- Economía circular
- Ecodiseño
Ihobek Euskadin fabrikatutako produktu zirkularren katalogo bat aurkeztu du
Katalogoko produktuetatik ehun baino gehiago Basque Ecodesign Meeting 2020 biltzarraren erakusketa batean ikusi ziren
Katalogoan sartu diren EAEko enpresek fabrikatutako ehun produktu baino gehiago Bilbon 2020ko otsailean egindako Basque Ecodesign Meeting-BEM 2020ren esparruan egindako erakusketan erakutsi ziren. Bertan EAEko enpresetako profesionalak eta ekodiseinuaren arloko adituak bildu ziren.Katalogoa mota horretako lehena da Estatuan, eta banakako fitxa teknikoetan bilduko ditu produktu bakoitzaren ezaugarriak eta alderdi nagusiak, hamar sektoretan banatuta: industria kimikoa; metalaren sektorea; altzariak; automobilgintza; elikadura; ekoizpena eta kontsumoa; makineria; garraioa; elektriko-elektronikoa; eta eraikuntza-materialen sektorea.
Ekodiseinua 10 euskal sektoretan
Euskal industria kimikoak 4.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu, eta nazioartean merkaturatzen diren produktu berritzaileen formulazioan oinarritzen da batik bat. Substantzia kimikoei buruzko Europako ingurumen-erregulazioak motor bat dira substantzia berriztagarriak eta birziklatuak txertatzen ari den euskal industriaren ekodiseinurako, bilgarriak minimizatzen ditu, eta negozio-ereduak aldatzea ere planteatzen du.
Metalaren sektorea EAEko industria-enpleguaren % 34 da. Sektore honek metalezko aleazio guztiak kontsumitzen ditu, material kritikoak izendatutakoak ingurumen-aztarna handia eragiten dute eta eskasak dira munduan; horregatik, aleazioen eta produktuen ekodiseinua, ekoizpen-prozesu eraginkorrak eta txatarren kudeaketa aurreratua heldu beharreko erronkak dira, eta beste sektore batzuen jasangarritasunean eragingo dutenak, hala nola automobilgintzan, berriztagarrietan edo makinerian.
Garraio-materialaren sektoreak automobilgintza gabe EAEko balio erantsi gordinaren % 9 hartzen du, eta trenbideak, itsas garraioa eta aeronautika barnean hartzen dituen sektore horretako kostuen % 59 lehengaiak dira. Industria hasi da joera berriei aurrea hartzen: material jasangarrien eta arinagoen ekodiseinua, produktuen eta osagaien bizitza luzatzea bai eta azpiegituren eta garraiobideen erabilera maximizatzea ere.
Altzarien eta habitataren sektoreak EAEko 5.000 pertsona baino gehiagori ematen die lana, gama eta kalitate handiko produktuak diseinatzen eta fabrikatzen dituztenak. Europa osoko administrazio publikoek egindako erosketetan ingurumen-eskakizun handiak daudenez eta herritarren sentikortasuna gero eta handiagoa denez, material jasangarriak eta birziklagarriak sartzera bultzatzen da euskal sektorea, bai eta produktuak modulatzera eta birmanufakturatzera ere.
Automobilgintza-osagaien euskal sektoreak 300 enpresa eta 41.000 enplegu ditu EAEn, eta lehiakor eta berritzaileenetako bat da. Euskadin, lehengaiak kostuen % 72 dira sektore honetan. Ekoizpen-prozesu efizienteak, arintzea, materialen zikloak ixtea, osagaien bigarren bizitza eta jabetza-eredu berriak dira sektore honetan landu beharreko ekonomia zirkularreko gako-erronkak.
Kontsumo-sektorera zuzendutako produktuak fabrikatzen dituzten industria-sektoreak ehunkietan eta paperezko produktuetan zentratuta daude elikagaiak, altzariak eta eraikuntzako produktuak alde batera utzita. Europako Batzordeak Ehunki Jasangarrien Estrategia bati ekin dio, eta horrek nabarmen aldatuko du joko-esparrua, plastikoekin gertatu zen bezala.
