Skip to main content
2026ko apirilaren 27a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
  • Ekoberrikuntza

Basque Ecodesign Centerrek kidea berriak integratzeko deialdi bat ireki du, euskal industriak ekonomia zirkularrean duen lidergoa indartzeko

Basque Ecodesign Centerrek kidea berriak integratzeko deialdi bat ireki du, euskal industriak ekonomia zirkularrean duen lidergoa indartzeko

Basque Ecodesign Center (BEdC) ekoberrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren alorreko lankidetza publiko-pribatuaren ekimen garrantzitsuena da Estatu mailan, administrazio publiko bat eta sektore pribatuko enpresak biltzen baititu. Bada, zentro honek enpresa berriak integratzeko deialdi bat ireki du, metodologiak pilotatzeko eta proiektu berritzaileak garatzeko, horien bidez ingurumen-inpaktuak prebenitzeko eta bazkidetutako enpresen lehiakortasuna eta haien balio-katea hobetzeko.

Bazkide izan nahi duten enpresa berriak onartzeko epea maiatzaren 7an amaituko da

2016az geroztik, Basque Ecodesign Centerrek 9 enpresa ditu bazkidetuta: CIE Automotive, EDP, Eroski, Euskaltel, Iberdrola, Ormazabal, Orona, Siemens-Gamesa eta Vicinay Sestao, eta Eusko Jaurlaritzaren SPRI erakundea. 

Esparru horretan, eta bazkidetutako enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioari esker, 125 proiektu eta ingurumen-zaintza estrategikoko 33 txosten garatu dira, eta 75 ETE baino gehiago trakzionatu dira ekoizpen-eredu jasangarriagoetarantz. Gainera, hamar bat gida metodologiko prestatu dira, eta baita web tresnak ere, eta horiek Euskadiko enpresa guztien esku jarri direla, bizi-zikloaren azterketa euren kudeaketan txertatu dezaten.

Ekimen horren arrakastaren ostean, eta enpresen gogobetetasun handia ikusita, Eusko Jaurlaritzak akordioa luzatu nahi du enpresa horiekin eta beste enpresa berri batzuekin, 2021-2025 aldirako. Akordio honek bi helburu nagusi ditu, alegia:

  1. Euskal ehun industrialari transferitu dakiokeen ezagutza sortzea, ekonomia zirkularraren alorrean, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategian lehenetsitako eremuetako berrikuntzaren bitartez.
  2. Balio-katea ekonomia zirkularrago baterantz trakzionatzea (enpresa hornitzaileen sarea).

Akordio honen nobedade nagusia da akordio berri honetan Batzorde Estrategikoa deritzan organo bat sartzen dela. Beraren burua Arantxa Tapia da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburua. Batzorde horren eginkizuna izango da think tank moduan aritzea Euskadiko ekonomia zirkularraren alorrean, erronkak eta beharrak identifikatuz euskal enpresa-ehunarentzat.

Basque Ecodesign Centerren kide gisa integratzeko interesa duten enpresek honako betekizun hauek bete behar dituzte:
  • EAEn sozietate-egoitza bat izatea.
  • Produktu edo zerbitzuen zorro propio bat izatea.
  • Bi ezaugarri hauetako bat izatea, gutxienez:
    • Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiak lehenetsitako balio-kateetan eragina izateko ahalmena izatea, bere erosketa edo produktuen bidez. Horretarako, gutxienez 30 enpresa hornitzaile eta/edo bezero izan behar ditu Euskadin, balio-kate hauetan:
      • Automobilgintza, beste garraiabide batzuk, energia eta beste ekipo elektriko batzuk, nekazaritzako elikagaiak eta bioekonomia, eraikuntza, metalgintza edo makineria.
    • Ingurumen-jasangarritasunean erreferente diren erakundeak, konpromiso argi bat dutenak eta ekonomia zirkularraren alorreko I+G+b-an duten gaitasunagatik aitortuta daudenak. Ezaugarri horiek honen bidez frogatzeko modukoa izan behar dute:
      • Erreferentea: jasangarritasun-indizeetan parte hartzea; hirugarren alderdi batek ebaluatu ditzakeen ingurumen-informazioaren eskemak gidatzea; nazio mailako edo goragoko mailako ingurumen-sariak irabazi izana; edo
      • Konpromisoa: Basque Ecodesign Centerren aurreko akordioetan parte hartu izana; edo ekodiseinuaren kudeaketaren sistema ziurtatu bat izatea, hau da, ISO 14006 edo horren modukoa; edo bizi-zikloari edo ingurumen-aztarnari buruzko azterlanen berri eman izana; edo
      • I+G+b: Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategian lehenetsitako eremuei lotutako negozio-lerro bat izatea (enpresaren osoko fakturazioaren > %10).

Interesatutako enpresak Iñigo Aizpururengana jo dezakete (inigo.aizpura@ihobe.eus; 944230743) –Ihobeko Ekonomia Zirkularraren alorreko teknikaria da-, informazio gehiago eskatzeko. Bazkide izan nahi duten enpresa berriak onartzeko epea 2021eko maiatzaren 7an amaituko da, eta sinadura 2021eko maiatzaren 26an izango da, Donostian.

Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, ekimen honen idazkaritza tekniko gisa aritzen da. Ekimena 2020-2024ko Gobernu Programan eta Euskadiko 2030erako Ekonomia Zirkularraren Estrategian dago jasota, eta nabarmentzekoa da 2030 Agendaren lehentasunen euskal programaren zazpi proiektu enblematikoetako bat dela.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute