Pasar al contenido principal
03 dic 2021
  • Ecodiseño

Eusko Jaurlaritzak eskola agenda bat eskaintzen du Garapen Jasangarriko Helburuei buruz gogoeta egiteko

Eusko Jaurlaritzak eskola agenda bat eskaintzen du Garapen Jasangarriko Helburuei buruz gogoeta egiteko

Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 4.000 ikaslek baino gehiagok eskuratu dute eskola agenda

Ekimenak oso harrera ona izan du Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 2. mailetako ikasle eta irakasleen artean. Helburutzat du hezkuntza komunitatera hurbiltzea Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak

Eusko Jaurlaritzaren eskola agendak, Eduardo Galeano kazetari eta idazle uruguaitarraren “jende xume askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake” esaldia goiburu, EAEko ikasleei ohartarazi nahi die presaz heldu behar zaiela klima aldaketari, ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezinei edo gizarte desberdinkeriari, beste erronka batzuen artean. Horretarako, garapen jasangarriko 17 helburuak azaltzen ditu eta horiei guruz gogoeta egiteko baliabideak eta tresnak eskaintzen ditu.

Agendaren hasieran, sarrera txiki batek modu didaktikoan laburbiltzen ditu Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren edukiak eta Garapen Jasangarriko Helburuak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Agenda 2030 hezkuntza programa ere. Azken horren helburua da ikasleak, haien senitartekoak, irakasleak eta ikastetxeetako gainerako langileak jabearaztea hezkuntza ingurunea eraldatu beharraz, jasangarriagoa bihurtuz, egungo ingurumen eta gizarte arazoak identifikatuz eta horiei modu aktiboan aurre eginez. Gaur egun 400dik gora dira programa eraldatzaile horretan parte hartzen duten EAEko ikastetxeak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak kudeatzen dute, Ingurugela zentroen bitartez.

Koadernoaren barruan, hil bakoitzaren hasieran bi GJH aurkezten dira, aipu edo datu jakingarri batekin eta galdera batekin, gero ikasgelan horiek lantzeko. Beste alde batetik, garapen jasangarriarekin zerikusia duten mundu egun guztiak agendan zehar markatuta daude. Gainera, baditu QR kodeak UNESCO Etxearen bideoetarako estekekin, gai bakoitzean sakontzeko, eta beste tresna batzuk; esaterako, atal batean ikasleek zerrendetan jar ditzakete ikastetxean ikusi dituzten filmak, irakurri dituzten liburuak, parte hartu duten ekitaldiak eta abar, eta Garapen Jasangarriko Helburuekin lotu ditzakete.

Azkenik, Ingurugela zentroak eta Ekoetxea aurkezten dira baliabide didaktiko gisa, ikasleek Garapen Jasangarrirako Hezkuntza ezagutzen jarrai dezaten ikasgelatik kanpo.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatu du lehenengo saio hau, elkarlanean jardunez Ingurugela zentroekin eta Ekoetxea Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarearekin —azken hori Ihobe sozietate publikoak kudeatzen du—, eta ondoren hobekuntzarako proposamenak jasoko dira, Eskola Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikastetxe guztietan banatuko den ebaluaziorako galde-sorta baten bitartez, 2022-2023 Eskola Agenda berria prestatzeko.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

23 abr 2026
  • Ecodiseño
Ihobe y EHU impulsan una nueva formación en ecodiseño orientada a la economía circular
21 nov 2025
  • Ecodiseño
El Basque Circular Hub recibe una delegación de Dinamarca interesada en la transición verde de Euskadi
05 nov 2025
  • Economía circular
  • Ecodiseño
Las empresas vascas podrán impulsar su sostenibilidad con talento joven gracias al programa Ekodiseinatuz de Ihobe
20 jun 2025
  • Ecodiseño
El Basque Ecodesign Center recibe el Premio Lurra Bizkaia en la categoría de cambio climático