Euskadik gidatzen duen Regions4 sareak klima-aldaketari aurre egiteko finantziazio gehiago eskatu du Munduko Bankuaren Innovate4Climate biltzarrean
Biltzarra Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en (BEC) egin da, maiatzaren 23tik 25era bitartean, finantzaketari, merkatu eta inbertsioei eta klimaren esparruko merkatuei buruzko irtenbideak eskaintzeko. Bertan izan da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, irekiera instituzionalerako ekitaldian parte hartu duena.
Garapen jasangarriaren aldeko eskualde gobernuen Regions4 sareak saio bat antolatu du toki- eta eskualde-esparruan biodibertsitatearen aldeko ekintzarako eta klima-aldaketarako finantzaketa jorratzeko
Innovate4Climate biltzarraren esparruan, Regions4 sareak Euskadiren gidaritzapean diren 21 herrialdetako 47 eskualde ordezkatzen dituenak, Kataluniako Generalitatearekin lankidetzan, saio paralelo bat antolatu du, toki- eta eskualde-esparruan biodibertsitatearen aldeko ekintzarako eta klima-aldaketarako finantzaketa jorratzeko. Hauxe izan da saioaren izenburua: "Unlocking finance for climate adaptation and biodiversity action at the local and regional level". Mahai-inguruan ondokoek parte hartu dute: Adolfo Uriartek, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak, eta Alexander Botok, Ihobe-Ingurumen kudeaketarako sozietate publikoaren zuzendariak, zeinak moderatzaile-lanak egin baititu..jpg)
Klima-aldaketak eta biodibertsitatearen galerak finantza-aukerak eta erronkak dakartzate, eta horiek jorratzea ezinbestekoa da munduak hartutako konpromisoak eta helburuak betetzen direla bermatzeko.
Eskualdeetako gobernuak, hala bola Regions4 sarean bildutakoak, funtsezkoak dira klima-erresilientziaren aldeko trantsizioa ahalbidetu eta sustatzeko. Tokikoaren eta globalaren arteko solaskideak diren heinean, lurralde-ikuspegi zabalagoak ahalbidetzen dituzten erakundeen arteko lokarria dira, landaren eta hiriaren arteko arrakala estaltzen dutenak. Eskualdeetako gobernuek harreman estua eta eraginkorra dute eragileekin eta herritarrekin; horregatik, posizio paregabea dute irtenbide berritzaileak sustatzeko.
Ekintzarako finantzaketa desblokeatzea funtsezko oztopoa dugu oraindik ere ekosistemen babesa eta klimarekiko erresilientzia bermatzeko. Argi dago gobernu-maila guztietan ekintza bizkorra eta eraldatzailea behar dela. Horretarako, lehentasuna eman behar zaio finantzaketa-aukerak deszentralizatzeari eta eskualde-mailako finantza-tresnak eskuratzeari.
Adolfo Uriarte eta Alexander Botoz gain, Regions4 sareak antolatutako tailerrean honako hauek izan dira: Leo Bejarano, Kataluniako Gobernuko Klima Aldaketaren Bulego Katalaneko arduraduna; Augustin Maria, City Climate Finance Gap Fun World Bankeko ordezkaria; Iñigo López Tapia, Kutxabankeko Kapitalen Merkatuko eta Inbertitzaileekiko Harremaneko arduraduna, eta Carla Orrego, Transformative Finance Manager de la Global Innovation Lab for Climate Change de la CPI (Climate Policy Initiative).
Klima-ekintzarako baliabide gehiago
Herrialdeei eta eskualdeei klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiten laguntzeko funtsezko tresnetako bat klima-finantzak dira, hau da, iturri publiko, pribatu eta alternatiboetatik datorren finantzaketa, hain zuzen ere klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak babesten eta bultzatzen dituztenak. Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ekintzak edo giza sistemen eta sistema ekologikoen kalteberatasuna murrizten eta erresilientzia klimatikoa areagotzen lagunduko duten ekintzak finantzatzeko erabil daiteke.
Gaur egun, klima-finantzaketarako premien eta funtsen arteko arrakala izugarria da oraindik, eta, desoreka hori murrizteko, finantza-tresna eta -mekanismo berritzaile berriak behar dira, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, bereziki toki eta eskualde maila, inbertsio pribatua eta publikoa desblokeatzeko.
Munduko Bankua Taldeak bultzatutako Innovate4Climate biltzarrak 2.000 iritzi-lider, finantza-erakundeetako eta erakunde akademiko berritzaileetako ordezkari, teknikari, ekintzaile eta berrikuntza klimatikoa inbertsio-aukerekin lotzeko interesa duten eragile bildu ditu, elkarrizketarik ekintzara igarotzeko. Bertan, harremanak sortzeko aukera izan dute, hartara, anbizio klimatikoa bultzatzeko, ekintza klimatikoa bizkortuko duten abangoardiako ikuspegiak ezagutzeko eta inbertitzaile, bezero eta bazkide berriak identifikatzeko, hori guztia finantzetan, merkatuetan, politiketan eta teknologian klima-irtenbide berritzaileak erakusteko helburuarekin.
Fuente: Ihobe