- Sostenibilidad local
Abian da garapen jasangarrirako tokiko politiken ebaluazio eta jarraipenerako 11. programa
Udalsarea 2030ek tokiko planen ebaluazioa eta jarraipena egiteko laguntza eskaintzea helburu duen eta sareko toki- eta eskualde-erakundeei zuzenduta dagoen laguntza-zerbitzuaren edizio berri bat jarri du abian
11. edizio honen helburua da, alde batetik, garapen jasangarrirako tokiko planak ebaluatzeko lanei jarraipena ematea, eta, bestetik, adierazleak eta berotegi-efektuko gasen (BEG Inbentarioa eta Karbono Aztarna) isuriak kalkulatzea.
Bestalde, aurreko edizioekin alderatuta, berrikuntza batzuk ere jasotzen ditu, hala nola Klima eta Energia Planen ebaluazioaren pilotajea eta Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programa bultzatzea.
Horretarako, programan parte hartzen duten udalerriek eta eskualdetako erakundeek laguntza tekniko espezializatua izango dute, bai lan teknikoak burutzeko (ebaluazioa eta adierazleen eta BEG isurien kalkulua), bai eta komunikazioa bultzatzeko ere.
Programaren hasiera gisa, programan izena eman zuten erakundeek urriaren 27an Donostian aurrez aurre eta urriaren 28an telematikoki egin ziren bi lan saioetan parte hartu zuten.
Lan saio horietan honako hauek aurkeztu ziren:
- 11. Programaren gako nagusiak eta egutegia.
Edizio honen helburuetako bat tokiko eta eskualdeko erakundek egiten duten lanari balioa ematea dela nabarmendu behar da, honetarako, planen ebaluazioaren emaitzak gizarteratzeko, garapen jasangarrirako adierazleak kalkulatzeko eta kontu ematean aurrera egiteko komunikaziorako tresnak eta jarraibideak eskainiz.
Osagarri gisa, Klima eta Energia planen ebaluazioa pilotatuko da. Gainera, erakundeek plan horiei dagokienez dituzten emaitza-beharrak ere identifikatuko dira, e-mugi tresnak plan horien jarraipena egiteko eta emaitzen txostenak lortzeko suposatu dezakeen aukera aztertuz.
- Erosketa eta Kontratazio Berdearen sustapena.
Ihobeko Erosketa eta Kontratazio Berdearen arloarekin lankidetzan eta era koordinatuan, lantalde bat abian jartzea aurreikusten da. Lantalde horretan, udaletako erosketez eta kontratazioez arduratzen diren langileekin eta ingurumen-teknikariekin batera, erakundeek Erosketa eta Kontratazio Berdeari heltzeko dituzten zailtasunak eta beharrak aztertu eta identifikatuko dira. Hortik abiatuta, lantaldeko erakunde bakoitzaren errealitatera egokitutako ibilbide-orri bat definituko da, bertan, Erosketa eta Kontratazio Berdearen arloko helburuak eta egin beharreko urratsak identifikatuko direlarik.
- 2020 urteko BEG Inbentarioa eta Karbono Aztarna tresnen aurkezpena.
Ihobek berotegi-efektuko gasen isuriak kalkulatzeko tresnak eguneratu ditu (BEG Inbentarioa eta Karbono Aztarna). Tresna horiek eskuragarri daude sareko kideentzat, eta udalerriko eta eskualdeko berotegi-efektuko gasen inbentarioak kalkulatzeko aukera ematen dute, baita Udalaren Karbono Aztarna eta eskualdeko erakundearena ere.
- e-mugiko berrikuntzen aurkezpena
Lan saioaren azken zatian e-mugia Udalsarea 2030eko web berrira migratzerakoan egin diren eguneraketa eta berritasun nagusiak aurkeztu ziren, hauek estetikarekin, erabilgarritasunarekin eta e-mugi tresnak eskaintzen dituen funtzionalitate eta txosten berriekin lotura dutelarik.
Fuente: Ihobe