Pasar al contenido principal
10 oct 2023
  • Protección del suelo

Aitor Aldasoro: “Inbentariatutako lurzoru kutsatuen %25 baino gehiago segurtasun baldintzetan merkaturatu ditugu”

Aitor Aldasoro: “Inbentariatutako lurzoru kutsatuen %25 baino gehiago segurtasun baldintzetan merkaturatu ditugu”

Euskadiko Lurzoruaren Babeserako SOILUZIOAK Kongresua hasi da astearte honetan, urriaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, 300 aditu baino gehiagorekin

Irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok adierazi duenez, EAEko politika aitzindariari esker, “lurzoruen deskontaminazioan hogeita hamar urte baino gehiagoan egindako lanarekin, kutsatuta egon daitezkeen eta orain arte inbentariatutako kokaguneen %25 baino gehiago merkaturatu ahal izan dira, segurtasun baldintzetan".

Aldasorok, halaber, 2022ko ekainean onartutako Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategia balioetsi du, “lurzoruaren kudeaketa jasangarrirako politika integralaren eredu gisa, baliabide horren osasunean eragina duten politiken koherentzia eta transbertsalitatea bermatzen duena”. Sailburuordeak nabarmendu du garrantzitsua dela inplikatutako eragileen arteko lankidetza 2050erako munduan ezarri den helburua lortzeko: lurzoruaren degradazio garbia zero izatea.

Alberto Santana historialari eta etnografoak eman dio hasiera osoko bilkurari, eta lurraren balio immaterialari buruzko gogoeta egin du. Bere hitzaldian, historialariak Euskadiko lurzoruaren kudeaketaren eredu historikoak eta baliabide horrek Euskal Herriari ematen dion nortasuna errepasatu ditu. “Gure abizenak lurren izenetatik datoz, eta gure lurra babestea gure nortasuna babestea da”, adierazi du Santanak.



Soiluzioak2023-urriak10

Ondoren, Natalia Rodriguez Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko (FAO) ordezkariak Euskadiren lidergoa nabarmendu du lurzoruaren kudeaketari dagokionez, orain arte garatutako ingurumen plangintzari esker, eta mundu osoan lurzorua babesteko garatutako ekimenen errepasoa egin du, baita lurzoruaren babesak Garapen jasangarrirako Helburuei egiten dien ekarpenari buruzkoa ere.

Jardunaldiko lehen mahai inguruak egungo ekimenen ikuspegi orokorra emateko balio izan du, Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategiatik, Lurzoruaren Osasunari buruzko Europako Legera. Common Forum on Contaminated Land in Europe erakundeko idazkari Diermar Müller-Graberrek moderatuta, hainbat administraziotako ordezkariek parte hartu dute mahaian, horien artean Ion Codescu, Europako Batzordekoa; Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia; Esther Goidts, Valoniako Gobernukoa (Belgika); eta Antonio Caballa, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministeriokoa.

Goizeko bigarren zatian, lau mahai paralelo egin dira, hainbat jarduera eremutan lurzorua babesteko erronkei heldu dietenak: Lurzorua babesteko Europako 2030 Estrategia, nekazaritza jasangarria sustatzeko ekimenak, lurralde plangintza eta lurzoruaren okupazioa, edo klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko lurzoruak duen eginkizuna izan dira landutako gaiak.


Landa bisitak proiektu berritzaileetara


Arratsaldean, landa bisitek lurzoruaren babesari lotutako proiektu berritzaileak erakutsiko dituzte

Arratsaldean, SOILUZIOAK 2023 programak aukera emango du lurzoruaren babesarekin lotura duten proiektu berritzaileak bertatik bertara ezagutzeko. Landa bisitek hainbat esperientzia erakutsiko dituzte bertatik bertara: txakolinaren ekoizpena Urdaibaiko Biosfera Erreserban, jasangarritasunaren ikuspegitik; lurraren eta lurraldearen lehengoratzea atzo eta gaur, Bilboko itsasadarrean zehar ontziz egindako bidaia baten bidez; Begoñako hilerria, inspirazio gisa errespetutik abiatuta diseinatutako espazio komun berria; Zorrotzaurre uhartea, hiria eraikitzeko erronka gisa; meatzaritzak moldekatutako lurzorua eta paisaia Zugaztietan (Meatzaldea); eta nekazaritza eta abeltzaintza ulertzeko modu berri bat, abeltzaintzako ustiategi jasangarri batera egindako bisitarekin.

Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Sprilur Euskadiko Lurzoru Industriala Kudeatzeko Sozietate Publikoaren bidez, kongresuak aurrera jarraituko du bihar, urriak 11, baliabide hori babesteko beharrari buruzko eztabaida irekitzeko, giza osasunaren, biodibertsitatearen, klima aldaketaren, elikagaien segurtasunaren eta uraren kalitatearen ikuspegitik, besteak beste.

?Informazio gehiago: www.soiluzioak.eus | prensa@soiluzioak.eus

Fuente: Ihobe

También te puede interesar

25 may 2026
  • Protección del suelo
Ihobe celebra el I Foro Social de Suelo de Euskadi con la participación de medio centenar de especialistas de diversos sectores económicos
04 dic 2025
  • Protección del suelo
Euskadi su suma al Día Mundial del Suelo
17 feb 2025
  • Protección del suelo
Ihobe acoge la reunión anual de la plataforma europea SOILveR
04 dic 2024
  • Protección del suelo
El Día Mundial del Suelo 2024 se celebra en Euskadi con la recuperación de emplazamientos en desuso para la implantación de nuevos proyectos