Makineriaren eta ekipamenduen sektoreak Euskadiko balio erantsi gordinaren % 11 hartzen du. Bizi-zikloaren ikuspegia duen eta 4.0 integratzen duen diseinua; teknologia ekoefizienteak; mantentze aurreratua; retrofittinga; birmanufaktura; eta produktua zerbitzu gisa negozio-eredua dira sektorean jorratu beharreko ekonomia zirkularraren erronkak.
Elikagaiak eta edariak merkaturatzeko eta banatzeko Euskadiko jarduerek 50.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte, eta nekazaritzako elikagaien sektoreak 6 milioi tona elikagai inguru kontsumitzen ditu urtean. Europako Batzordeak elikadura-produktuetako bioekonomiaren eta ingurumen-aztarnaren aldeko apustua egin du, eta horrek aukerak sortzen ditu sektorean, hala nola prozesuen ekoefizientzia, azpiproduktuak berrerabiltzea edo bilgarri jasangarri berriak.
Sektore elektriko eta elektronikoak Euskadiko balio erantsi gordinaren % 15 ekartzen dio, eta sektore honetako lehengaiek kostuen % 57 hartzen dute Euskadin. Berriztagarriek eta ekipamendu elektriko-elektronikoek jada bete behar dituzte diseinutik ekin beharreko energia-efizientziako baldintzak, eta Europako Batzordea arau berriak garatzen ari da haien iraunkortasuna sustatzeko: diseinu berriak, 4.0 mantentzeak, birmanufaktura, birziklatze aurreratua eta negozio-ereduen aldaketak.
Azkenik, eraikuntzako materialen sektoreak 100 fabrikatzaile baino gehiago ditu Euskadin; produktibitatean eta jasangarritasunean oinarritutako paradigma-aldaketarekin erantzun du iraganeko geldialdia gainditzeko. Eraikuntzak, alde batetik, gero eta industrialagoak diren prozesuen optimizazioaren eta estandarizazioaren arabera hazteko aukera ematen dion eredu baterantz jo du, eta, bestetik, ekodiseinuaren aldeko apustua egin du, balio handiagoa duten produktuen birziklagarritasuna bermatzeko merkatu globalean merkaturatzeko asmoz.
Bi hamarkada baino gehiago ekodiseinuko ingurumen-iraultzaren buruan
20 urte pasa dira Euskal Autonomia Erkidegoan ekodiseinuko lehen proiektuak gauzatu zirenetik. Denbora horretan, euskal enpresa ugarik txertatu dituzte ingurumen-irizpideak beren produktuen diseinu- eta garapen-fasetik bertatik, eta gaur egun Euskadi erreferentzia-eskualdea da Europako Hegoaldean, batez ere industria-arloan. Estatuari dagokionez, Euskadi da ekodiseinatutako produktuen eta zerbitzuen ekoizpenaren liderra: ekodiseinuan ziurtagiria duten enpresen erdia baino gehiago % 54 euskal enpresak dira. Hala ere, beti dago hobetzeko aukera.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekonomia zirkularrari buruz egindako diagnostikoaren arabera, euskal industrian ekonomia zirkularra hobeto integratzeak lehengaien kontsumoa % 6 murriztuko luke, eta aurrezki ekonomikoa 2.000 milioi eurora arte irits liteke; maila globalean, ekodiseinuak 57.000 milioi -ko sarrera gehigarriak lor ditzake 2030ean industriarentzat, eta 500 -ko aurrezkia urtean etxe bakoitzarentzat, Europako Batzordearen ustez.
Euskadin fabrikatutako produktu zirkularren Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte katalogoaren egileak Eusko Jaurlaritzako Ihobe eta SPRI sozietate publikoak izan dira, honako hauen lankidetzarekin: Habic klusterra, Hegan klusterra, Eraikune, ACICAE, Siderex, MLC ITS Euskadi, Energia Klusterra, Euskadiko Elikaduraren Klusterra, Euskal Itsas Foroa, Kimika, Mafex-Asociación Ferroviaria Española, AFM eta BaskEgur.
Katalogoaren bertsio digitala bizirik dago, eta etengabe eguneratuko da produktu zirkular berriekin. Horretarako, euskal enpresek beren produktuak inprimaki honen bidez sartzea iradoki dezakete.
Fuente: Ihobe