- Sostenibilidad local
Arratiako Udalen Mankomunitatearen azterlana gaikako bilketaren tasak optimizatzeko
Arratiako Udalen Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko azterlana egin du, indarrean dagoen araudiak ezarritako gaikako bilketaren tasak optimizatzeko eta 2030erako helburuak betetzeko.
Azterlan horretan proposatzen den eredua lurpeko edukiontziak kentzean oinarritzen da, eta, horien ordez, alboko karga duten azalerako edukiontziak jartzea, giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko eta gaikako beste bilketak handitzeko.
Bestalde, dokumentuak edukiontzien uharteak sortzea ezartzen du, bertan 5 edukiontzi nagusiak jarriz: organikoa, papera/kartoia, ontziak, beira eta errefusa, hiriguneetan zein landa-eremuetan. Horrela, edozein hondakin mota edukiontzira botatzean erosotasuna lortu nahi da, eta errefusa baino biltzen ez den puntuak kenduko dira, landa-eremuak, besteak beste.
Neurri multzo horren barruan, Arratiako Udalen Mankomunitateak hondakinen zatiki organikoaren gaikako bilketa hobetzearen aldeko apustua egin du, funtsezko faktore gisa. Ildo horretan, gogorarazi behar da materia organikoa hondakin guztien % 40 baino gehiago dela, gaur egun Arratian biltzen den % 2aren aldean; horrek esan gura du, edukiontzi grisean utzitako materia organikoaren ehuneko handi bat Zabalgarbiko erraustegiaren balorizazio energetikoaren prozesura bideratzen dela zuzenean. Horrek eragin ekonomikoa ere badu, edukiontzi marroian bildutakoaren tratamenduak tona bakoitzeko 58,66 balio duelako, edukiontzi grisean utzitako hondakinen kudeaketak tona bakoitzeko 103,26 /tona balio duen bitartean.
Hondakinen arloko legeria gero eta jasangarriagoa den eredurantz doa, guztien parte-hartze barik lortu ezin izango diren helburuak ezarriz.
Estatuko legeriak aurreikusten duenez, 2030erako hondakinen % 60a berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatuta egongo da. Bai Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala, bai Bizkaikoa, haratago doaz 2030erako; izan ere, helburu horiek lortzeko, gaikako bilketaren tasa handiagoa izan beharko da, % 80-85era iritsiz. Horren arrazoia, gaika biltzen denaren parte bat ezin dela berrerabili edo birziklatu da (hondakin desegokiak).
Beste erronka handi bat hondakin gutxiago sortzea da, 2030erako % 15 gutxiago. Energiaren ikuspuntutik balorizatu ahal izango diren kantitateak (errausketa) eta zabortegietara bota ahal izango direnak ere mugatzen dira, % 15a gainditu barik.
Mankomunitateak egindako azterlanaren arabera, erronka berri horien aurrean Arratian dagoen egoerak helburu horiek lortzeko ahalegina egitera behartzen du, gaur egun ez delako gaikako bilketaren % 28ra iristen. Arratiako hondakinen % 72 Zabalgarbira joaten dira zuzenean, errausketara. Hau da, errefusaren zatikian (edukiontzi grisa) uzten diren guztiak.
Fuente: Ihobe