Skip to main content
2026ko abuztuaren 17a
  • Ekodiseinua
  • Ingurumen-komunikazioa

2022ko Ingurumen-Komunikazioaren Eskolak klima-aldaketaren ondorioei buruzko argazki-erakusketa bat ekarriko du Donostiara

2022ko Ingurumen-Komunikazioaren Eskolak klima-aldaketaren ondorioei buruzko argazki-erakusketa bat ekarriko du Donostiara
Doakoa den «Itzulerarik gabeko puntua» erakusketa 20 urtetik gorako lanaren emaitza da. Denbora horretan, egileak klima-aldaketaren ondorioak dokumentatu ditu hamarka herrialdetan. Kontinente guztietara egindako bidaietan egiaztatu ahal izan du, erremediorik jarri ezean, egun ezagutzen dugun planetako bizitza suntsituko dugula.

Erakusketa abuztuaren 22tik irailaren 15era arte bisita daiteke Miramar jauregian

Ingurumen Informazioaren Kazetarien Elkarteak (APIA gaztelaniazko sigletan) eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatzen duten Ingurumen-Komunikazioaren Eskolaren markoan kokatzen da erakusketa. Ekimen horrek laugarren edizioa izango du irailaren 7an eta 8an egingo den Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetan, «Krisi ekologikoa, osasun-krisia» izenburuarekin. 2022ko Ingurumen-Komunikazioaren Eskolan matrikulatzeko epea abian da.

Erakusketa jartzeaz gain, Sergi Reboredok «Eragiten duten irudiak» tailerra zuzenduko du Eskolaren programaren barruan. Ikastaroko online ikasleei zuzenduta dagoen arren, UPV/EHUren Uda Ikastaroko ikasle guztiek doan parte hartu ahal izango dute. Ikastaroko aurrez aurreko ikasleek, ordea, tarte horretan bisitak egingo dituzte tokiko proiektuetara, «Jardunbide onak naturan oinarritutako soluzioetan» izenburupean.

Sergi Reboredo ibilbide profesional luzeko fotokazetari kataluniarra da. Kataluniako Argazkilaritza Ikasketen Institutuan ikasi zuen 1998 eta 2001 bitartean, eta Gijoneko Unibertsitatearen beka bat jaso zuen. Bere ibilbidean sari ugari jaso ditu, besteak beste, Eskubide Zibilen Fundazioaren 2003ko saria, «Giza-eskubideak» III. Argazki-Lehiaketa Nazionalaren lehen saria (Realejos, Tenerife), Toledoko Udalaren Eugenio Rodríguez lehen saria eta Caixa Galicia Fundazioaren Juan Cancelo fotokazetaritzako saria 2007an. Halaber, 2012an Financial Times egunkari ekonomikoak antolatzen duen PICTET sari ospetsurako izendatu zuten, 2015an UNESCOren Humanity Photo Award saria jaso zuen eta 2018an Casa África erakundeak Afrikako hirietan egindako argazki onenaren saria eman zion.

Erakusketak egin ditu Maison de l’UNESCOn (Paris), Museo de Arte Guangdongeko Arte Museoan (Guangzhou, Txina), La Casa Encendidan (Madril), MACBAn, Kowasa Galleryn, SONIMAGen, Perpignanen (Frantzia) eta Bartzelonako Institut Català Internacional per la Paun. 2004n Barcelona 2004 como mentira argitaratu zuen, Manuel Trallero idazlearekin; 2018an, 101 lugares de mundo eta 2019an, Trenes por el mundo.

2022ko Ingurumen-Komunikazioaren Eskola


Ingurumen-Komunikazioaren Eskolaren laugarren edizioan aztertuko dute krisi klimatikoaren, ekosistemen babesaren eta pertsonen osasunaren arteko lotura estua. Oraindik munduari erasaten dion koronabirusaren pandemiak agerian utzi du krisi sanitarioa, hein handi batean, krisi ekologikoaren ondorio dela eta pertsonen osasuna planetaren osasunaren mende dagoela.

Hizlari-taldeko zerrendan lehena APIAren presidente María García de la Fuente da. Irakasleen artean ibilbide luzeko profesionalak nabarmentzen dira, esaterako Ana María Alonso Zarza, Espainiako Geologia eta Meatze Institutuko zuzendaria; Fernando Valladares, CSICeko zientzialaria eta «La salud de la humanidad» YouTubeko kanalaren sortzailea; eta Cristina Monge, analista sonatua eta Zaragozako Unibertsitateko irakaslea.

Era berean, «Umorea, ilustrazioa eta ingurumena. Etorkizuna 10 binetatan» mahai-ingurua antolatu dute. Bertan izango dira El Roto eta Juan López Rico bineta-egileak, Rafa Ruiz El Asombrario / Público aldizkari digitalaren koordinatzailea; Lorena Martínez euskal ilustratzailea eta Elena Rodríguez GJHei buruzko «Implicadas» erakusketaren komisarioa. Arturo Larena (EFE Verde) izango da moderatzailea.

Beste dibulgatzaile batzuek ere hartuko dute parte, adibidez, Julen Rekondok, Gorka Belamendiak eta Eva Caballerok, Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioko zuzendaria. Hain zuzen ere, «Ingurumenaren berri ematea Euskadin» mahai-ingurua egingo dute, Kazetarien Euskal Elkargo eta Elkarteko (AVP-CVP) presidente eta dekano Amaia Goikoetxeak moderatuko duena.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute
2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker
2025eko urriaren 24a
  • Ingurumen-komunikazioa
“Natura bizia” dokumentalak ingurumen komunikazioaren saria jaso du 2025eko Euskal Kazetaritza Sarietan