Pasar al contenido principal
21 may 2020
  • Biodiversidad
  • Corporativo

Euskal lurraldearen % 23 oraingoaren moduko pandemiak etorkizunean babesteko lagungarriak diren naturagune babestuak dira

Euskal lurraldearen % 23 oraingoaren moduko pandemiak etorkizunean babesteko lagungarriak diren naturagune babestuak dira

Natura 2000 Sarearen Europako Egunarekin eta Biodibertsitateren Munduko Egunarekin bat etorriz, hurrenez hurren maiatzaren 21 eta 22an ospatzen baitira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak nabarmendu nahi izan du ekosistema osasuntsuak izateak duen garrantzia, ahal den neurrian Covid-19aren moduko pandemiak prebenitzeko. Euskadiko lurraldearen % 23 babes forma baten esparruan dago sartuta, batez ere Natura 2000 Sarearen babespean -berau interes bereziko naturaguneak babesteko europar programa garrantzitsuena da-.

Izan ere, komunitate zientifiko eta akademikoaren aldetik hainbatek eta hainbatek aipatu dute klima-krisiak eta biodibertsitatearen azken hamarkadetako galerak lotura estua dutela pandemiaren agerraldiarekin. Horiekin batera, baso-soiltzeak, lurzoruaren erabileren aldaketak edo basa-bizitzaren merkataritza ilegalaren hazkundeak erraztu egin dute gaixotasun infekziosoak animaliengandik gizakiengana gehiago transmititzea. NBIP - Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera, gizakien artean gaixotasun infekzioso berri bat agertzen da 4 hiletik behin, eta gaixotasun horien % 75 animaliengandik dator.

Komunitate zientifikoak ohartarazi duenez, biodibertsitatearen galera, klima-krisia eta Covid-19aren moduko gaixotasun berrien agerpena estu lotuta daude

Biodibertsitatearen Munduko Eguna "Gure irtenbideak naturan daude" lemapean ospatzen da aurten, eta Euskadi eskualde aurreratuetako bat da ekosistemak eta habitat naturalak leheneratzeko xedez naturan oinarritzen diren irtenbideen esplorazioan, eta baita lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko lanean ere. Horren adibide bat Life IP Urban Klima 2050 europar proiektua da, 40 ekintza aurreikusten baititu ibai-arroetan, kostaldean eta hirien ingurumarietan; edo euskal udalerriei laguntzeko Berringurumena programa, Udalsarea 2030 - Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak bultzatua.

Gainera, 2016az geroztik, Euskadik Biodibertsitateari buruzko Estrategia bat du aurreneko aldiz, 2030. urtea horizontetzat hartuta; estrategia horrek lehenesten ditu ekosistemen leheneratze eta babesa, ezagutzaren eta naturaren kulturaren sustapena, Natura 2000 Sarearen aldeko bultzada eta natura-ondarearen kudeaketa efizienteagoa. Bide-orri bat da, helburutzat duena natura-ingurunearen babes egoera hobetzea, haren narriadura eragotziz eragile guztien erantzunkidetasunaren bitartez, eta zerbitzu ekosistemikoek pertsonen ongizaterako duten aberastasunaren balioa nabarmenduz.

Euskadik biodibertsitateari buruzko estrategia bat du aurreneko aldiz; 2016an onartu zen, eta beraren ardatzak dira ekosistemak leheneratzea, naturaren ezagutza eta Natura 2000 Sarearen aldeko bultzada

2020. urtea oso urte garrantzitsua da biodibertsitaterako; izan ere, bukaera ematen dio alor horretako nazioarteko politiken hamarkada bati eta hasiera ematen dio berri bati. Honen esparru nagusia Nazi Batuen Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmenaren Alderdien 15. Konferentzia (DBK) izango da; aurreikusita dago berau Kunmingen (Txina) egitea, seguruenik 2021eko hasieran, helmuga global nagusiak adostea xedetzat hartuta. Orobat, Europar Batzordeak biodibertsitateari buruzko estrategia handinahi bat onartu du orain dela egun batzuk, datozen hamar urteetarako helburuekin.

Euskadiko 55 harribitxi natural

Euskadiko biodibertsitatearen aberastasunaren arrazoietako bat beraren egoera geografikoa da, zeren klima mediterraneo eta atlantikoaren arteko trantsizio-gune batean baitago, kostalde eta mendiekin. Europar Batasuneko lurraldearen % 1 soilik izan arren, europar intereseko habitaten % 35 inguru hartzen ditu, fauna-espezieen % 21, eta flora-espezieen % 2. Guztira, 2.500 espezie desberdin baino gehiago hartzen ditu. Konparazio gisa, Erresuma Batuak 1.300 espezie ditu, haren azalera askoz ere handiagoa izan arren.

Aberastasun horren froga Natura 2000 Sarearen baitan Euskadin aitortuta dituen 55 harribitxi naturalak dira, horien artean bai Kontserbazio Bereziko Eremuak eta bai Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Bereziak daudela.

Orain dela gutxi egindako azterlan baten arabera, Natura Sarearen espazioek ematen dituzten zerbitzu eta irabazien balio ekonomikoa leku horretan egiten den zuzeneko gastua baino 7 aldiz handiagoa da. Bestela esanda, inbertitutako euro bakoitzeko 7 euro itzultzen dira irabazi moduan, bai hornidura aldetik -baso edo itsasotik erauzten diren produktuen kantitatea eta barietatea- eta bai erregulazio aldetik; izan ere, espazio horiek karbonoa atzitu eta biltegiratzen dute, edateko ura arazten eta hornitzen laguntzen dute, lagungarriak dira lurzoruaren higadura kontrolatzeko, uholdeek eragindako kalteak moteltzen dituzte, airearen kalitatea hobetzen dute eta polinizazioa errazten dute.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

08 jun 2026
  • Comunicación ambiental
  • Corporativo
Las soluciones naturales en la educación ambiental, la medición ambiental e IA, y cómo contar el cambio climático, ejes temáticos de los cursos de verano 2026 de Ihobe
27 mar 2026
  • Corporativo
Ihobe impulsa 639 acciones en municipios y moviliza a más de 2.200 empresas en 2025 para avanzar en la transición energético-climática de Euskadi
09 dic 2025
  • Corporativo
Solicita tu ejemplar del calendario Ihobe 2026
01 jul 2025
  • Corporativo
Ihobe ha actualizado su Plan de Contratación para el segundo semestre de 2025