- Herritarren ekintza
Arabako Foru Aldundiak, Gamesa Gearbox enpresak, Mater itsasontzi museoak eta Gasteizko LHko Mendizabala zentroak irabazi dituzte Hondakinen Prebentziorako 2025eko Europar Asteko sariak
Arabako Foru Aldundia, Gamesa Gearbox enpresa, Pasaiako MATER itsasontzi museo ekoaktiboa eta Gasteizko Mendizabala LHko Ikastetxe Integratua dira Euskadin Hondakinen Prebentziorako 2025eko Europar Asteko sariak irabazi dituzten ekimenak. Aste hau azaroaren 22tik 30era egin zen Europa osoan.
Lau ekimen hauek hurrenez hurren administrazio publikoaren, enpresaren, gizarte-antolaketaren eta ikastetxearen kategorietan izan dira sarituak eta berrikuntzagatik eta ekonomia zirkularrarekiko konpromisoagatik, ingurumen-sentsibilizazioagatik edo gizarte inklusioagatik nabarmentzen dira. Ekintzen artean daude ehun-hondakinak murriztea eta gailu elektronikoak berrerabiltzea, eta baita itsas hondakinen aurkako borroka eta baliabideen birbanaketa solidarioa ere.
Hondakinen Prebentziorako Europar Astearen hamazazpigarren edizioaren helburua Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen sorrerari eta kudeaketari buruz ohartaraztea izan da, azken urteotan Europar Batasunean hazkunde azkarrena izan duen hondakin-frakzioa delako.
Europa osoan 13.000 ekintza baino gehiago egin dira Aste honen esparruan
Herrialde parte-hartzaileen artean 13.000 jarduera baino gehiago burutu dituzte eta tresna elektriko eta elektronikoak murrizteko, konpontzeko eta berrerabiltzeko ekintzei buruz kontzientziatzeko balio izan dute.
Euskadin, 2025eko edizio honetan, 148 kontzientziazio-ekintza egin dira lurralde osoan, eta horien artean lau proiektu eredugarriak hautatu dira, mota horretako hondakinen jasangarritasuna, murrizketa eta kudeaketa egokia sustatzeko gizarteko hainbat esparrutan duten inpaktuagatik eta originaltasunagatik.
Euskadin saritutako hautagaiak Europako saria jasotzeko lehiatuko dira, kasuan kasuko kategorian, Europar Batasuneko herrialdeetako gainerako sarituekin lehian. 2024. edizioan Bizkaiko Foru Aldundiak Europako sari nagusia lortu zuen "Bizkaia repara" kanpainarekin. Europako sariak banatzeko ekitaldia 2026ko ekainean egingo da.
Hautagai irabazleak
Administrazio publikoen atalean Arabako Foru Aldundiaren hautagaitza izan da irabazlea, "Re-Viste tu Mente" ekimenarekin. Ekimen honek ehun-hondakinen arazoari heltzen dio sentsibilizazio- eta ekintza-estrategia integral baten bidez. Proiektuak hiri mailako esku-hartzea barne hartzen du, erabilitako arroparekin inpaktu handiko instalazio bat eginez gizarte-gogoeta eragiteko, gazteentzako kanpaina digital batekin eta ikastetxeetan josteko tailer ibiltariak antolatuz, adimen-desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzearekin. Proposamena "Re-Viste tu Mente Fest" ekitaldiarekin amaitzen da, sormena eta berrerabilpena ospatzen dituen desfilearekin.
Enpresa eta industrien esparruan, Gamesa Gearbox izan da hautagai irabazlea, hondakinen prebentzioaren hierarkiari eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketa arduratsuari buruzko barneko kontzientziazio-kanpainarekin. Kanpainaren barruko ekintzen artean honako hauek nabarmentzen dira: langileentzako hezkuntza-quiz bat sortzea, Alboan GKEarekin lankidetzan "Mugikorrak Lurraren alde-Móviles por la Tierra" kanpaina solidarioa ezartzea —telefono eta gailu mugikorrak biltzea eta birziklatzea sustatzen duena—, eta Koopera erakundearekin aliantzan, erabiltzen ez diren etxetresna elektriko txikientzako edukiontziak instalatzea, ekonomia zirkularra eta laneratzea sustatuz.
Europar Batasunean hondakin elektrikoak eta elektronikoak dira hazkunderik handieneko hondakin-korrontea
Elkarteen eta GKEen atalean saria MATERentzat izan da, Zero Zabor Uretan 2025 Ekitaldia ekimenagatik, itsas hondakinei buruzko sentsibilizazioan aurrekaririk gabeko irismena lortu duena. Ekimen ibiltaria izan da, euskal kostaldeko 8 portutara iritsi baita, eta 9 udalerritan izan du eragina; horri esker 1.000 ikasle inguruk, 17 merkataritza-elkartek eta 450 saltokik baino gehiagok parte hartu dute hezkuntza-tailerretan, baita 510 gizarte-erakundek ere. "Hondakinik onena sortzen ez dena da" mezua 90.000 pertsonarengana iritsi da, itsaso garbi baten aldeko mugimendu kolektiboa sendotuz.
Ikastetxearen kategorian saria Gasteizko Mendizabala LHko Ikastetxe Integratuak lortu du, "Política activa de reutilización y solidaridad - Berrerabilpenerako eta elkartasunerako politika aktiboa" ekimenarekin. Ikastetxeak altzarien eta ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak birbanatu ditu, botatzea saihestuz eta balio-bizitza luzatuz. Gainera material informatikoa eman die dohaintzan Elkartenet bezalako GKEei, inklusio digitala bultzatuz. Ekintza hauen osagarri, hondakinen kudeaketari buruzko prestakuntza, irakaskuntza-planetako ingurumen-erronkak eta ingurumen-akreditazioa duten tokiko enpresa hornitzaileen aldeko apustua sustatu dituzte.
Zer dira TEEHak?
Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinek (TEEH) sei produktu-kategoria dituzte:
- Tenperatura aldatzeko ekipoak, adibidez, hozkailuak, izozkailuak, aire egokituak.
- Pantailak eta monitoreak, hala nola telebistak, ordenagailu-monitoreak, ordenagailu eramangarriak (100 cm² baino gehiagoko pantailak).
- Lanparak, hodi fluoreszenteak, LED lanparak.
- Ekipo handiak (50 cm baino gehiagokoak), adibidez garbigailuak, labeak eta saltzeko makinak.
- Ekipo txikiak (50 cm baino gutxiagokoak), besteak beste xurgagailuak, mikrouhin-labeak, erremintak, jostailuak.
- Informatika- eta telekomunikazio-ekipo txikiak, hala nola telefono mugikorrak, routerrak, tabletak.
Zer da Hondakinen Prebentziorako Europar Astea?
Hondakinen Prebentziorako Europar Astea Europako Batzordeak bultzatutako ekimena da, eta 30 herrialdetan baino gehiagotan egiten da azaroan. Ekimen honen helburua administrazioetan, enpresetan, ikastetxeetan eta herritarren artean egiten diren ekintza zehatzen bidez hondakinen sorrera murriztearen garrantziari buruz sentsibilizatzea eta ekonomia zirkularra sustatzea da.
Euskadin koordinazioa Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, egiten du. Sozietateak prebentzioa, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko kanpainak eta baliabideak artikulatzen ditu Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planaren barruan.
Iturria:Ihobe