfortzua aitortzea da.
Conama Fundazioak bultzatzen duen sariak bi kategoria ditu 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak eta 5.000 eta 30.000 biztanle artekoak, eta abian jarrita edo erabat amaituta dauden eta ingurumenarekin, garapen jasangarriarekin eta erronka demografikoarekin zerikusia duten proiekturik onenak bilatzen ditu. Proiektuak udalerri batean baino gehiagotan egin dituzten erakundeek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, baldin eta lurralde osoak 30:000 biztanle baino gehiago ez baditu.
Proiektuen gaiak ura, hondakinak eta ingurumen-kalitatea; basoen kontserbazioa eta kudeaketa; nekazaritzako elikagaien sektorea; ekonomia eta enplegu berdea edo/eta urdina; energia eta klima-aldaketa; azpiegiturak eta mugikortasuna; eta gizartea, berdintasuna eta parte-hartzea izango dira.
Epaimahaia landa garapenean eta tokiko jasangarritasunean aditua den talde batek osatuko du. Epaimahaiko kide bakoitzak boto bat izango du sari nagusia eta kategoria bakoitzeko bi akzesitak esleitzeko.
Euskal mankomunitateentzako eta udalentzako sariak
Euskadik badaki zer den Conama Sarietan aintzatespenak lortzea. Horrela, Durangoko Udalak akzesit bat jaso zuen 2018ko edizioan, udal eraikinen energia-birgaitzerako eta -eraginkortasunerako bere energia-planarengatik. Adunako Udalak ere akzesit bat du, 2013ko edizioan lortutakoa, hiri-hondakinen kudeaketa arduratsu eta integralarengatik. Zeraingo Udala 2012ko edizioan saritu zuten inguruaren kontserbaziorako eta turismoaren eta ekonomiaren garapenerako plan original batengatik, bere landa-tradizio espezifikoetan teknologia berriak aplikatuz. Txorierriko Mankomunitateak 2011ko lehen saria lortu zuen 5.000 eta 30.000 biztanle arteko kategorian, Argiteria publikoaren Jasangarritasunerako bidea: Telekudeaketa, Enplegu Berdea, Energia-Eraginkortasuna -Aurrezpena proiektuarengatik. 2010eko edizioan, Elgoibarko Udalak akzesit bat jaso zuen Elgoibar Berdea. Ohitura jasangarriagoak sustatzeko ekintza-programa proiektuarengatik. Tolosako Udalari akzesit bat eman zioten 2009an, Tolosa badabil ekimenarengatik.
Azken edizioan, 5.000 biztanletik beherako kategorian, Almocita udalerriak (Almeria) jaso zuen saria, despopulazioari aurre egiteko Almocita, Ecomuseo y Agroecología proiektuarengatik; eta 5.000tik 30.000 biztanlera bitarteko kategorian, berriz, Moañako Kontseiluak (Pontevedra), tokian bertan hondakin organikoak konpostajearen bitartez tratatzeagatik.
Fuente: Ihobe