Dokumentazioa
Basque Circular Hub-ek, Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak, Murriztearren programako 2025eko deialdia jarri du abian Euskadiko ETEei zuzenduta, ingurumenean prestatutako profesional gazteak Euskadiko ETEen eskuetan jartzeko.
Edizio berri honetan, programak ingurumen-metriken kalkulua bultzatuko du, hala nola karbono aztarnarena eta ingurumen-aztarnarena organizazio-ikuspegi batetik, bai eta deskarbonizazio-helburuak jasotzen dituen ekintza-plan baten planteamendua ere.
Murriztearren programak enpresek ingurumen-informazioa jasotzeko daukaten behar gero eta handiagoari erantzuten dio, bai eta industria jasangarri baterako profil kualifikatuak izateko beharrari ere, hala nola bizi-zikloaren ikuspegidun deskarbonizazioarekin lotutakoei.
Programa Euskadiko ETE Zirkularra ekimenari atxikitako bitarteko eragileei eta bere jarduera-esparruko ETEei zuzenduta dago. Bitarteko eragileen lankidetzarekin (klusterrak, elkarteak…), programak gehienez 8 pertsona gazte, Ihobek prestatuak, jarriko ditu enpresen eskura. Pertsona horiek bitarteko eragilearen jarduera-esparruko ETEetan, gehienez ere 10etan, egingo dituzte praktikak.
Programa, batez ere, biologiako, geologiako, kimikako, fisikako, ingeniaritzako, arkitekturako, EAZko, zuzenbideko, ingurumen-zientzietako edo antzeko arloetako unibertsitate-titulazioa edo goi-mailako heziketa-zikloa duten gazteentzat da.
Programak honako hauen finantzaketa dauka: Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarena, eta bere gain hartuko ditu prestakuntza ematearen eta proiektuen tutoretza teknikoaren kostu guztiak; eta Europar Batasunarena Euskadiko 2021-2027 EGF programaren bidez, Novia Salcedo Fundazioak bideratuta.
Praktikak 2025eko urriaren 21ean hasiko dira, eta 6 hilabeteko iraupena izango dute.
Zer eskaintzen du Murriztearren programak
Enpresen izen-ematea
Bere organizazioan praktiketako pertsona bat hartzeko interesa duten enpresek programan parte hartu nahi dutela baieztatu beharko dute ekainaren 20a baino lehen. Horretarako, mezu bat bidali beharko dute basquecircularhub@ihobe.eus helbidera, eta izena emateko formularioa (beteta eta sinatuta) erantsi behar dute.
Izena emateko formularioa eta erantzukizunpeko adierazpena Basque Circular Hub - MURRIZTEARREN 2025 webgunetik jaits daitezke. Gehieneko 10 ETE kopurua osatzeko epea irailaren 1era arte irekita egongo da.
Iturria:Ihobe