02
jun
2021
- Protección del suelo
Ihobek Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko du, jarduera-programazio bereziarekin
Ekainaren 7an, Ingurumenaren Mundu Eguna baino bi egun geroago, Ihobe sozietate publikoak honako ekitaldi hau egingo du: Ingurumenaren egoera Euskadin: 2030erako Ingurumen-esparru Programa berri baterantz. Webinar formatua duen jardunaldi honetan, Europako etorkizuneko ingurumen-erronka nagusiak, "Euskadiko Ingurumenaren Egoera, 2020" azterlanaren ondoriorik garrantzitsuenak eta 2030erako Ingurumenaren Esparru Programa berria egiteko berrikuntzak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Egitaraua eta inskripzioa.
Egun bat geroago, ekainaren 8an, xedea ozeanoen Mundu Eguna izango da, honako jardunaldi tekniko honekin: Euskal kostaldea gaur, gure etorkizuna definitzeko . Jardunaldi horretan, Euskadiko itsas inguruneari buruzko diagnostikoa aurkeztuko da. Diagnostiko hori Eusko Jaurlaritzak egin du. Egitaraua eta inskripzioa.
Hilaren 9an, Eusko Jaurlaritzaren "Basque Green Deal" estrategiaren barruan, honako topaketa hau gauzatuko da: Basque Ecodesign Centerren erronka berria: Ingurumen aztarna murriztea euskal enpresetan. Bertan, Basque Ecodesign Center, Estatuko ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko aliantza publiko-pribatu garrantzitsuena, osatzen duten hainbat enpresak Euskadiren susperraldirako gako nagusiei buruzko beren ikuspegia partekatuko dute.
Era berean, Basque Ecodesign Center-en 2021-2025 aldirako lankidetza publiko-pribatuko hitzarmen berria sinatuko da, eta "ingurumen-aztarna" ebaluatzeko tresna aurkeztuko da. Tresna horrekin, euskal enpresek beren produktuen eta zerbitzuen ingurumen-inpaktua ebaluatu ahal izango dute ekodiseinu-neurriak aplikatze aldera. Egitaraua eta inskripzioa.
Lurzoruaren txanda ekainaren 11n iritsiko da, honako jardunaldi tekniko honekin: Elkarrekin ahalegintzea, Euskadiko lurzorua babesteko. Webinar horrek lurzoruaren artifizializazio garbiaren kontzeptuari buruzko eztabaida planteatuko du tokiko eragileen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzorua babesteko ikuspegi estrategikoa aurkeztu eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Lurzoruaren aldeko Mundu Aliantza aurkeztu ondorik.
Jardunaldi hau, gainera, European Green Week Europako Aste Berdearen egitarau ofizialean jasotzen den jardueretako bat da. Egitaraua eta inskripzioa.
Horretaz gainera, ekainaren 4tik 6ra, Ihobe sozietate publikoa azoka honetan izango da: Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azoka. Azoka hori Irungo Ficoban egingo da. Sarrera doakoa da eta hemen deskargatu daiteke.
Laburbilduz, ekintza txiki asko gauzatuko dira, Ingurumenaren Mundu Egunari balio handia ematen diotenak.
2021eko Ingurumenaren Mundu Egunak Pakistan du herrialde anfitrioi, eta premiazko ekintzak eskatzen ditu kaltetutako gure ekosistemei bizia berriro emate aldera
Jarduteko arrazoiak ez dira gutxi: adibidez, munduak hiru segundotik behin futbol-zelai baten pareko baso-azalera galtzen du; azken mendean, hezeguneen erdiak suntsitu dira; gure koralezko arrezifeen % 50a dagoeneko galdu dira eta, 2050erako, % 90eraino desager daitezke, baita berotze globala 1,5 ° C igotzera mugatzen bada ere.Ekosistemen galerak karbono-hustutegiak kentzen dizkio planetari, basoak eta zohikaztegiak kasu, eta berotegi-efektuko gasen isurketek gora egiten jarraitzen dute, eta joera horrek, gero eta gehiago, klima-aldaketaren ondorioak larriagotzen ditu. Arazo horien eta beste arazo handi batzuen aurrean, konponbide handiagoak eskatzen baitituzte, 2021. urte honetan, ekainaren 5ean urtero ospatzen den Ingurumenaren Mundu Egunak ekosistemak lehengoratzea du ardatz, "Berriz imajinatu, berreskuratu, lehengoratu" leloarekin.
Egun berean, gainera, Ekosistemen Lehengoratzeari buruzko Nazio Batuen Hamarkada hasten da (2021-2030): milaka milioi hektarea berpizteko misio globala da, basoak, laborantza-eremuak, mendiak eta itsasoa berpiztea xede duena; Hain zuzen ere, klima-aldaketari aurre egiteko eta biodibertsitatearen kolapsoa geldiarazteko plana da.
Hamarkada abian jartze aldera, eta Ingurumenaren Egunaren barruan, Nazio Batuek honako dokumentu hau landu dute: Ekosistemak leheneratzeko eskuliburua, planeta sendatzeko gida praktikoa.
Fuente: Ihobe