- Sostenibilidad local
EVEk eta Ihobek udal-eremutik klimaren eta energiaren trantsizioari aurre egiteko laguntza-programak aurkeztu dizkiete Gipuzkoako udalei
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Ihobe ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak Gipuzkoako udal eta tokiko erakundeei Erreminta-Gida aurkeztu diete, energiaren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren arloko erronkei aurre egiteko laguntza programa. Bilera Donostiako udaletxean ospatu da gaur goizean eta bertan izan dira: EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto, Donostiako alkate Eneko Goia zein Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Urola Kosta eta Urola Erdia eskualdeetako ordezkari instituzionalak eta ingurumen arloko teknikariak.
2030. urterako, tokiko administrazioek hainbat erronka dituzte energia eta jasangarritasunaren arloan, hala nola kontsumoak %35 murriztea edo energia berriztagarriak %32 izatea.
Iñigo Ansola EEEko zuzendariak adierazi duenez, Erreminta-gida programan jasotako laguntzak garrantzitsuak dira tokiko eragileek beren zeregina bete dezaten klimaren eta energiaren krisiari aurre egiteko.
Laguntzen artean, Alexander Boto Ihoberen zuzendariak Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioa nabarmendu du, tokiko administrazioek beren lantalde teknikoak indartu ahal izateko: "Akordio honen bidez, klima-aldaketa eta trantsizio energetikorako hogeita hamar teknikari urtebetez kontratatzea bultzatzen dugu; ekimen honen bidez, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatzen dugu.
Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoek babesa eman diote "19a nonahi dago, seinale bat ote?" kanpainari, hau da, berogailuen gehieneko tenperatura 19ºC-ra mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainari.
Fuente: Ihobe