Dokumentazioa
Basque Circular Hub Ihobek — Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak — kudeatzen duen ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen Euskadiko zentroak Basque Green Talent programaren hirugarren deialdia ireki du 2025erako. Langabezian dauden 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen honek ekonomia zirkularraren esparruko praktikak eskaintzen ditu eta trantsizio berdeari lotutako enpleguetan sartzea errazten du.
Programa Novia Salcedo Fundazioarekin lankidetzan garatu da, eta euskal enpresa-sarearen behar gero eta handiagoari erantzuten dio: iraunkortasunean eta ingurumen-kudeaketan gaitutako profilak txertatzea. Helburu hirukoitza du: Euskadiko enpresei laguntzea neutraltasun klimatikorantz aurrera egiten ekonomia zirkularreko proiektuen bidez; hezkuntza arauturako sarbiderik ez duten gazteei arlo horretan prestakuntza ematea; eta ekonomia zirkularrean espezializatutako profesionalen eskaera gero eta handiagoari erantzutea.
Basque Green Talentek prestakuntza teknikoa, enplegurako gaitasunen garapena eta esperientzia praktikoa uztartzen ditu. Hautatutako pertsonek laguntza pertsonalizatua eta tutoretza jasotzen dute prozesu osoan.
Praktiketan hasi aurretik, parte-hartzaileek ekonomia zirkularreko doako prestakuntza jasoko dute. Prestakuntza horrek funtsezko edukiak jorratuko ditu, hala nola deskarbonizazioari aplikatutako ekonomia zirkularra, enpresa-jasangarritasuneko estrategiak, ingurumena kudeatzeko tresnak, bizi-zikloaren analisia (BZA), produktuaren ingurumen-adierazpenak, karbono-aztarna eta tresna espezifikoen erabilera, hala nola SimaPro softwarea. Halaber, erakunde mailan karbono-aztarna neurtzea eta enpresa-ingurune errealetan aplikatzea landuko da.
Programaren azken zati gisa, parte-hartzaileek sei hilabeteko praktika ordainduak egingo dituzte Basque Circular Hub-en, Euskadin erreferentziazkoa den ingurune batean. Ingurune horretan, eskuratutako ezagutzak aplikatu eta ekonomia zirkularreko proiektuetan esperientzia profesionala irabazi ahal izango dute.
Programari buruzko xehetasun gehiago jakin nahi dutenentzat, datorren irailaren 5ean online informazio-saio bat egingo da Zoom bidez, Novia Salcedo Fundazioak antolatuta. "Ezagutu Basque Green Talent: buru iraunkorrentzako informazio-saioa" izenburupean, topaketak programaren helburu, eduki eta aukeren ikuspegi osoa eskainiko du, iraunkortasunaren eremuan enplegua, ekintzailetza eta etorkizun profesionala sustatzera bideratuta.
Datu garrantzitsuak:
Iturria:Ihobe