Skip to main content
2026ko apirilaren 22a
  • Ekodiseinua

Ekoetxeak Ama Lurraren Egunarekin bat egin du programazio berezi baten bitartez

Ekoetxeak Ama Lurraren Egunarekin bat egin du programazio berezi baten bitartez
Nazio Batuen Batzar Nagusiak Ama Lurraren Nazioarteko Eguna izendatu zuen apirilaren 22a, 2009an onartutako ebazpen baten bitartez. 2022ko Ama Lurraren Eguna da Ekosistemak Berreskuratzeko NBEren Hamarkadaren barruan ospatzen den lehena, izan ere, gure planetaren eta bertako biztanleen osasuna zuzenean ekosistemei lotuta daudela kontuan hartuta, ekimen horren helburua milaka milioi hektarea biziberritzea ahalbidetuko duen misio globalari ekitea da, basoetatik, laborantza-lurretaraino, mendietatik itsasoraino, klima-aldaketa arindu eta biodibertsitatearen kolapsoa geldiarazteko.

Era berean, gaurko egunak gogorarazten digu ekonomia jasangarriago baten aldeko aldaketa egin behar dugula, pertsonen zein planetaren mesedetan, naturarekiko eta lurrarekiko harmonia sustatuz.

Testuinguru honetan, Ekoetxea Txingudik “Plaiaundiko landareak udaberrian” izenburua daraman ibilbide tematikoa antolatu du larunbat honetarako, apirilak 23, 10:00etan hasita. Plaiaundiko Parke Ekologikoan zehar egingo den ibilbide gidatu honetan, ezagutzera emango dituzte loratzeko unerik onenean dauden landareak, parkeko zein inguruneko espezierik adierazgarrienak bereizten irakasteaz gain. Hurrengo egunean, apirilak 24, goizeko 11:00etatik aurrera, “Txingudiko Ihesa” deritzon ihesbidea antolatuko da, eta honetan parte-hartzen dutenek hainbat erronka eta adimen-proba gainditu beharko dituzte amaierako helburua lortzeko: padura salbatuko duen antidotoa aurkitzea. Azkenik, Lurraren Eguneko ospakizunei amaiera emateko, hurrengo larunbatean, apirilak 30, 11:00etan, Gorka Menéndez etnobotanikako adituak “Sendabelarren erabilera tradizionala Euskal Herrian. Etnobotanika eta herri-medikuntza” delako hitzaldia emango du.

Ekoetxea Urdaibaik ere Lurra zaindu beharraz kontzientziatzeko egun honetan parte hartu nahi izan du. Horrela, bihar, larunbata, 17:00etatik aurrera, zentroak ipuin-kontalari baten saioa eta ikus-entzunezko baten proiekzioa tarteko dituen “SOS Amalurra” ikuskizuna eskainiko du. Gainera, egun horretan bertan, 11:00etan, erleen munduari buruzko tailerra antolatuko da, izan ere, intsektu hauek giltzarrizkoak dira ekosistema desberdinetan, loreak dituzten landareak polinizatzeaz arduratzen diren heinean. Bi jarduera hauek Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren sarreran kokatutako zentro honen programazio zabalaren barruan antolatuko dira, baita lore, landare eta zuhaixkekin egindako lorezaintza eta arte tailerrak, erreserban zehar antolatutako ibilbide gidatuak edota zetazeoei buruzko jarduera arrakastatsua ere, 10:00etan.

Azkenik, Ekoetxea Meatzaldean ere hainbat jarduera antolatuko dira asteburu honetan Lurraren Eguna ospatzeko. Horrela, larunbatean, 11:00etatik aurrera, naturako hainbat elementu aprobetxatuko dira irudimena askatu eta lore dotore eta apaingarriak lantzeko. Igandean, gaztetxoak naturaren magiara hurbiltzeko aukera izango da ipuin kontalari baten laguntzaz, haurrak gure Ama Lurrak izaki bizidun guztien artean eragiten duen orekaz jabe daitezen. 12:00etan izango da, Zugaztietako putzuetan zehar antolatuko den ohiko ibilbide gidatua baino ordubete geroago.

Laburbilduz, Ama Lurraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez antolatutako aukerako jarduera-eskaintza zabala, gu guztiok bizi garen planeta honek eskaintzen digun balioa hurbilagotik ezagutzeko.

Jarduerei buruzko informazio guztia eta horietarako izen-emateak ekoetxea.eus webgunean daude eskuragarri.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute
2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker
2025eko ekainaren 20a
  • Ekodiseinua
Basque Ecodesign Centerrek Lurra Bizkaia Saria jaso du klima aldaketaren kategorian
2025eko martxoaren 13a
  • Ekodiseinua
Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera