- Klima aldaketa
Airearen kalitateak bilakaera positiboa du Euskadin, eta hobetu egin dira pandemiaren aurreko NO2 balioak
Airearen kalitatea neurtzeko, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea erabiltzen da, 54 estazio dituena, eta sare horrek Euskadi zortzi neurketa eremutan banatzen du: Enkarterria-Nerbioi Garaia, Nerbioi Beherea, Donostialdea, Ibaizabal, Debagoiena, Kostaldea, Goierri, Arabako Lautada eta EAE-Erribera. Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko 54 estazio horiek analizatzaile automatikoak dituzte nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O3), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa neurtzeko, eta horien datuak etengabe argitaratzen dira Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitateari buruzko informazioaren webgunean.
Emaitzak
Emaitzen balorazioa 2019. eta 2020. urteekin alderatuta eginez, kontuan izan behar da 2020an, Covid-19ak eragindako joan-etorrien murrizketen eta salbuespen egoeraren ondorioz, kutsatzaile guztien airearen kalitate datuek nabarmen egin zutela hobera. 2021ean, ikus daiteke pandemiaren aurreko egoerara itzultzen ari garela pixkanaka, baina beheranzko joerak jarraitzen du.Testuinguru hori kontuan hartuta, airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarritako muga balio guztiak bete dira, honako emaitza hauekin:
- Sufre dioxidoa, SO2
Araudian ordu kontzentrazioetarako ezarritako muga ez da inola ere gainditu. Araudi horren arabera, 350 µg/m3-ko ordu balioa ez da urtean 24 aldiz baino gehiagotan gainditu behar. Eguneroko batezbestekoetarako ezarritako muga balioa ere ez da gainditu. Ordu kontzentrazioetarako bildutako bi erregistrorik altuenak Abantoko estazioan (219 µg/m3) eta Las Carrerasekoan (190 µg/m3) izan dira.
- Nitrogeno dioxidoa, NO2
Urteko batezbesteko altuenak Easo eta Maria Diaz Harokoaren kaleko estazioek izan dituzte, 26 eta 29 µg/m3-ko batezbestekoekin. Maria Diaz Harokoaren kaleko zirkulazio estazioak, 2017an, 40 µg/m3-ko urteko muga balioa gainditu zuen; 2018an, 39 µg/m3-ko batezbestekoa erregistratu zuen; 2019an, 36 µg/m3-koa; 2020an, 26 µg/m3-koa, eta 2021ean, 29 µg/m3-koa.
Oro har, urteko batezbestekoek estazioen %87an egin dute gora, 2020ko batezbestekoekin alderatuta (2020an, COVIDak ekarritako konfinamenduaren eta joan-etorrien debekuaren eraginez jaitsi egin baitziren). 2021ean erregistratutako mailak, dena den, 2019koak baino txikiagoak dira.
- Partikulak (PM10 eta PM2,5)
PM2,5-en (zirkulazioarekin lotuago dagoen kutsatzailea) urteko batezbestekoei dagokienez, neurketen erdiak 2020an erregistratutako balioetan mantendu dira, eta beste erdien urteko batezbestekoak pixka bat handitu dira (1-3 µg/m3-ren artean). Urteko batezbestekoak gutxienez 5.1 eta 4.9 µg/m3-koak izan dira Pagoeta eta Valderejoko landa estazioetan, eta 12 µg/m3-koa, Barakaldo eta Puyoko estazioetan.
- Karbono monoxidoa, CO
- Ozonoa, O3
- Bentzenoa
- Metalak eta bentzo(a)pirenoa
Oro har, 2021ean zehar 4 metaletarako (kadmioa, nikela, beruna eta artsenikoa) eta betzo(a)pirenorako erregistratutako urteko batezbestekoak eta 2019. urtekoak oso antzekoak dira, 2020an maila oso txikiak izan baitziren Covidaren eraginez. Horietatik guztietatik, Erandioko puntuan hauteman dira kadmio, nikel, berun eta bentzo(a)pirenoaren mailarik altuenak. Artsenikoari dagokionez, maila altuagoak hauteman dira Maria Diaz Harokoa kalean dagoen estazioan.
Airearen kalitateari buruzko informazioa biltzen duen aplikazioa
Herritarrek airearen kalitateari buruzko informazioa eskura dezakete, Airea-Euskadiko Airearen Kalitatearen Ebaluazioa aplikazioaren bidez. Aplikazio hori eskuragarri dago IOS eta Android gailuetan deskargatzeko. Mapa bat du, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea osatzen duten 54 estazioen kokapenarekin, eta aukera ematen du estazio bakoitzean erregistratutako airearen kalitate indizea bistaratzeko eta kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lortzeko. Tresnak, gainera, horien bilakaeraren grafiko bat eskaintzen du, azken 48 orduetako eta azken asteko datuekin.
Aplikazio mugikorrak, beraz, berretsi egiten du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunetik (www.ingurumena.eus) ematen den informazioa.
Iturria:Ihobe